"Ezin dugu normalizazioa herritarren bizkar gainean bakarrik utzi"
Zigor Etxeburua: Foru Aldundiko Euskara zuzendaria
Altzatarrak euskaldunen hizkuntza eskubideak hartzen ditu gidari Euskara Zuzendaritzan egin beharreko lanetan; Gipuzkoa euskaraz bizi nahi duen herrialde bat dela nabarmendu du.
Aldundira iritsi berri da, baina ez euskararen mundura. Euskalgintzan urtetan jardun ondoren, Zigor Etxeburua (Altza, 1970) Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari da uztaila amaieratik. Egiteko berri asko, baina asmo berbera: euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea.
Nola hartu zenuen proposamena?
Oso albiste ona izan zen. Zure buruarentzat aitortza da norbaitek zu lan horretarako egokia zarela pentsatzea; norberaren burua goxatzeko bada. Unea ere oso egokia izan zen, osasun baja luze xamarretik lanera itzulia nintzen, martxa hartzen, baina hasiberri nenbilen. Eguneroko zurrunbiloan sartuta egonik, proiektuak martxan… agian erabakia zailagoa izango zen; baina une aproposean iritsi zen. Erronka polita izango zela pentsatu, eta segidan esan nion baietz.
Zein da Aldundiaren euskara zuzendariaren eginbeharra?
Euskara Zuzendaritza honen ildoa zuzentzea, eta, nik ulertzen dudan bezala, honen egitekoa Aldundiaren hizkuntza normalkuntza bideratzea da, nagusiki. Hau da, herritarrei begira, beraien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen erakundea egitea. Hor dugu harreta jarrita; hor dago normalizatzeko beharra, egun ez baitira bermatzen. Euskarak egoera normala eskuratzeko beharra du, eta gure egitekoa hori iritsi dadin Aldundiari urratsak jartzea da. Beste egiteko politikoago bat ere badu. Hizkuntza ofizialen egoera simetrikoaz harago joan nahi dugu; Aldundiak Gipuzkoaren errealitate soziolinguistikoarekin bat egitea nahi dugu, Gipuzkoa euskaldunarekin. Beraz, Aldundi euskalduna nahi dugu.
Bide horretan zeintzuk dira erronka nagusiak?
Euskaraz bizitzera iristeko gizartean beharko den aldaketa pertsonal, sozial eta politikoa laguntzea; euskaldunen hizkuntza eskubideak legez bermatzea beharrezkoa da. Gipuzkoako Aldundiaren lidergoa ziurtatu behar dugu, trakzio lana egin behar dugu, ezin dugu normalizazioa herritarren bizkar gainean bakarrik utzi. Uste dut aurreko urteetan hori egiteko joera izan dela, baina herritarrekin bat egin behar dugu, eta beraiekin batera lideratu euskararen normalizazioa eta dagokion estatusa berreskuratzea. Azkenik, gure helburu nagusia, euskararen normalizazioa agenda politikoan kokatzea da. Parekatu egiten ditugu normalizazio politikoa eta hizkuntza normalizazioa; bat datoz, lotuta daude. Hizkuntza normalizaziorik gabe ez da normalizazio politikorik erdietsiko.
Euskarak Gipuzkoan duen egoerari buruzko zure ikuspegia aldatu al da?
Nire pertzepzioa Gipuzkoa lurralde euskalduna dela da, eta datu estatistikoek hala erakusten dute. Ezagutza tasa %53an dago, ia euskaldunak beste %20tik gora dira, eta euskararen erabilera %33an dago. Elebidun den %53 horri lotuta, jauziak ez du bere horretan zerbait txarra bakarrik adierazten; euskaraz bizi nahia ere adierazten du, hizkuntzari dioten fideltasuna. Lurralde euskalduna da, ezagutzaren ikuspegitik oraindik egin beharra dago, datuak ez dira aski, eta egungo erabilera akuilua da guk geuk ere gehiago egiteko. Argazkia oraindik egiteko dago, baina euskaraz bizi nahi duen herrialde baten argazkia da.
Nola egin daiteke argazki hori?
