Milatik gora hilarri aurkitu eta sailkatu ditu Pedro Zarrabeitiak
Harri gizona, ilargi (ilargia / hilaren argia), hilarri (hilaren harria)… Misteriozko hilobi monumentuak dira hilarriak. Hainbat enigma argitu gabe daude egun: Zergatik daude Nafarroan eta Iparraldean hilarri gehien? Zergatik egin zituzten disko formakoak? Pedro Zarrabeitiak sei urte eman ditu hilarrien inguruan lan egiten. Euskal Herrian aurkitutako 1.170 hilarri marraztu eta sailkatu ditu Estelas discoidales de Euskal Herria liburuan. Haren ustez, «hilarri bilduma garrantzitsuenetakoa duen museoan», San Telmon aurkeztu du ikerlana: «Eredugarria da».
Ez du hilarrien inguruko etnografia edo antropologia proiektu bat egin. Zarrabeitia argazkilaria da ogibidez, eta hilarrien historia «ikuspegi artistiko batetik» kontatu duela dio. «Ez du hilarrien jatorria edota forma ikertu, baina ikerketa sakona egin du. Euskal Herri osoan zehar ibili da hilarri bila. Katalogatuak dauden horien bila, eta erdi lurperatuta edota ezkutatuta dauden horien bila», azaldu du Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigaraik. «Ez dut zientzia liburua egin nahi izan», jarraitu du Zarrabeitiak: «Dibulgaziorako materiala biltzea izan da nire helburua. Hilarriak nolakoak diren azaldu nahi nuen».
Disko formako hilarrien ondareak euskal historian eta artean duen garrantziaz ohartuta, haien aztarnen bila hasi zen. Hilarrien sinbologia, ikonografia eta artea jaso nahi zituen. 4.500 argazkitik gora egin zituen Euskal Herriko laurehun herritan egindako bisitetan.
Argazkiak eta marrazkiak Frankowski, Colas, Barandiaran edo Lauburu Elkarteak egindako ikerlanetatik abiatu zen. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako berrehun herrietan zehar egindako bidaiei esker Colasek eta Barandiaranek egindako lanak eguneratu zituen. Tamalez, haiek katalogatutako batzuk desagertu egin direla ere konprobatu zuen. Ustekabean, ordea, orain arte ezezagunak ziren hilarriak aurkitu ditu Zarrabeitiak. Behin baino gehiagotan itzuli behar izan du zenbait herritara: «Sasi artean, erdi ezkutatuta, lurperatuta edo eliza inguruetan aurkitu ditut asko». Hilarrien 4.500 argazki, eta paisaia horietan egindako beste 500 argazki egin zituen. Denak dira desberdinak. 1.170 hilarri desberdin topatu zituen bidean: «Hilarriak aurkitzea eta horiek sailkatzea lan handia izan da», aitortu du egileak. Hautaketa egin, eta 1.170etik 835 jaso ditu liburuan.
Hilarriak kamerarekin irudikatzeaz gain, marraztu eta koloreztatu ere egin ditu Zarrabeitiak. Kolorez margotutako hilarriak biltzen dituen lehen liburua da: «Zuri beltzean egindako marrazkiak ikustera ohituta gaude, baina koloreztatzen badituzu errazagoa da sinboloak interpretatzea. Beste pertzepzio bat ematea izan da nire asmoa. Bizirik dagoen arte eder gisa aurkeztu nahi nituen, eta ez hilerri batean dauden figura gris eta triste gisa». Euskal Herrian ez dira hilarrien inguruko liburu asko argitaratu, eta Zarrabeitiarenak hainbat berrikuntza dakartza. Euskal Herriko lurralde historiko guztiak jasotzen dituen lehena da: «Barandiaran, Lauburu edo Colasen lanak Iparraldeari buruzkoak ziren. Agirre Sorondorenak Gipuzkoari buruzkoak. Eta Nafaroako etnografia kuadernoak, Nafarroari buruzkoak». Gainera, hilarrien irudi gehien jasotzen dituen liburua da.
«Asko dago egiteko» 1507 eta 1874 urte bitartean kronologikoki ordenatu ahal izan ditu ehun hilarri inguru: «Zaila da data grabatuta duten hilarriak aurkitzea. Lau mendetan zehar hilarri horiek izan duten garaoena azter daiteke».
Zarrabeitiaren ustez, hilarriak Euskal Herriak ondare unibertsalari egindako ekarpenik handienetakoa da: «Nafarroako erresuma zaharra munduko hilarrien erdigunea da. Hilarri gehien dagoen lurraldea da dudarik gabe». Honen harira, Susana Soto zuzendariak ere hilarrien ondarearen garrantzia azpimarratu du: «Beste kulturetan ere izan dira hilarriak. Iberoek, zeltek eta erromatarrek ere bazituzten. Kantabria eta Galizia aldean ere ikus daitezke hilarriak. Baina Erdi Arokoak Pirinioetan biltzen dira guztiak.
Zarrabeitiak etnografia eta arkeologia ikerlariei gonbidapena luzatu die, irudi hauen bidez, hilarrien artean eta historian gehiago sakontzeko: «Asko eta asko dago egiteko». Eta erakundeei hilarrien ondarea ezagutu, ikertu eta salbatu ahal izateko gune bat sortzeko eskatu dio.