Onenekin ikasteko aukera, Basque Culinary Centerren
Gastronomia eta sukaldaritza profesionalei zuzendutako 60 ikastaro prestatu dituzte.
Juan Mari Arzak, Andoni Luis Aduriz nahiz Pedro Subijanarekin lapiko artean ibiltzeko aukera izatea luxua da. Maila horretako maisuengandik ikastea, are gehiago. Basque Culinary Centerrek (BCC), etorkizuneko sukaldari eta gastronomia profesionalak prestatzeaz gain, jada lanean ari direnen eskura jarri nahi du aukera hori. Horretarako, etengabeko formakuntza sustatzen duen ikastaro sorta prestatu du. Alor eta gai askotako adituen parte hartzea izango duen eskaintza eman du ezagutzera Miramongo gastronomia fakultateko zuzendari Joxe Mari Aizegak.
Astelehenean ekin zioten BCCko irakasleek, Azti-Tecnaliako adituek eta Alvaro Garrido edota Iñigo Lavado fakultateko kolaboratzaileek diseinatutako programari. 2012 ekaina bitartean, 80 bat hizlarik parte hartuko dute 60 ikastarotan. Hauek bederatzi alorretan egituratu dituzte: Produktu eta sukalde-aplikazioak; pastelgintza eta gozogintza; sukaldaritza-teknikak; aretoa eta bezeroarekiko arreta; sukaldaritza kudeaketa; dastatzea eta sumilleria; elikagaien industria; pintxoen mundua, parrila, oturuntzak eta gertakariak; eta master class-ak.
Guztira bederatzi maisu eskola egingo dituzte. Lehena, Aduriz egiatarrak emango du abenduaren 1ean. Jarraian, Subijana, Pascal Barbot, Michel Bras, Massimo Bottura, Arzak, Xabier Pellicer, Mateu Casaña eta Joan Rocak jarriko dira ikasleen aurrean. Hauei beraien filosofia, ikerketa metodoak eta teknikak azaltzeaz gain, berain gutizia esanguratsuenak nola prestatu irakatsiko diete. Gehienez, 25 lagunek izango dute maisu handi hauekin lau ordu emateko aukera, 200 euroren truke. Gainontzeko ikastaroetan ere, adituek gidatuko dituzte saioak; besteak beste, Eneko Atxa, Hilario Arbelaitz, Josean Alijak edota Michel Williamek.
Aizegak azaldu duenez, etengabeko prestakuntza programaren bidez, urrian abian jarri zen fakultateak “pauso bat gehiago eman nahi du alor honetako profesionalen erreferente bilkatu nahian”. Espezializatu edo beraien prestakuntza osatu nahi dutenen parte hartzea errazteko, edukiak, metodoak eta ordutegiak beraien beharretara egokitu dituzte, eskolak lanbidearekin uztartzeko aukera izan dezaten. Saio gehienak BBCren egoitzan egingo dituzte, fakultate berriak dituen azpiegiturak baliatuz. Alde praktikoa egosketa, haragi, arraina, txarkuteria, pastelgintza tailerretan eta prestaturiko produktuen gela hotzean egingo dituzte. Erakustaldiak, berriz, showcooking aretoa eta 200 lagunentzako edukiera duen auditorioan. Izena eman edo informazio gehiagorako cursos@bculinary.com helbidera idatzi.
Ikastaroez gain, 2012ko maiatzean Omnivore Food nazioarteko jaialdia hartuko du BCCk. Sukaldaritzako joera berrien eta talentu gazteen agertokia den jaialdia New Yorken edota Moskun egin ondoren, datorren urtetik aurrera Donostian egingo dute.