Tatamiaren gainean bi robot aritu ziren borrokan (Argazkia: Xabier Etxabe)
Hezur eta haragizko jokalariak beharrean, 2050. urtean torloju eta metalezko jokalariak izan daitezke Messi, Agirretxe eta etorkizuneko futbol izarren aurka Munduko Txapelketa eskuratzeko lehian ariko direnak. Hala iragarri du, behinik behin, Lehiaketarako Robotika Ligako kide den Raul Lapeirak.
2011. urtean, Messiren jokaldi liluragarririk egin dezakeen robotik ez dago; bai, ordea, tatami baten gainean borrokan aritzen direnak. Robot horien arteko borroka saio bat antolatu du Raul Lapeirak
Miramongo Eureka! Zientzia Museoan. Norgehiagoka horien animatzaile sutsu izan dira Robotika alorrean egin diren aurrerapausoak ezagutzera Miramonera hurbildu ziren ikasle eta ikusleak.
Gaurko jardunaldian ikusitako ezohikoa eta bitxia izan zen askorentzat, Lehiaketarako Robotika Ligakoak, baina, ohituta daude robotak egunetik egunero nola garatzen diren ikusten. Urtean zazpi bat topaketa egiten dituzte eta hamar talderen arteko lehiak antolatzen dituzte. Robot guztiak garaitzen dituena da irabazlea.
Txapelketok 80. hamarkadan antolatzen hasi zirela kontatu du Lapeirak. 80 eta 90 hamarkadetan oihartzun txikia zuten, eta 2000tik aurrera lortu zuten arreta piztea. Robotikari benetako bultzada emango dion filma datorren urtean kaleratuko dela iragarri du Lehiaketarako Robotika Ligako kideak. Hugh Jackman aktoreak parte hartuko du.
Tekniker
Robotek film arrakastatsuetako protagonista bihurtzea lortu dute, eguneroko bizitzan, ordea, astiroago ari dira barneratzen. Autoak ekoizten dituzten enpresetan, aitzitik, nonahi daude.
Teknikerreko ikertzaileak eremu gehiagotara zabaltzeko ari dira lanean. Sentsore eta laser berezien bitartez, suhiltzaileen lana erraz dezaketela jakinarazi du Teknikerreko Loreto Susperregik: «Hondamendia gertatu den lekuren batean ingurua nolakoa den aztertu eta arakatzeko robotak sar daitezke, egoera nolakoa den deskribatzen lagun dezaten».
Eraikinen mantenu eta segurtasunerako robotak ere oso baliagarri izan daitezkeela zehaztu du, kamara termikoak lagun, tenperaturan dauden aldaketak suma ditzaketelako. Ezaugarri horiek baliatuz, lehergailuak desaktibatzeko edota larrialdi egoeratan zaurituak artatzeko izan ohi dira baliagarri.
Egunerokoan, baina, garbiketarako dira hedatuen dauden robotak. Gero eta arruntagoa da, inongo izerdirik bota gabe, goitik behera garbitzeko gai diren xurgagailuak edozein etxetan ikustea.
Eskaintza hori hobetzen buru belarri ari dira, hain justu, Tecnaliako langileak. Urko Esnaolak azaldu duenez, supermerkatuetan ikusten diren garbigailuak bakarrik ibiltzeko sistema landu dute. Gidariaren laguntzarik gabe, behin egin beharreko ibilbidea zein den ikasi ondoren, pauso horiek automatizatzeko gai direla argitu du.
Autonomia horri esker urteotan robotak museoetako gida bihurtzea ahalbidetu duela aditzera eman du Tecnaliakoak. Datozen urteetan, aldiz, pauso handiagoak eman eta supermerkatuetan ikus ditzagula adierazi du. «Informazio puntu bezala», besteak beste.
Tecnalian sustatzen ari diren teknologia medio, robot bat erosketa egiten laguntzeko gai izango dela esan du Urko Esnaolak. Robotari produktu bakoitza non dagoen zehaztuz gero, supermerkatuan galtzeko modurik ez dela egongo nabarmendu du.