Ikusleentzat eta ikusleekin kantari
Amaren Alabak taldeak abestuko du Lagunekin kantari ekimenean Larrotxene kultur etxean; ostiralean ariko dira, 20:00etan.
Zuberoako sei emakume gazte dira Amaren Alabak. Luxi Agergarai, Maider eta Graxi Bedaxagar, Arantxa Camus, Maika Etxekopar eta Ihitz Iriart. Sei gazte dira, sei ahots. Bidasoaren alde honetan ezezagunagoak badira ere, pixkanaka oihartzuna lortu dute.
Seikote zuberoarrak kantu polifonikoa lantzen du, ‘a capella’ abestuz, ez bakarrik euskaraz, baita gazteleraz, portugesez eta okzitanieraz ere. Tradizioaren iturrietatik edaten badute ere, euren asmoa ez da soilik tradizio horrek denboran irautea. Hura eguneratu eta gaurkotzea ere dute helburu.
Bide horretan, kantuen eszenaratze soil eta eder bat sortzen dute. Zuberoako kanta tradizioan dituzte sustraiak, baina abestietan polifonia berriak egin dituzte; ahots teknika eta joko berriez landuta taularatzen dituzte.
Taldea 1999an sortu zen. 2004an ‘AndereGatik’ ikuskizuna estreinatu, eta 2007an izen bereko diskoa argitaratu zuten. Aurten, 2011n, Kursaalen estreinatutako ‘Hostoak’ ikuskizunean parte hartu zuten; Kukai dantza konpainiarekin eta Oreka TX taldearekin batera. Hamabi urteko ibilbidean hamaika kantaldi egin dituzte Euskal Herrian zehar eta hainbat herrialdetan ere; Bartzelonan, Parisen, Bretainian, eta Korsikan, besteak beste.
Zuberotarren ikuskizuna ekarriko du Lagunekin kantari ekimenak ostiralean. Ikuskizunaren lehen zatian emakume gazteek publikoarentzat abestu eta dantzatuko dute; bigarren zatian, ordea, ikusleekin kantatuko dute. Euskal kantutegiko zenbait abesti interpretatuko dituzte elkarrekin.
IZBE –Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea– eta Larrotxene kultur etxea dira antolatzaileak. Maiatzean prestatu ohi dituzte Lagunekin kantari programako ekitaldiak. Ezohiko hitzordua izango da ostiralekoa. Lagunekin kantari ekimenaren hamabigarren ikasturteari ekingo diote.
Donostia kantuz ikastaroak
Ikasturte berriarekin kantuzaleentzako ikastaroak hasiko dira. Hainbat auzotan Donostia kantuz ikasturteari ekingo diote aste honetan bertan. Amara Berrin eta Antiguan bihar hasiko dira eztarriak berotzen. Hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan bilduko dira. Amara Berrin Isabel II. kaleko Ikasbide kultur elkartean elkartuko dira. Bagera elkartean, 943 467181 telefonoan, eta bagera@bagera.net helbidean eman daiteke izena. Antiguan, berriz, Txirainen, 943312348 eta 943312854 telefono zenbakietan.
Intxaurrondon urriaren 10ean ekingo diote ikasturteari. Astelehenero egingo dituzte entseguak Larrotxene kultur etxean. Bertan eman behar da izena, 943291954 zenbakian. Parte Zaharrean urriaren 19an hasiko dira. Hileko hirugarren asteazkenetan bilduko dira. Parte hartu nahi dutenek Kresalan man behar dute izena, 943420905 telefono zenbakian. Altzan urriaren 18an hasiko dira. Astearteetan entseatuko dira Casares kultur etxean. Izen ematea ere bertan egin behar da, 943351149 telefonoan.
Hurrengo urriaren 15ean hileko Kantu Jira egingo dute, Txistularien Udal Taldeak lagunduta. Hirugarren larunbatean egin ohi duten bezala, kantuzaleak Fermin Kalbeton kaletik abiatuko dira 12:00etan Parte Zaharrean zehar euskal kantutegiko kantak abesteko. Bi egun lehenago, ostegunean, urriaren 13an, proba eta entsegua egingo dute Atotxan, Udal Musika Eskolan, 20:15ean.