"Txandak tentsio handikoak izaten dira eta estrategiek garrantzia handia dute"
Edu Etxeberria: Kayak surfeko palista
Edu Etxeberria kayak surfeko munduko txapelduna izendatu berri dute, bakarkako Open motzean; euskal selekzioarekin ere lehen postua lortu du, beste 10 kiderekin batera.
Kayak surfeko euskal selekzioak AEBetako Ipar Carolinan jokatutako Munduko Txapelketa irabazi berri du, 2007an egin bezala. Honakoek osatu dute taldea: Julen Seco eta Julen Arrizabalaga juniorretan, Ainhoa Tolosa eta Garazi Iturralde emakumezkoetan, Txema Karreto eta Luis Abando masterretan, eta Edu Etxeberria, Urko Otxoa, Xabi Olano, Ibon Agirrezabala eta Oskar Martinez open mailan. Taldearen esperientziaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari Edu Etxeberriak berak (Aiete, 1973).
Bi urtetik behin Munduko Txapelketa antolatzen dute, eta tarteko urteetan Kopa egoten da jokoan. Antolaketa egokia da zure ustez?
Ongi dagoela uste dut. Txapelketak astebete inguru irauten du, eguraldiaren eta itsasoaren egoeraren arabera. Kanporaketak jokatzen joan ahala, irabazleak ateratzen dira. Kopako probak, berriz, munduko sei tokitan izaten dira. Hala, Kopa irabazteko puntuak biltzen dituzte partaideek. Horrelakoetan, gertuko probetara joan zaitezke, sailkapenean gora joateko. Beste urte batzuetan, ordea, sailkatze probak antolatu dituzte Kopan, eta ondoren finala egin dute. Beraz, Kopako antolaketa ez dago guztiz finkatua.
Bietatik zein da garrantzitsuena?
Txapelketa irabazteak ohore gehiago ematen du. Proba zaharragoa baita.
Nola osatzen duzue euskal selekzioa Munduko Txapelketan lehiatzeko?
Euskal Herrian maila oso handia dagoenez, Kopa eta Txapelketa antolatzen ditugu federazioaren laguntzarekin. Euskal selekzioan sartzeko, lehia horietan sailkatu behar zara. Mundakan, Bakion, Zurriolan eta Zarautzen izaten dira probak normalean.
Beti kide kopuru bera izaten du selekzioak?
Txapelketan selekzio bezala parte hartzeko, 16 kategoria ordezkatu behar dituzu, Junior, Open eta Senior mailetan. Hala ere, partaide batzuk kategoria bat baino gehiago ordezkatu ditzakete. Oraingoan 11 kidek osatu dugu taldea; hiru bizkaitar eta gainontzekoak donostiarrak. Horietako bat Donostiako Atletikokoa, eta beste zazpiak Nautikokokoak.
Munduko Txapelketara zein aurreikuspenekin joan zineten?
Oso ondo ibiliko ginela pentsatzen genuen, finalera iristeko aukerekin. Kanporaketan, ordea, Ingalaterrak sekulako puntuazioa lortu zuela ikusi genuen, eta oso gogorra izan zen. Horren aurrean, gure onena ematen saiatu ginen; eta erabaki genuen gutako bat lehian zegoenean, gainontzekoek hondartzatik animatzea. Gainera, debekatua egon arren, lehian zebilen taldekidea hondartzara hurbiltzean, gomendioren bat ematen genion; zoaz gehiago eskuinaldera edo ezkerraldera… nahiz eta gehiegi ez eragin. Emaitzak ikusita, argi dago ongi atera zitzaigula.
Ipar Carolinan jokatu zenuten txapelketa. Lekua egokia da?
Berez oso toki aproposa zen; gainera, iaz egon ginen bertan. Baina txapelketa jokatu baino hiru aste lehenago Irene urakana pasa zen bertatik, eta sekulako txikizioa eragin zuen. Txapelketa 50 kilometro iparralderuntz mugitu zuten, eta berez jokatu beharreko tokia hobea zela uste dut.
Taldekako finalean, AEB eta Ingalaterrarekin aritu zineten lehian. Oso gogorra izan zen?
Ingalaterra geratu zen gure atzetik eta bi punturengatik bakarrik irabazi genion. Ez zen erraza izan. Zortea izan genuen, justu ibili ginenetan, tarteko postuan AEBetako kide bat sartu zelako, eta horrek aukera gehiago eman zizkigun. Nire ustez, Ingalaterrako batzuk lan okerragoa egin zuten gu indartsu ari ginela ikusi zutelako.
Nola epaitzen dute zuen lana?
Surfaren antzekoa da. Txanda bakoitza 20 minutukoa izaten da eta denbora tarte horretan gehienez hamar olatu hartu ditzake bakoitzak. Guzti horietatik puntuazio onena jaso duten bi olatuak hartzen dituzte kontuan. Horretaz gain, lehentasunak daude, surfean bezala. Txandak tentsio handikoak izaten dira eta estrategiek garrantzia handia dute. Taktika, estrategia, teknika… dena kontrolatu behar da.
Zein izan da irabazteko gakoa?
Urteetako lana. Selekzioko gehienak Donostiako Nautiko taldekoak gara; haurrekin txikitatik lanean hasten gara eta urte osoan entrenatzen ematen dugu. Berdin da elurra, kazkabarra, olatu txarrak… gu uretan ibiltzen gara. Klubak eta Aldundiak diru laguntzak ematen dizkigute, baina bidaiarako dirua lortzeko elastikoak saltzen ibili ginen, Bilboko Aste Nagusiko txosnetan lan egin genuen… gure zailtasuna kide asko joan behar garela da. Izan ere, maila oso handia edukita ere, kategoria guztiak bete behar ditugu. Gainera, piraguekin bidaiatzea ere garestiagoa da.
Orain zertan ari zarete?
Iritsi ginenetik Australiarako bidaia prestatzen ari gara, han izango baita hurrengo Munduko Txapelketa. Laster datorren urteko egutegia emango digute, Kopako lehien datekin. Hala ere, gure lehentasuna Munduko Txapelketa izango da.