Zirkulazioa ari da bere onera itzultzen
Kontxako aparkalekua handitzeko lanek Erdialdeko zirkulazioa aztoratu dute. Lanak, ordea, bukatzear direnez, Andia eta Miramar kaleak aurreko astean zabaldu zituzten garraio publikoarentzat. Orain Easo kaleari eta Askatasunaren hiribideari heldu zaio bere onera itzultzeko unea.
Taxiek Askatasunaren hiribideko ohiko geltokian boladatxo bat daramaten arren, Easo kaletik Askatasunaren hiribidera egiten duten autobusek atzo egin zuten ibilbide aldaketa. 19 -Aiete, 31-Intxaurrondo- Ospitaleak-Altza, 33- Larratxo- Intxaurrondo-Berio, 36- San Roke-Aldakonea eta 37- Rodil-Zorroaga liniek San Martin eta Artzain Onaren katedralaren aurretik igarotzeari utzi eta Easo kaletik Askatasunaren hiribide aldera egiten dute. Hortaz, 19-Aiete lineak izan ezik, beste guztiek dute geltokia Askatasunaren hiribidean.
Urbieta eta Miramarrek bat egiten duten ingurutik autoz ibiltzea, hala ere, nahiko korapilatsua da oraindik. Izan ere, aparkalekua handitzeko trabei ostiralean lehertu zen ur hodia konpontzeko lanak gaineratu behar zaizkie.