2021 Apirileko programazioa
Kresala zineklubak 2021eko Apirilerako prestatu duen egitaraua.
Margolari batek oihal zuri bati aurre egiten dion bezala, guk hilero programazio huts bati aurre egin behar diogu. Filmik, film laburrik, dokumentalik,… gabeko programazio horrek, orro egiten dabil. Proiektuekin elikatzeko garaia iritsi da. Era berean, mihiseak margolariari deika dabil kolorez bete dezan. Hona hemen “Apirileko Programazioa” deituko dugun koadroa margotzeko emango ditugun zertzelada zinematografikoak:
Lehena, Wong Kar-Wai zuzendariaren Chungking Express izango da (apirilak 6an). Oraingoan, Tsimhatsui auzo turistikoan garatzen diren bi maitasun historio independenteren lerroak margotuko ditugu. Ainhoa Marzol izango dugu gonbidatu bezala.
CHUNGKING EXPRESS. Chung Hing sam lam (1994) 103 min. Hong Kong
Zuzendaritza: Wong Kar-Wai
Gidoia: Wong Kar-Wai
Argazkilaritza: Christopher Doyle , Andrew Lau
Músika: Frankie Chan, Roel A. García, Michael Gallasso
Aktoreak: Brigitte Lin, Takeshi Kaneshiro, Tony Leung Chiu-Wai, Faye Wong, Valerie Chow, Chen Jinquan, Vicki Eng, Lynne Langdon.
Drama/Romance.
Sinopsia
Honk Kong-eko Tsimhatsui auzo turistikoan kokatzen diren bi amodiozko istorio. Lehenak, maitasun krisi batean murgilduta dagoen polizia baten eta droga-trafikatzaile den femme fatal misteriotsu baten arteko elkartzea deskribatzen du. Bigarrenak, polizia umil eta bakarti baten eta hau bazkaltzera doan tabernako zerbitzari gaztearen arteko maitasun-harremana.
Hurrengo pintzelada: Sebastian Lifshitz zuzendariaren Una Niña. Apirilak 13an, Truebaren pantaila milaka kolorez margotuko du, Sasharen historia kontatzeko. Dokumental hau, gure bihotzak ukitzeko prest dator.
UNA NIÑA. Petite Fille (2020) 85 min. Frantzia
Zuzendaritza: Sébastian Lifshitz
Gidoia: Sébastian Lifshitz
Argazkilaritza: Paul Guilhaume
Dokumentala
Sinopsia
Sashak 7 urte ditu eta beti jakin izan du neska bat dela, nahiz eta mutil baten gorputzean harrapatuta jaio. Gizarteak porrot egiten du, bere adineko gainerako neskatoak bezala tratatzen ez duelako (eskolan, balleteko klaseetan edo urtebetetze festetan). Bitartean, bere familia ulerkor eta enpatikoak borroka etengabea gidatuko du aurreiritzi sozialen zurruntasun bortitzaren aurrean. Bere ezberdintasuna, mundu guztiak uler eta onar dezan nahiko dute.
Aurreko hilabeteetan bezala, Bagera Zineforum ere izango dugu. Apirilak 14an, Lugaritz Kulturr Etxean bilduko gara Ez. Eskerrik asko! Gladysen lehioa dokumentala ikusteko. Saioa jatorrizko bertsioan izango da, euskarazko azpitituluekin.
Ez, Eskerrik asko! Gladysen leihoa (2019) 66 min. Euskadi
Zuzendaritza: Bertha Gaztelumendi
Gidoia: Sabino Ormazabal
Musika: Dani Venegas
Dokumentala.
Sinopsia
80ko hamarkada hasieran mugimendu antinuklearra puri-purian zegoen nazioartean, eta baita Euskal Herrian ere. Kostaldean eraikitzear ziren hiru zentralez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat egiteko asmoa zegoen. Horren aurka protestatzeko, mobilizazioak antolatu ziren Tuteran. Gladys del Estal Ferreño Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Manifestazio baketsu hartan, Guardia Zibil baten tiroak hil zuen. Film honek, Gladysen gertakariaren harira, garaiko gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du.
Azken pintzelada, baina ez garrantzi gutxienekoa. Donostiako Giza Eskubideen Jaialdiarekin elkarlanean, margolan handia margotzen amaituko dugu. Apirilak 20an, Suk Suk filma ikusteko aukera izango dugu. Bitxi txiki bat, pantaila handia kolore berriekin margotuko duena.
SUK SUK (2019) 110 min. Hong Kong
Zuzendaritza: Ray Yeung
Gidoia: Ray Yeung
Musika: Veronica Lee
Argazkigintza: Leung Ming-Kai
Aktoreak: Tai Bo, Ben Yuen, Patra Au Ga Man, Lo Chun-Yip, Kong To, Lam Yiu-Sing, Hiu Yee Wong, Yixin Hu, Lau Ting Kwan, Wai-Keung Chu
Drama.
Sinopsia.
70 urteko taxilari bat, emaztearekin bizi da. Haien semea pozik bizi da ezkonduta, badu haur jaioberri bat, eta haren alaba haurdun dago, ezkontzekotan. Hoi bere seme erlijiozale kristauarekin eta haren familiarekin bizi da, emaztearengandik banandu berri baita. Bi gizonak Hong Kongeko kaleetan topo egingo dute. Park eta Hoi maitemindu egingo dira, eta posible ikusiko dute etorkizunean elkarrekin egotea.
Saio bakoitzaren ordutegiak astez aste iragarriko ditugu. Informazio gehiago, gure sare sozialetan eta webgunean. Zuen zain izango gara!