Langabezia, berriro, gorantz
Altzan bizi den emakumezko zerbitzari gaztea da Donostiako langabetuaren profila
Berri onek ez dute gehiegi iraun. Urtea datu baikorrekin hasi zen, baina urtarrileko asteak amaitzearekin batera, emaitza txarrak itzuli dira. Hala diote Espainiako Enplegu Publiko Zerbitzuaren Lan Behatokiak joan den ostiralean ezagutarazitako datuek. Izan ere, 436 donostiar lan gabe geratu baitziren azken hilabetean. Gorakada nabarmena, beraz. Hori horrela, urtarrilekoa azken urteetako daturik txarrena da, guztira, 9.893 donostiar baitabil lana aurkitu nahian. Zorigaiztoko errekorra; baina, joerek bere horretan jarraituz gero, okerragoak etorriko dira datozen asteetan. 10.000 zifra gero eta gertuago dago eta, tamalez, gainditua izango dela dirudi.
Joera orokorra izan da igoerarena eta datu txarrenen artean dago EAEkoa. Gipuzkoan, esaterako, %5,1eko hazkundea izan du, 2.023 lagunek lanpostua galdu ostean; eta orotara, 41.400 langabe daude. Lan kontuetan hilabete txarra izan dela uka ezin bada ere, krisia hasi zenetik urtarrilik onena izan da. 2009an 560 izan ziren urte aldaketak ekarritako langabeak; iaz, aldiz, 645 donostiar gehitu ziren ilaretara, Eguberritako kontratazioak amaitzean. Aurten gutxiago hazi arren, gogoan izan behar da egungo egoera aurreko urteetakoa baino latzagoa dela. Horren erakusgarri, azken hiru urteetan hiriko langabe kopuruak jasan duen %27ko igoera. 2009ko otsaila 7.778 langaberekin hasi zen, aurtengo urtarrilaren 31n zeudenak baino 2.115 gutxiago. Orain 12 hilabetekoekin alderatuta, berriz, 294 laguneko aldea dago.
Aldeak auzo batetik bestera
Datuak auzoz auzo begiratuz gero, aldaketa gutxi. Kaltetuenak auzo populatuenak dira, hau da, mila langabetik gora dituzten Altza, Intxaurrondo, Amara Berri eta Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo. Joera orokorrik ez dago, auzo batzuetan lan bila dabiltzanen kopurua hazi egin baita eta beste batzuetan, murriztu. Grafikoan ikus daitekeen bezala, iaztik hona, egoera hobetu duten bakarrak, Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo, Miramon-Aiete eta Altzako biztanleak dira. Parte Zaharrak, aldiz, zenbatekoa errepikatu du. Hala ere, 12 hilabete atzerago joanez, eta azken bi urteetako bilakaerari erreparatuz gero, hiriko auzo guztietan langabe gehiago daude.
Emakumea eta gaztea
Guzti horien atzean dauden pertsonei dagokienez, berriro ere, emakumeak dira kaltetuenak. Urtarrilean zenbatutako 9.893 langabeetatik 5.202 emakumeak dira, %52,58. Gizonezkoen kopurua beherago mantentzen da, hilabetez hilabete, langabe berrien gehiengo emakumezkoa baita. Oraingoan, lan eske joandako 3 lagunetatik 2 emakumezkoak dira. Adinari dagokionez, talde kaltetuena 25 eta 44 urte artekoa da, ohikoa den bezala. Egun, 5.139 pertsona daude langabezian adin tarte honetan. 25 urtetik behera, aldiz, 613; eta 45 urtetik gora 4.141. Hala ere, emakumeen kasuari erreparatuz gero, 45 urtetik gorakoen kopurua 25-45 urte artekoenen zenbatekotik gero eta gertuago dago. Hurrenez hurren, 2.368 eta 2.576 emakume daude tarte bakoitzean.
Industria, beherantz
Bilatzen den lan motari dagokionez ere, berritasun gutxi. Kalean gelditu direnen gehienak zerbitzuen alorrean bilatzen du eginbeharra. Izan ere, azken hilabetean kale gorrian gelditutakoen 436 lagunetatik 393 bertan aritu baitira. Industriak motel eta gutxika-gutxika datu positiboak izaten jarraitzen du. Sei lagun besterik izan ez badira ere, horiek, lana aurkitu dute. Gainontzekoetan gora egin dute langabeek. Aurretik lanik ez zuten 40 donostiar batu dira ilaretara, eraikuntzako 6, eta lehen sektoreko 2ekin batera.