Nor gara

 

IRUTXULOKO HITZA Donostiako tokiko hedabidea da. Proiektu honek 19 urte ditu, eta jatorria Irutxulo aldizkarian du. Irutxulo 1994. urtean sortu zuten Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kideek, Donostian euskarazko tokiko hedabide baten beharra ikusita. Urte batzuk geroago, 2005ean, Berria Taldearen Hitza proiektuarekin bat egin zuten, eta horrela sortu zen IRUTXULOKO HITZA. Bageraz eta Berria-z gain, Donostiako beste 40 elkarte, eskola eta eragilek ere parte hartu zuten eraketa honetan.

Donostiari begira sortu ginen, hazi gara eta begirada berbera mantenduko dugu aurrerantzean ere. Hiria talaiatik begiratzea baino nahiago dugu auzorik auzo eta kalerik kale ibiltzea. Bertatik bertara gertatzen dena jaso eta kontatu nahi dizugu, tokiko hedabidea garelako. Horra zer den gure Donostia! Donostia den horretan kontatu nahi dizuegulako.

Gaur egun, proiektu komunikatibo hau hamar langilek osatzen dute, eta 20.000 irakurlerengana iristen da. Ostiralero 32 orrialdeko astekaria argitaratzen da, batzuetan 40koa ere, eta egunero webgunea elikatzen da: astekarian erreportaje, elkarrizketa eta artikulu sakonagoak lantzen diren bitartean, webgunean eguneroko albisteak argitaratzen dira. Gainera, era ezberdinetako gehigarriak ere argitaratzen dira, besteak beste: arraun gida, Aste Nagusiko gehigarria, San Sebastianetako gida, mahai egutegia…

Proiektu honek Donostiako euskararen normalizazioan eragiten du; hirian euskaraz bizi ahal izateko aukera ematen du, tokiko albisteak gure hizkuntzan irakurtzeko aukera emanez. Horretaz gain, beste esparru batzuetan lekurik ez duten protagonista eta gaiek IRUTXULOKO HITZAn tokia dute: hiriko norbanako, elkarte edo eragileentzat plaza edo bozgorailu bat da eta.

Ikusi dugun bezala, proiektu hau hasieratik herri ekimenetik sortu zen, eta horrela izaten jarraitzen du; hiriko hainbat eragilek, norbanakok, irakurlek, eta abarrek osatzen baitute IRUTXULOKO HITZAren komunitatea. Gainera esan beharra dago, taldea gero eta handiagoa dela, gero eta jende gehiago batzen baita proiektu honen alde lan egitera. Beraz, animatu zaitez zu ere talde honen parte izatera, HITZAkide izatera.