Zirkua
Jaun-andre eta haurrok, entzun! Ongi etorri hauteskunde urtearen zirkura; aste gutxiren buruan, alderdi politiko guztietako hautagaiak ate joka izango ditugu, bat-batean gure arazo zein eskariekin erabat liluratuta. Super heroien moduan konponbide ederrak eskainiko dizkigute, etorkizun oparo batekin ametsaraziz. Azken urtetan ahaztutako auzoen izenak irakurriko ditugu tituluetan, eta perretxikoen abiaduran haziko dira proiektu urbanistiko zein prentsa oneko politikak. Pailazo, funambulista, nigromante eta akrobata bikainak ikusteko prest?
Dagoeneko badira kanpaina hasi aurretik rolean bete-betean sartuta ikusi ditugun politikariak; hasi dira sekula egingo ez diren (edo prezio altuegi baten truke kostata egingo diren) makro-proiektuak aireratzen, eta Gabonetatik hona ikusi ditugu su artifizialak; denon gustukoak izan ez diren arren, dudarik gabe ikusgarriak. Donostian, Willy Wonkaren txokolatezko unibertsoan murgildu gaitu alkateordeak; Gabonetako argien gastua muga absurduetaraino biderkatzea irrigarri suertatu zitzaion, eta «suizidioak ekiditeko» bidetzat aurkeztu zuen harro. Eta ez dezagun ahaztu urteko nobedadea, noria erraldoia; donostiarrismoaren gozamenerako, Alderdi Eder konkistatu duen bisitari zuri-urdinak 90.000 bidaiari izan ditu bere gurdian jira eta bira. Arrakastarekin liluratuta, udalak noria handiago bat ekartzeko aukera aztertuko du datorren urterako. Beharbada horrenbeste itzulinguru eman osteko zorabioen ondorioz, zirkuko bisitariek zokoratu egin dituzte noriak ekarri dituen buruhausteak; muntaketak 50.000 euroko kostua izan zuen, eta lurrean zein aparkalekuan obra eskatuko duten pitzadurak eragin ditu. Eta ez hori bakarrik; desmuntaketa egiten ari zirela, langileak inolako segurtasun neurririk gabe ari zirela salatu berri du herritar batek (beti aurkituko duzue magia trukua zapuztuko duen norbait zirkuan); ondorioz, lanak bertan behera utzi dituzte. Ikuskizunak jarraitu bitartean, noria burgoiak irribarre okertu batez begiratzen du hiria.
Dantzalekuaren iluntasuna amaitu eta bat-batean argiak pizten dituzten une ikaragarria gogorarazten du hiriak; hobe inguruan ditugun munstroei gertutik ez begiratzea. Noria ez da su artifizialekin hasi eta errautsekin amaitu duten proiektu bakarra; hortxe ditugu Anoeta estadioaren eraldaketa, Topoaren igarobidea egiteko zulatzeak, Zubietako erraustegia, Garbera merkataritza gunearen handitzea, eta Bretxako aldaketak; zeresana eman dute, zalantzarik gabe, baina aurrera doaz, itxurak egitea eta bularra harro ateratzea delako aurten egokitu zaigun antzezlana. Alfonbrapean bestelako hautsak ezkutatzen baditugu ere.
Bitartean, lehentasunak definitzeke gelditu dira; hortxe ditugu Ubikeko langileak greban; bikain prestatutako langile gazteei soldata duin bat ordaintzea ez da horren premiazkoa antza denez. Ez dira egoera horretan dauden bakarrak; soldata prekarioei batzen zaie hirian etxebizitza topatzeko edota betiko dendek lokalen errentak ordaintzeko malabarismoak egin behar dituzten artista gajoak. Ikuskizuna hastera doa; krispetak erosi dituzue?