Erakundeko arduradunen arabera, atxikitakoak ezaugarri etniko zehatz batzuk dituzten etorkinak dira.
Polizia kontrolak egin dituzte Intxaurrondo kaleko Laguntza Etxean. Irudian, eraikinaren kanpoaldea (Argazkia: Mikel Goñi)
Elizbarrutiko Caritasek azken hilabeteetan bere zerbitzuen inguruan polizia kontrolak egiten ari direla salatu du. Urteko memoria aurkezteko atzo egindako prentsaurrekoan erakundeko arduradunek ezagutzera eman zuten, aurten, gutxienez, bospasei alditan identifikatze selektiboak egin dituztela. Etorkinen atxikitzeak, identifikatzeak eta atxiloketak Intxaurrondo kalean dagoen Laguntza Etxearen inguruan egin dituzte, batik bat, Espainiako Poliziak.
Egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak gelditzen dituzte, baina Jose Emilio Lafuente Caritaseko idazkari orokorrak gogorarazi zuen bezala, “hori ez da delitua, eta horrek ez ditu delinkuente bilakatzen”. Gainera, neurri prebentiboa ez dela ondorioztatu dute,poliziek ez baitituzte etorkin guztiak atxikitzen, batzuk baizik. “Ez dute edonor gelditzen, ezaugarri etniko zehatz batzuk dituztenak soilik: Beltzak, Sahara azpikoak, marokoarrak, aljeriarrak”. Atxilotuak direnak egoera irregularrean badaude, kanporatze espedientea irekitzen diete.
Iazko azaro eta abenduan antzeko ekintzak izan baziren ere, nagusiki, aurten gertatzen ari den zerbait da. Orain arteko gertakari larriena ekainaren 8an izan zen. Lafuenteren hitzetan, “Espainiako Poliziak eta Udaltzaingoak sarekada garrantzitsua egin zuen Intxaurrondo kalean. Zerbitzuetara zihoazen lagun dezente atxiki eta identifikatu zituzten.10 bat lagun atxilotuak izan ziren”. Hori, ordea, ez da azkena izan. Joan den astean beste etorkin bat atxikia izan zen prestakuntza ikastaro batetik irteten ari zela, LaguntzaEtxearen atarian.
Jokaera “atzera-eragilea”
Zerbitzu honek laguntza anitza ematen du: bizigaiak, formakuntza, promozioa, lana… eta etorkinen gizartea sustatu nahi du. Lafuentek zehaztu zutenez, “Caritasen zerbitzuek, eta Laguntza Etxeak bereziki, helburu bakarra dute: pertsonei gizarteratze prozesuetan laguntzea eta bizitza duinena izan dezaten ahalbidetzea”, horregatik, hori zaildu edo arriskuan jartzen duen jardunbide oro gaitzetsi zuen. “Jokaera bidegabea, arduragabea eta guztiz arbuiagarria da. Polizia kontrolak etxearen inguruan egiteak, batzuetan atean bertan, zaildu egiten du gure lana; eta beldurraren ondorioz, etorkinak behar beharrezkoa zaien zerbitzua jasotzera ez etortzea dakar”. Horren erakusgarri, egunean 60 bat lagunek bazkaltzen badute bertan, hilabete hasierako kontrolaren biharamunean 15 besterik ez ziren agertu. Caritaseko ordezkari Joserra Treviñoren hitzetan, “gainontzekoak bazkaldu gabe gelditu ziren edo beste nonbait bilatu beharra izan zuten”.
Poliziaren jarrera arbuiatu zuen Treviñok, egoera honek zerbitzuari kalte nabarmena eragiten baitio. “Kezkatuta gaude, ez da txantxetako kontua. Jokabide hori atzera-eragilea da, jendea uxatzen du; janaria eta bizigaiak, oinarrizko laguntzaren bila datozen pertsonak”. Caritaseko arduradunak txostena prestatzen ari dira gertakari hauen inguruan, eta atxikitze “arbitrario eta zentzugabeak” orain zergatik egiten dituzten ez badakite ere, berriro ez egiteko eskatu zuten. Era berean, erakundeei “gizarte hartzaile, barneratzaile eta solidarioa” sustatuko duen immigrazio kanpainak egiteko galdegin zien Treviñok.
Irutxuloko Hitzak SOS Arrazakeriako ordezkariei gertakari hauei buruzko iritzia eskatu die. Kontrolen berri izatean, etorkinekin lan egiten duten beste talde batzuekin batera datorren astean prentsaurrekoa egingo dutela aurreratu dute.
«Krisiaren zauriak irekiak eta sakonak dira»
Lau urteko epean laguntza eske Caritasera jo duten gipuzkoarren kopurua ia bikoitza da
Krisiaren eragin kaltegarriak areagotzen ari dira Gipuzkoan. Hala ondorioztatu zuten Elizbarrutiko Caritaseko arduradunek 2010eko laguntzen berri ematen duen memoria aurkeztean. 2009arekin alderatuta, laguntza eskatu dutenen kopuruak behera egin bazuen ere, iaz emandako laguntza ekonomikoa hazi egin zen, 5.565.332 eurora iritsiz. Joera horrek bat egiten du azken urtekoekin. Izan ere, egoera ekonomikoak okerrera egin duen urteotan, laguntza eskatu dutenak %43 hazi dira. Iaz 23.286 izan ziren. Hauek, batez ere etorkinak diren arren, gero eta gehiago dira lana eta etxebizitza galduta, Caritasen atea jotzen duten gipuzkoarrak. Erakundeko arduradunen ustetan, jende kopurua ez gutxitzeak eta laguntzak handitzeak, beharrak areagotu egin direla erakusten du. “Krisiaren eragina gero eta gogorragoa da. Diru sarrerak, laguntzak, familiaren dirua… murrizten doa. Baliabide gutxi dituzte eta behar handiekin datoz. Krisiaren zauriak irekiak eta sakonak dira, min eta sufrimendua handia eragiten dute “, argitu zuen Caritaseko ordezkari Joserra Treviñok.
Arazoarekin batera, ordea, gizartean bertan irtenbidea ere badela adierazten dute datuek. Izan ere, testuinguru beltz honetan, krisiak gipuzkoarren onena ere azalerazi duela zehaztu baitzuen Caritaseko presidente Alfonso Murok. Diru dohainen kopuruak gora egin zuen berriro iaz, 200.000 euro inguru gehiago 2009arekin alderatuta. Atzerago eginez gero, ordea, krisialdian Caritasek jasotako dirua bikoiztu egin da, 2008an 621.310 euro izatetik 1.307.618ra pasatu baita. Dohainak eliz komunitateetatik nahiz hauetatik kanpo datozela argitu zuen Treviñok.
Eredu aldaketaren beharra
Egoera horren gogorra izanik, erakundek hainbat zerbitzu sozial murriztu izana eta diru laguntza batzuen kobratzea hainbat hilabetez atzeratzea salatu zuten. Izan ere, unean-uneko egoerak eragindako krisia baino, kapitala pertsonen gainetik jarri duen sistemaren ondorioa dela gogoratu baitzuten. “Zaila” dela jakin arren, lana sustatzeko ahalegina areagotzeko eta alokairu sozialaren aldeko apustua egiteko eskatu zien agintariei. Halaber, etxebizitza duina izateko eskubidea babesteko eta familiek hobera egitea errazteko, hipoteka ordaindu ezin dutenei etxea ez kentzea proposatu zuen Jose Emilio Lafuente idazkari orokorrak.