Mikel Egiguren -eskuinean- eta Gotzon Enbil, txapeldunordeen saria jasotzeko zain, Hossegorreko podiumean. (Argazkia: Jai Alive)
Mikel Egiguren, Jai Aliveko puntista
Munduko Zesta Punta Txapelketan bigarren postuan geratzearen pena duen arren, gustura dago osatutako udararekin Mikel Egiguren; laster buruz-burukoa prestatzen hasiko da.
Gotzon Enbil atzelariarekin batera, lan txukuna egin du Munduko Zesta Punta Txapelketan Mikel Egigurenek (Aiete, 1977). Goikoetxea-Lopez bikotea izan zuten aurkari final handian, eta 15-14 eta 15-9 irabazi zieten. Edonola ere, baikor dago puntista donostiarra.
Olha eta Irastorzaren aurka jokatu zenuten finalerdiko partida, oso gogorra izan zen?
Bai! Irastorza oso atzelari indartsua da eta min handia egin zigun eskuinarekin. Olha ere oso ondo aritzen da aurrean, eta oso gogor eman zion pilotari. Enbil, nire atzelaria, ongi aritu zen eta nik aurrean oso ongi errematatu nuen. Azkenean, zortea izan zen irabaztea, bigarren seta oso ongi jokatu genuelako.
Ikusleen babesa izan zenuten?
Partida Hossegorren jokatu genuen, eta beraiek Iparraldeko bikotea izanik, frontoi guztia alde zuten.
Sistema berezia erabili duzue txapelketan, ezta?
Bai, setetan banatuta partidak jokatu ditugu. Set bakoitza 15 tantokoa izan da, bikote berdinak bi setak irabazi ezkero, irabazleak dira. Baina set bakoitza bikote batek irabazi ezkero, hiruarren set bat jokatu beharko litzateke, 10 tantora. Ikusleentzako oso sistema zirraragarria da. Lehen setean edozer gertatzen dela ere, bigarren setean itzulia emateko aukera dago. Hirugarren seta jokatzen den partidetan ikusleak oso pozik geratzen dira.
Enbilekin ongi moldatzen zara, ezta?
Nire adin berekoa da eta elkarrekin jokatu dugu bai umeak ginela, bai profesionaletara iritsita. Oso mutil jatorra da eta kantxan segurtasun handia ematen du. Sekulako atzelaria da eta oso gustura jokatzen dugu elkarrekin.
Atseden hartzeko denborarik gabe finala jokatu zenuten.
Bai, hori da. Ez genituen finala jokatu aurretik 24 ordu ere eduki atseden hartzeko. Ostiralean, 20:00etan, jokatu genuen finalerdiko partida, eta larunbatean, 17:00etan, finala.
Hala ere, lan ona egin zenuten.
Dena ematera joan ginen. Lehenengo setean 14-13 aurretik jarri ginen, baina zorte txarra izan genuen eta galdu egin genuen. Horrek burua nekatu zigun. Bigarren setean ere nahiko lan eman genien, baina galdu egin genuen. Ezin dugu ezer egin, beraiek zoriondu eta… horrelakoa da bizitza.
Gogorra da horrela galtzea, ezta?
Galtzeko hor egon beharra dago, eta guk oso txapelketa ona egin dugu. Bikote indartsua da beraiena, baina guri irabazteko asko izerditu behar izan zuten. Gu baino pixka bat freskoagoak zeuden, egun bat izan zutelako atseden hartzeko. Eta guk edonori irabazteko gai garela erakutsi genuen. Pena eman zigun, baina azkenean, garrantzitsuena udara guztietan puntan ibiltzea da.
Nolako frontoia da Hossegorrekoa?
Jokatzeko oso frontoi polita da. Nahiko luzea da, baina material onarekin, pilota biziekin eta, oso egokia. Hango ikusleak oso atseginak dira, txalo pila bat egiten dute eta animo asko ematen dituzte. Udan beste txapelketa bat jokatu genuen bertan; uda garaian zesta puntarentzat Hoseggor oso toki garrantzitsua da.
Nolakoa izan zen orduan finaleko giroa?
Oso giro polita zegoen. Baina bertakoek pena handia zuten, Iparraldeko bikoterik ez zelako sailkatu. Frontoia beterik zegoen eta jendea pozik atera zen ikusitako partidarekin. Ea halako txapelketak urtero antolatzen dituzten, pilotariei bultzada emateko modua da.
Bestela, zer moduz joan zaizu udara?
Nahiko ondo, partida dezente jokatu ditugulako. Enpresan maila handia dagoenez, guztiek dena eman behar izan dugu. Astero bizpahiru partida jokatu ditugu. Neguan lasaitasuna iritsiko da. Orain, buruz-burukoa hasiko da hilabete bukaeran, eta laster hasiko naiz prestatzen.