Martxoan iritsiko da dFeria hiriko antzokietara
dFeria jaialdia.
Iaz desagertzeko zorian izan zen dFeria, hiriko arte eszenikoen jaialdia. Bertako konpainien sorkuntza lanen erakusleiho bihurtu zen, behin behinekoz, nazioarteko ikuskizunak baztertu behar izan zituen eta. Aurten ere, euskal antzerki eta dantza taldeen lanak izango dira protagonista egitarauan, baina beste herrialdetako obrek ere lekua izango dute martxoaren 14a eta 17a bitartean egingo dute nekitaldian: «Urte beteko gogoetaren fruitua da aurtengo ekitaldia. Euskadiko arte eszenikoen konpainia esanguratsuenekin eta Eskenarekin egindako hausnarketa bateratua izan da», azaldu du Norka Chiapuso zuzendariak. Gorputza gudu zelai izango da leloa, eta bide horretatik egingo dute hainbat ikuskizunek. Borrokari ekingo dion lehen taldea Koreatik iritsiko da. Cho-In Theatre taldeak. ‘Hotel Splendid’ antzezlana aurkeztuko du Victoria Eugenian. Japoniarrek Bigarren Mundu Gerran Koreako 200.000 emakume bahitu zituzten sexu esklabo bihurtzeko. Ankerkeria hura sufritu zuten emakumeen omenez egindako ikuskizuna da.
Jaialdiaren hari nagusitik tira egingo du ere Tanttakak. Iaz, Antzoki Zaharrean estreinatutako ‘No me hagas daño’ antzezlana taularatuko du. Fernando Bernuesek zuzendutako obrak emakumearen aurkako indarkeria erakusten du bere gordintasunean. Kike Diaz de Rada aktore donostiarra izango da eszenatokian, protagonista gisa. Vaiven taldearen ‘Duda razonable’ obrak ere gai bera du ardatz, baina ikuskera desberdina erakutsiko du. Tratu txarren inguruan sortutako askotariko egoeratan oinarritutako obra da.
Hortzmuga konpainiaren ‘La espera’ lanak gaixotasunek eragindako degradatze fisikoa izango du hizpide. Heriotzaren zain dagoen musikaria izango da agertokian, edota espetxean, askatasunaren zain ari den preso bat. Juan Carlos Santamariak ‘Verguenza’ dantzalana ekarriko du berriz ere Victoria Eugenia Klubera. Zapi islamiarraren gaineko eztabaida Centre Choregraphique National de Caen konpainiak ekarriko du ‘Manta’ ikuskizunean. Emanaldiaren ondoren, gainera, solasaldia izango da.
Lelo nagusiaren harira ere, arte eszenikoetatik haratagoko jarduerak ere antolatuko dituzte. Idazle eta antropologo batek Txinan emakume txinatarren oinak lotzeko ohituraz hitz egingo dute. Erakusketa txiki bat ere izango da honen inguruan. Gorputza muturreko egoeretara eraman duten goi mailako bi kirolarik ere hitz egingo dute beste solasaldi batean. Askotariko proposamenak bilduko ditu dFeriak. ‘Alejandrias’ jaialdiaren apustu indartsuenetakoa izango da. 8co80 konpainiaren flamenko ikuskizuna da. Alexandre Handiaren historia kontatuko dute munduko musikaren erritmoen eta flamenko garaikidearen bidez. Euskal dantza konpainia garaikideen lana ikusteko aukera ere izango da. Dantzaz taldeak ‘Mintzo’, iaz ekainean aurkeztutako lana, taularatuko du. Kukaik bere hurrengo ikuskizunaren koreografia bat aurkeztuko du. Gerra eta bakearen dialektika erakutsiko du. Noemi Viana, Natxo Montero edota Helena Golab euskal koreografo gazteek ere parte hartuko dute programan.
Jaialdiko emanaldiak, baina, gaztelaniaz izango direla adierazi du Chiapusok: «Konpainiek dFerian ahalik eta emanaldi gehien saldu ditzaten nahi dugu. Espainiako programatzaileek ez dakite euskaraz, eta horregatik programatzen dugu dena gaztelaniaz».