"Ez genuen uste Etxegintzatik hiru mila lagun pasako zirenik"
Egoerak gainezka egin diela onartu du Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak. Urtarrilaren 24an iragarri zuen Letamendiak babestutako 428 etxebizitzen zozketan izena emateko epea atzo amaitzen zela, eta, harrez gero, etengabekoa izan da Etxegintzako bulegoetan herritarren sartu-irtena. Azken egunetan, gainera, ilara luzeak sortu dira Mandasko Dukearen kalean.
«Ez genuen uste Etxegintzatik hiru mila lagun pasako zirenik», adierazi du Letamendiak. Udal enpresak zerrendak urte osoan irekita dituen arren, zozketaren deiarekin bat jende andana hurbildu da Etxegintzako bulegoetara, lehenengoz izena ematera edota datuak eguneratzera. Eskatzaile berrien artean, 1.500 zenbatu dituzte eta beste horrenbeste datuak berritzera.
Web ataria berrituko dute
Informazio bila 600 bat lagunek jo dute web atarira. Errenta paperak eta bestelako agiriak erakusteko, ordea, beharrezkoa da bulegoetara jotzea. Web ataria, gainera, Donostiako Udalak duen atariaren baitan kontsultatu behar da. Letamendiak agindu duenez, webgunea berrituko dute egun dituen mugak gainditzeko.
Egunotan, bildutako eskaera guztiak aztertu eta zerrendak osatzea izango da, orain, Etxegintzako langileen ardura. Eskaera kopurua handia izan den arren, zozketa martxoa amaieran egiteko aurreikuspena mantenduko dutela zehaztu du Letamendiak.
Arrazoiak
Duela bi urte egin zuten azken zozketan halako egoerarik ez zutela bizi zehaztu du zinegotziak. Krisi ekonomikoak, baina, eragin zuzena izan duela uste du Letamendiak. «Etxebizitza eta lana lortzeko zailtasunak eskaera egiteko premia handitu du». Horrekin batera, pil-pilean den Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Legeak ere herritarren interesa piztu duela gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzarekin, hain justu, zerrendak bateratzeko lanean hasiko direla azaldu du Hirigintza zinegotziak. Etxegintza udal enpresak zortzi mila lagunek osatutako zerrenda du. Jaurlaritzaren Etxebidek ere beste horrenbestekoa du. Datorren astetik aurrera bi zerrendak uztartzeko elkartuko dira bi erakundeak. Aurreko Jaurlaritzako kideekin ere saiakerak egin zituzten, baina ez zuten adostasunik lortu.
Morlanseko 70 etxebizitzarentzat kreditu bila
Udalak bigarren etxebizitza zozketa bat egin nahi du aurten. Orduan, 210 etxe banatzea aurreikusi du: 100, Errotaburun; 40, Aldunaenen; eta 70, Morlansen.
Alokairuzko azken etxebizitza hauek eraikitzen jarraitzeko 5,8 milioi euroko kreditua eskatzeko lehiaketa abian jarri du Etxegintzak. Banketxe eta aurrezki kutxek kredituak emateko jartzen dituzten zailtasunen aurrean, hogei egunotan eskaerarik jaso ezean, irtenbiderik badutela dio Letamendiak.
Lau mila etxebizitza hutsik daudela kalkulatu dute
Hutsik dauden etxeekin amaitzea da Kepasakonlakasa elkartearen erronka nagusietako bat. Etxebizitza poltsa handia dela nabarmendu dute, Donostian bakarrik lau mila bizileku hutsik daudela kalkulatu baitute, «erdia armiarma sareak kendu eta sartzeko prest» daudela adierazi du Jugen Wolff elkarteko kideak.
Aurrezki kutxa, banketxe nahiz beste erakunde publiko batzuen esku 500 etxe huts daudela bermatu dute Kepasakonlakasakoek. Alegia, martxoaren amaieran Udalak zozketatuko duen kopuruaren parekoa. «Kutxak, hormak bakarrik falta dituen etxea du Loiolako Erriberan, erosle izan litekeen batekin jo genuen aurrezki kutxara eta prezioak noiz igoko zain dago Kutxa». Elkarteko kideek, hala ere, Kutxaz gain, beste zenbait erakunde ofizialek ere jabe premian den bizileku ugari dituztela argitu dute.
Lehiaketa
Etxebizitzen prezioa jaisteko neurriak hartzea beharrezkoa dela uste dutelako, bi lehiaketa proposatu dituzte etxebizitza eskubidea aldarrikatzen duen taldeko kideek. Lehenengoarekin, etxebizitza sustatzaile, banku eta hamar etxebizitza baino gehiago erabili gabe dituzten jabeengana jo nahi dute. Hutsik dituzten etxebizitzak Etxegintza bezalako erakunde publikoari saltzen dizkion lehenengoak «Berlinera bidaia eta alemaniera ikastaroa ordainduko» dietela agindu dute etxebizitza eskubidea bermatzearen aldekoek.
Wolffek argi adierazi duen bezala, ez dute etxea bilobarentzat gorde nahi duen herritarraren aurka egin nahi, hainbat bizileku dituen jabearen kontra baizik. Horregatik, gainontzeko herritarren laguntza eskatu dute Kepasakonlakasakoek, erabili gabeko hamar etxebizitzatik gorako multzoen berri emateko. amasapisos@gmail.com helbidean jasotako zerrendarekin errolda publikoa osatuko dute.
Datu pilaketa horrekin Kepasakonlakasa elkartearen aldarrikapenek indar handiagoa hartuko dutela uste dute. Udal taldeei egingo dizkieten proposamenen artean, etxebizitza sustatzeko aurrekontua handitzea, geldirik dauden obren baimenak ez luzatzea edota amaitu gabeko eraikinei erabilera publikoa ematea daude.
Beste lekuetan baino hobeto
Udala babestutako etxebizitza sustatzeko egiten ari den lana, dena den, Gipuzkoako beste hiri eta herri batzuetan baino hobeto ari direla onartu du Jurgen Wolffek. Babestuaren alde ez ezik alokairuaren alde ere egiten duela aipatu du. Hala ere, legez kanpoko baimenei aurre egiteko eta bukatu gabeko eraikinik egon ez dadin, Udalak indar handiagoa egin behar duela zehaztu du. «Asmo onak bai, baina eraikitako etxebizitza kopurua horren ona ez» dela gaineratu du Kepasakonlakasa elkarteko kideak.