Langabezia %1,6 hazi da abuztuan, iazko datuarekin alderatuta
Udako aldi bateko lanpostuek zerikusi handia izan dute azken hilabeteetako datu baikorretan.
Krisialdiak atseden hartu du udaran. Oporretara ez da joan, baina bere eragina apaldu egin da azken hilabeteetan. Turismoak garrantzia handia du Donostiako ekonomian, eta bisitari nahiz egonaldiei dagokienez uda ona izan denez, eragina izan du lanpostuen sorrerena. Hala ondoriozta daiteke langabeziak azken hilabeteetan izan duen bilakaera ikusita. Enplegu Zerbitzu Publikoak aste honetan ezagutzera eman duenez, iraila hasieran, 9.476 donostiarrek izena emanda zuten Lanbideren zerrendetan. Hau da, hiriko biztanleriaren %9,9 lan bila dabiltza.
Iazko abuztuko datuarekin alderatuta, egoerak ez du hobera egin –%1,6 hazi da hiriko langabezia–, baina testuinguruak bestelakoak direla ere aintzat hartu behar da. Aurtengo langabezi datuak urtetako txarrenak izaten ari dira, baina abuztukoa jarraian eman den laugarren beherakada da. Egia da 82 lagunek besterik ez dutela lana lortu azken hilabetean, uztaileko 327tik urruti; baina abuztuan joera kontrakoa izan ohi da. Txarraren artean, datu baikorra, beraz.
Era berean, Hego Euskal Herrian, oro har, abuztuan hazi egin da langabezia. Gipuzkoan ordea, beherako joera mantendu du. Guztira, 40.082 lagun ari dira lan bila, uztailean baino 90 gutxiago. Hiriko datuaren parekoa, alegia.
Beherakada zerbitzuen sektorearen ondorio izan da, nagusiki. Apirila amaitu zenetik, 942 donostiarrek utzi dituzte Lanbideko erregistroak; eta %83ak hirugarren sektorean aurkitu dute zeregina. Jakina denez, udako kontratazioak gehien bat zerbitzuen alorran egiten dira, horren erakusle, apiriletik hona zerbitzuetan lan bila dabiltzanen kopuruak jasan duen %10eko jaitsiera. Denbora epe horretan, joera bera jarraitu dute sektore guztiek, denetan lan bila dabiltzanen kopurua murriztu baita. Hala ere, eraikuntza eta aktibitaterik gabeko alorra –lan generikoak egiten dituzten prestakuntzarik gabeko pertsonek osatua– hazi egin dira azken asteetan. Hauetan lan egin nahi dutenei 21 eta 5 lagun batu zaizkie, hurrenez hurrez. Gorabeherak gorabehera, iraila hasieran sektore bakoitzeko langabeen kopurua ondokoa zen: Zerbitzuetan, 7.052; eraikuntzan, 775; industrian, 973; nekazaritzan eta arrantzan, 91; eta aktibitaterik gabeko alorrean, 585.
Irailean ikusiko da aldaketaren neurria, eta bolada onak bere horretan jarraituko duen ala ez. Orain arte, onuradunak gehien bat gizonezkoak izan dira. Maiatza hasieran 4.972 gizon langabe bazeuden, irailaren lehenean, aldiz, 4.319. Emakumeei dagokienez, berriz, murrizketa askoz txikiagoa izan da: 298 emakumezko gutxiago, 653 gizonezkoen aldean. Bestalde, beste behin, emakumeak gehiengo dira: 5.157 emakumezkok eta 4.319 gizonezkok osatzen dute hiriko langabe zerrenda. Adinari dagokionez, gazteenak izan dira gehien bat lana aurkitu dutenak. Izan ere, 25 urte artekoen kopuruak heren bat egin baitu behera, 792tik 510 izatera pasatuz. 25 eta 45 urte bitartekoen artean ere murrizketaren zenbatekoa handiagoa da, baina proportzioan beherakada apalagoa izan da. 5.401etik 4.884ra pasatu baita. Azken hilabeteetan bi talde hauek hazi egin dira; ez ordea, 45 urtetik gorakoena. Hauek uztaila amaieran baino 103 lagun gutxiago dira, eta orotara, 4.082.