Lizeotarrek, lizeotarrentzat
Mende erdia bete du Santo Tomas Lizeoak aurtengo ikasturtean; urtebetetzea ospatzeko, hainbat ekitaldi ditu eskuartean eta bertako kide sentitzen diren guztiekin banatu nahi ditu.
www.santotomaslizeoa.net. Ondoren, afaria egingo dute eta bertan ere kantuak eta bertsoak izango dituzte.
Kursaaleko ekitaldiaz gain, ikastola egunaz gozatzeko aukera izango dute egungo ikasleek, ekainean. Jai horrekin bukatutzat emango dute 50. urteurrenaren ospakizuna.
Santo Tomas Lizeoa eta lizeotar guztiak ospakizunetan murgilduta daude, ikastolaren 50. urteurrenarekin bat egiten baitu aurtengo ikasturteak. Urtebetetzea ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte eta, horien berri emateko, prentsaurrekoa eman zuten atzo lizeoan bertan. Honakoak egon ziren aurkezpenean: Jon Paul Aizarna kontseilukidea, Begoña Alvarez irakaslea, Itziar Beristain zuzendaritzako kidea, Antton Valverde musikaria eta Iñaki Zubizarreta zuzendaria. Edonola ere, ehundaka lagunek parte hartu dute ospakizuneko prestakuntzan eta gehiengo handian, gainera, lizeokideak.
Duela 50 urte, ikastolek zituzten arazoak zirela eta, kostatu egin zaie, zehazki, lizeoa abian noiz jarri zen jakitea. Hala ere, aurkitu duten dokumentu bati esker, lehen eskolak 1960ko urrian ematen hasi zirela jakin dute. Mende erdia betetzera iritsi den lehen ikastola bihurtu da, hortaz. Hain justu, Ibaetan kokatu aurretik, Amaran izan zuten lehen egoitza, honako sortzaileei esker: Karlos Santamaria, Koldo Mitxelena, Joxe Migel Zumalabe eta Jose Mari Lasarte.
Gainontzekoentzat, eredua
Orain arte egindako bideari esker, «aurrerantzean zer izan nahi dugun erabakitzeko aukera ematen digu», azpimarratu zuen Aizarna kontseilukideak. Orain arte, 10.000 ikasle igaro dira ikastolatik eta, gaur egun, 2-18 urte arteko 1.729 ikasle ditu. Langileak, berriz, 160 dira, horietatik 118 irakasleak. «Donostiako eguneroko bizitzan eragina izan du lizeoak eta maiz gainontzeko ikastolen eredu ere bihurtu da», aipatu zuen Aizarnak. Gainera, euren asmoa lidergoan jarraitzea dela azaldu zuen.
2010-2011 ikasturtea hasterako, egungo ikasleak urteurrenaren berri izateko ahalegina egin zuten lizeoko arduradunek. Hala, ikastolako kirol jantziak goitik behera berritu zuten; 1.000 inguru. Bestetik, orain arte izandako haurren eta helduen danborradei hirugarren bat gehitu zitzaion urtarrilaren 20an: Gaztekide. Danborrada horientzat, doinu berezia sortu du Bernar Rementeria irakasleak: Konportako martxa.
Hori ez da, ordea, sortu duten abesti bakarra. Izan ere, urteurrenaren harira, Antton Valverde guraso ohiak abesti bat sortu baitu, Xabier Euzkitze ikasle ohiaren hitzekin. Gora Lizeoa abestiaren grabazioa ikastolako ikasle batzuen hotsekin osatu dute eta Valverdek oso gustura geratu dela aipatu zuen.
Ikasle eta ikasle ohien laguntza ere oso baliagarria izan da STL50 bizipen liburua osatzeko. 255 orrialdeko liburua da eta denetarik aurki daiteke bertan, lizeotarrek egina.
Ekitaldi potoloena hilabete honetan egingo dute. Izan ere, Kursaalen, STL50 ekitaldia egingo dute, maiatzaren 21ean, 19:00etan. Bertan, honako ekoizpenak aurkeztuko dituzte: liburua, bideoak, musika emanaldiak eta antzezlanak… Oraindik sarrerak eskuratu daitezke, lizeora joanda edo telefonoz eskatuta (943-21 60 44), edota lizeoaren webgunean,