Zoritxarrez, hemen, torturatu egin da
Ia 35 urte igaro dira Mikel Zabalza desagerrarazi eta hil zutenetik. Zinemaldian estreinatu berri den Non dago Mikel? filmak kasuaren nondik norakoak azaltzen ditu. Baina, tamalez, horrenbeste urteren ostean, tortura bezalako eskubide urraketa larriak jasan zituzten biktimentzat egia eta aitortza aldarrikatu beharrean jarraitzen dugu. Mikelena, ordea, ez da kasu bakana izan. Hemen, torturatu egin da. Eta hiltzeraino, askotan.
Tortura diktadura frankistatik jasotako herentzia maltzurra izan da, eta euskal herritarrok etengabe pairatu izan dugu, edozein zelarik ere Estatuko gobernuaren kolorea. 3 milioi eskas biztanle bizi garen herri txiki honetan, gutxienez, 5.657 tortura kasu egiaztatu dira (Euskal Memoria Fundazioak emandako datua da hori).
Ezin esan horiek kasu solteak izan direnik. Tortura praktika sistematikoa izan da komisaldegietan, eta behar bezala diseinatutako egitura bat izan du sostengu: inkomunikazioa, forentseen, epaileen, komunikabideen edo klase politikoaren ukazioa…
Torturaren biktimek egindako salaketa publiko oro, heriotzak, gorputz kolpatuen argazkiak… ez dira proba nahikoa izan basakeria horri sinesgarritasuna kendu nahi izan diotenentzat. Giza eskubideen urraketa larri bat justifikatu egin da, biktima kriminalizatu eta irainduaz.
Egia behingoz jakiteko ordua heldu da. Indarkeria horren jatorria, ardurak eta zergatiak zein izan diren ezagutzea ezinbestekoa da.
Zentzu horretan, Euskal Herriko erakundeek ardura dute. Neurri zehatzak beharrezkoak dira. Komisaldegietan gertatu diren heriotzak ikertu behar dira. Poliziak eragindako eskubide urraketak ezkutatzeko prestatu zituzten bertsio ofizialak desmuntatu behar dira. Eta torturak Euskal Herrian izan duen dimentsioa argitzeko azterketa gehiago beharrezkoak dira.
Mikel hil zutenetik 35 urte luze joan dira. Gurutze hil zutenetik 27. Eta, zoritxarrez, beste hainbeste aipatu nitzake. Hemen, torturatu egin delako. Egia jakiteko ordua da, behingoz.