"Euskara gutxi dakienari nola hitz egin ez dakigu"
Elkarren artean harremana euskaraz izan nahi duten etxeko langileei eta enplegatzaileei zuzendutako ‘Nik ere euskaraz lanean’ ikastaroa prestatu dute Banaiz Bagara kultur elkarteak eta EMUNek.
Euskaraz bizi diren sendien eta etxeko laguntzaileen arteko harremana ezinbestean gaztelaniaz izan ez dadin, Banaiz Bagara eta EMUN elkarteek beraien eskarmentua batu dute langile hauen beharrei egokitutako eskolak prestatzeko. Laguntza Etxean egingo duten doako ikastaro pilotua hilaren 13an hasiko da, eta Petra Elser (Frankfurt, Alemania, 1963) izango da irakaslea.
Zergatik erabaki zenuten ikastaroa abian jartzea?
Bi egoera ikusi ditugu: alde batetik, familia euskaldunetan langile etorkin askok umeen edo adinekoen zaintzan lan egiten duela. Familia horietan, askotan, egoera oso intimo batean egunero gaztelania erabiltzen den lehen aldia da. Bestetik, etorkinek ez dute denborarik edo aukerarik lanetik kanpo euskara ikasteko. Interesa edo beharra sentitzen dute, baina ez dute hori non edo nola ikasi. Paradoxa da, beraien inguruan, egunerokotasunean, euskara erabiltzen baita, entzuten dute, baina ez dute ikasteko aukerarik. Bi egoera horiek batzea aukera litzatekeela pentsatu dugu, bien aldetik aprobetxatzeko.
Zergatik etxeko laguntzaileak?
Behar oso nabarmena duen lan eremua da, bereziki, etorkin asko baitabil bertan; eta pertsona euskaldun nagusi askok ez dute gaztelera erabiltzen edo ez dira eroso sentitzen. Hau proiektu pilotua da, baina etorkizunean beste eremu batzuetara zabaltzea pentsatuta dugu: nekazaritza, ostalaritza… euskara planak iristen ez diren lan egoera txikietara. Oraingoz lanean ari direnek parte har dezakete, baina etorkizunean lan poltsa irekiko dugu langile euskalduna bilatzen dutenek eta euskara ikasi nahi duten langileek, ikastaroaren bidez elkar ezagutu, eta lan harremana euskaraz hasteko.
Etorkinak motibatu eta euskara ikas dezaten erraztu nahi duzue, beraz?
Familia askok langile euskaldunak eskatzen dituzte; eta etorkinek lan merkatuan abantaila ematen dizun gaitasuna dela ikusten dute. Baina euskara ikasten hastean, ez dira beren lanerako beharrezko diren gauzekin hasten. Horregatik, gure asmoa lanerako behar duten hiztegia, esamoldeak, elkarrizketak… oso gauza praktikoak eskaintzea da; pertsona bakoitzaren beharrei egokituta. Adibidez, garbitzaileak non garbitu behar duen eta nola jakin behar du; pertsona bat zaintzen duenak, berriz, noiz joan behar duen medikura, paseoa non hartu nahi duen, zer erosi behar duen… Lan azalpen zehatzak, ulermena hobetzeko hitzak “errepikatu, mesedez”, “nola da ventana euskaraz” edo galderak egin ahal izateko esamoldeak ikasiko dituzte.
Enplegatzaileek ere parte hartuko dute. Zer ikasiko dute?
Hau beste erronka bat da. Euskaldunok askotan euskara gutxi dakienari nola hitz egin ez dakigu; oso automatizatua dugu gaztelaniara pasatzea. Euskara erabiltzen ikasiko dute, nahiz eta beste pertsonak gutxi jakin. Elkarrekin ikasteko hainbat teknika daude: motelago hitz egitea, gauzak errepikatzea, hitzak esatekotan gauzak erakustea… berehala gaztelaniara ez pasatzea. Familia euskaldunen parte hartzea oso interesgarria iruditzen zaigu, euskaldunek gizartean euskara erabiltzearen eta normalizatzearen arduradunak eurak diren kontzientzia hartu behar dute.
Euskara ikasten lagunduko diote…
Bai, honek beste ulermen eta konplizitatea eragin dezake. Gauza bat da lanean bertan azalpenak ematea; beste bat, laneko azalpenak gazteleraz ematea, baina gero zaintzen duen pertsonarekiko elkarrizketa euskaraz egitea. Baita lan egoeratik kanpo, berarekin euskaraz hitz egitea… Familia bakoitzak bere baldintzetara egokitu behar du pertsona horrekin euskara nola erabili.
Esperanza Latina elkarteak ere proiektuan parte hartu du. Nolatan?
Hainbat urte dira beraiekin harremana dugula, euskara talde bat dutelako. Kide gehienak etxeko langileak dira, eta beharra nahiz interesa zutela ikusi genuen. Astean egun bat libre dute, larunbata edo igandea, eta beste egunetan ez dute euskaltegira joateko aukerarik. Gure taldea, esaterako, astean behin, igandeetan elkartzen da lau orduz. Aldi berean, askok, familia euskaldunetan lan egiten dute; eta hori ere euskara ikasteko bidea izan zitekeela iruditu zitzaigun.