Usoa Zumeta, Ekain Arte Lanak galerian.
Usoa Zumetak hainbat euskal artisten jatorrizko obrarekin egindako serigrafiak bildu ditu Ekain galerian
Duela bi urte bere aitarekin, Jose Luis Zumetarekin, ‘Oi! Bihotz!’ proiektua aurkeztu zuen Ekain Arte Lanak galerian. Usoa Zumetak (Usurbil, 1969) eskuz egindako liburu berezi batean bildu zituen aitak egindako zenbait serigrafia. Oraingoan bere lana erakutsi du. Hainbat euskal artisten jatorrizko artelanekin egindako serigrafiak ekarri ditu Parte Zaharreko arte espaziora: Juan Luis Goenaga, Blami, Juan Txillida eta Jose Antonio Sistiaga sortzaile donostiarrenak, besteak beste. Guztira berrogei pieza bildu ditu. Nestor Basterretxea, Koldobika Jauregi, Elena Asins, Judas Arrieta, Huge McCarthy, Iñigo Arregi eta Miguel Balliacheren zenbait artelanen edizioak ere egin ditu.
Nola hasi zen serigrafian? «Aitarekin, noski». Arte Ederretan lizentziatua da Usoa. Pintura espezializazioa egin zuen. Ondoren serigrafia ikastaro bat egin zuen Artelekun, eta aitak berehala eman zion berarekin lan egiteko aukera: «Pixkanaka-pixkanaka esperientzia hartu, eta beste artistekin lan egiten ausartu nintzen. Ibilbide luzea egin dut; hogei urtekoa», adierazi du Zumetak.
Hainbat artistekin lan egiten du. Belaunaldi gazteekin, Judas Arrieta, Huge McCarthy eta Blamirekin; zein beteranoekin; Basterretxea eta Goenagarekin. «Artista batzuk niregana etorri dira, beraiek eskatutako enkarguak izan dira. Beste batzuk, aldiz, «nire apustuak dira. Judas eta eta Blami bezala. Ez dira hain ezagunak sortzaile hauek; eta beharbada zailagoa da beraientzat edizio bat egitea. Gainera haien artelanak oso gogoko ditut. Hemengo artisten lana zabaltzen saiatzen naiz. Gurea nolabait difusio lana ere badela uste baitut».
Hainbat enkargutan burua hautsi behar izan duela azaldu du: «Teknika oso erraza da, baina batzutan konplikatua da. Eskarmentua badut eta esperientziak asko laguntzen du, baina halere…». Nestor Basterretxearen obra bat izan da azken enkargua, eta «konplikatu samarra» izan dela aitortu du: «Batzutan erraza dela dirudi, baina konplikatu egiten da. Serigrafiak halako ustekabe asko ematen dizkizu; pentsatzen dut artisau moduan egindako gauza guztiekin gauza bera gertatzen dela».
Zumetak serigrafia teknika erabiltzen du beste artisten lan grafikoa inprimatzeko: «Batzutan zaila da ulertzeko. Nik artista eta obraren bitartekari lana egiten dut. Artistak sorkuntza prozesua egiten du, eta inprimatzeko eta serigrafia egiteko teknika nik kontrolatzen dut. Batzutan kosta egiten da ulertzea baina… Adibidez, eskulturgile batek eskultura baten diseinua egiten du, baina gero beste pertsona batengana jotzen du obra horren erreprodukzioa beste eskala batean egiteko».
Eskuz egindako serigrafia egiten du Zumetak: «Mahai bat behar duzu lan hau egiteko.Mahai bat eta espazio zabal bat. Nik lantegia etxean bertan dut. Estudio berri bat eraikitzen ari gara, eta espero dut udaberri aldera espazio handiago bat izatea; eta etxea eta lana banandu ahal izatea».
Euskal artistekin lanean
Euskal artistekin harreman estua du Zumetak: «Euskal Herriarekin lotura duten artistekin saiatzen naiz lan egiten.Elena Asins Madrilgoa da, baina Azpirozen bizi da aspalditik. Hugh McCarthy Oreretako emakume batekin ezkonduta dago, eta Judas Arrieta ba Txinan bizi bada ere ba euskalduna da eta hona etortzen da maiz».
Serigrafia industria produktuekin lotzen dela dio Zumetak. Kamisetak, askotariko objektuak… «Mundu horretan jende asko dago; eskuz egindako serigrafian, ordea, ez horrenbeste». Haren ustez, diru gutxirekin muntatu daiteke serigrafia tailer bat eta lanean hasi: «Beste gauza bat da ba, adibidez, eskuz egindako papera erabiltzea nik egiten dudan moduan; bereziagoa. Nik egiten dudan lana egiten duen jende gehiago dago, baina ez gehiegi ere».
Serigrafian lan egiten duen artista gisa, sortzailearen artelanean arrastorik ez uzten saiatzen dela adierazi du: «Nik artisten lana jarraitzen dut, eta ogibide honetan ikuskera hau oso argi izan behar duzula uste dut. Nik ez dut ezer erabaki nahi, lana artistarena da. Erabakiak beraienak dira». Zumetaren ustez, «pintura pintura da; serigrafia serigrafia; eta marrazkia marrazkia. Bide horretan aldaketak egin daitezke. Egia da lanik onena teknika hoberen aprobetxatzen duen artistarena dela. Askotan sortzaileak jatorrizko obra bat ematen dizu, haren gainean serigrafia egiteko, baina batzutan serigrafia obra bera da. Obra batzuk serigrafiarekin berarekin osatzen dira. Jatorrizko obra dagoenean bidean beste aukera batzuk sortu daitezke, eta horiek aprobetxatzen jakin behar da».
Erakusketa duela urtebete sortu zen. Usurbilen ekin zion ibilbideari: «Bertan aurkeztu nituen lan batzuk jada ez daude, saldu egin direlako. Edizio mugatuak dira, baina berriak sartu ditut». Askotariko artelanak bildu dituela plazaratu du: «Oso estilo desberdinak, formatu desberdinak… Hautaketa anitza egiten saiatu naiz. Izan ere, serigrafia oso laua dela uste dugu, baina aukera asko ematen ditu. Erakusketa honetan ikus daitezke askotariko proposamenak. Proiektu hau, hain zuzen, asmo horrekin sortu nuen. Serigrafiak aukera asko ematen ditu. Usurbilen hasi, eta orduz geroztik Urretxu eta Soraluzetik igaro da, besteak beste. Donostian bukatuko da: «Hurrengo urtean Ipar Euskal Herrian egingo dut horrelako beste bat. Obra honekin edo beste batekin. Formatu handiko obrak egitea gustatuko litzaidake, ea estudio berriarekin posible den».