BEI autobus lineari zerbitzua emango dion aparkalekua elektrifikatzeko lanak lizitatu ditu Dbus-ek
Dbusek Kotxetegietako kanpoko aparkalekua elektrifikatzeko azpiegiturarekin lotutako lanak eraikitzeko eta abian jartzeko lizitazio plegua argitaratu du. Aparkalekua eraikin nagusiaren ondoan dago eta BEI (Bus Elektriko Adimenduna) autobus linea berriari zerbitzua emango dio. 17-Gros-Amara-Miramon linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, beharrezkoa da kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratu zena, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitzea, linearako aurreikusita dauden bederatzi ibilgailuak […]
Dbusek Kotxetegietako kanpoko aparkalekua elektrifikatzeko azpiegiturarekin lotutako lanak eraikitzeko eta abian jartzeko lizitazio plegua argitaratu du. Aparkalekua eraikin nagusiaren ondoan dago eta BEI (Bus Elektriko Adimenduna) autobus linea berriari zerbitzua emango dio.
17-Gros-Amara-Miramon linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, beharrezkoa da kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratu zena, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitzea, linearako aurreikusita dauden bederatzi ibilgailuak kargatzea ahalbidetuko duten karga estazioak izateko.
Azpiegituraren barruan instalazio elektriko osoa (hartunea, tentsio ertaina eta behe tentsioa), datuen sarearen azpiegitura, beharrezko egitura metalikoa, baterien karga eta suteen aurkako babesaren instalazioa sartzen dira. Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (FEDER) kofinantzatuko da, FEDER 2021-2027 Euskadiko Programaren esparruan.
Hain zuzen ere, 2024aren amaieran amaitu ziren Kotxetegietako barneko eta goiko aparkalekuko azpiegitura elektrikoa elektrifikatzeko lanak, eta eraikineko 119 aparkalekuak (barrukoak eta kanpokoak) karga azpiegiturarekin hornituta geratu ziren. Era berean, 22 karga puntu instalatu ziren, eta 60 pantografo alderantzikaturi eusteko egitura metaliko bat ere bai.
Kotxetegietako aparkaleku berria elektrifikatuta, Kotxetegietako instalazio guztiak ibilgailu elektrikoak kargatzeko egokituta egongo dira, 2030erako flota %100 elektrikoa izateko Dbusek duen helburuarekin lerrokatuta.
Epeak eta egin beharreko lanak
Obra gauzatzeko gehieneko epea 200 egun baliodunekoa izango da guztira, eta baldintza izango da hirigintza planeamenduko tresnak onartzea eta ondoren dagozkion hirigintza lizentziak lortzea. Lizitazioaren oinarriko aurrekontua 4.931.623,59 eurokoa da (BEZa sartu gabe)
BEI sistema 17 linea osoan
Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimendunaren Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoaren linea Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.
BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiri jasangarriago bat, kerik gabeko eta kutsadura maila baxuko hiri bat egiten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileek bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.
Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da, diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.
Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak dituzten geltokiek ere totem identifikatzailea izango dute, baita pantaila digitala ere.
Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira. Era berean, BEI linea berria abian jarrita, urtean 239.528 litro gasolio kontsumitzea eta 645 Tn CO2 gutxiago isurtzea aurreikusten da.
Erakundeen arteko hitzarmena
2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, FEDER 2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du. Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a jarriko du, hau da, 9 milioi euro.