Pertzepzioa oso subjektiboa denez, Gipuzkoan euskarak une bakoitzean duen argazkia ahalik eta objektiboen egin ahal izateko, tresna bat egin nahi dugu. Horretarako euskalgintza, eragile eta erakundeekin adostasunean adierazle sistema bat osatuko dugu; herritarrek, kazetariek, instituzioek izan dezagun unean uneko euskararen argazkia. Soziolinguistika Klusterrarekin harremanak hasiak ditugu, eta tresna anbiziotsua da, oso potoloa, ehunka adierazle har ditzakeena. Ez dugu oso korapilatsua eta sofistikatua egin nahi, horrek berak zailduko lukeelako argazkia egitea.
Krisiaren ondorioz murrizketa garaia da. Kosturik gabe euskararen aldeko erabakiak har daitezke, ezta?
Aldundiak bere euskalduntzean urrats nabarmenak eginez, horrekin bakarrik, ondorio onuragarriak izango ditu euskararen normalizazioan. Egun dauden arauak betearaziz ondorio positibo nabarmenak lortuko genituzke, guri kosturik ekarri gabe. Esaterako, Aldundiarekin edozein kontratu duen enpresa edo zerbitzu emailek, zerbitzu hori euskaraz ere eman behar du. Hori legez araututa dago, aurreko Diputatuen Kontseiluaren erabaki baten ondorioz. Horrek esan nahiko luke Gipuzkoako enpresek edo kanpokoek, Aldundiarekin lan egin nahiko balute, harreman hori euskaraz izateko gaitasuna eta zerbitzua euskaraz ematekoa ziurtatu behar izatea. Beste batzuk ere egongo dira, euskarari lehentasun tratamendua eman nahi diogu eta hori legez bermatu nahi dugu.
Beste neurri horien adibiderik?
Alor sozioekonomikoan ere neurriak hartu nahi ditugu. Ogasuneko kideekin aztertu behar dugu zer aukera dauden, baina planteatzen ari gara euskara planak dituzten enpresek zerga murrizketak izatea. Kosturik ez du, baina sarrera gutxiago izango lituzke Aldundiak. Ez da gastua, inbertsioa da.
‘Euskaldunen errolda’ osatzeko erabakiak polemika piztu du. Zer da?
Hala definitu nuen Batzar Nagusietan, baina agian ez da izendapen egokiena. Zehazki egin nahi duguna, eta 4/2009 dekretuak egiteko agintzen diguna –aurreko gobernuaren proposamena da, beraz– Aldundiarekin harremanak euskara hutsez izan nahi duten herritarren, erakundeen eta entitateen zerrenda osatzea da. Beraien nahia adierazi dutenak. Egina beharko luke dagoeneko, baina udalen alorra dago hein batean egina. Guk bururaino eraman nahi dugu, Aldundiak euskaraz lan egitea laguntzen duelako.
Zein egoeratan aurkitu duzu Aldundiko administrazioa euskarari dagokionean?
Oso inpresio ona hartu dut. Ezagutza mailak onak dira, zuzendu beharreko salbuespen gutxi batzuk kenduta. Oso nabarmenak dira batzuk, jende aurrean daudelako eta hizkuntza eskakizuna betetzen ez dutelako. Baina Aldundian euskara ezagutza hein handi batean lortua dago, maila oso onargarrietan gaude. Beste gauza bat da erabilera, ez da nahiko genukeena. Jende euskalduna, talde euskaldunak izanik ere, jendeak gaztelaniaz lan egiten du eta harremana ere gaztelaniaz du.
Jaso berria duzue Bikain ziurtagiria. Zer esan nahi du horrek?
Herritarrei ez die ondoriorik ekartzen, prozesu baten adierazpidea da. Zilarra da, urrerako bidean goaz. Erdibidean gaude, eta hori ere akuilua da. Joera bat konfirmatzen du, Aldundiak egindako lana kreditatzen du. Kanpoko ebaluazioa onartu duen instituzio gorena da, erakundea bere osoan ebaluatzeko prest izan dena. Aurreko Aldundiari aitortu behar zaio erronka handia jarri ziola bere buruari. Inpultsoa hartzen lagunduko digu, behar dugun bidea egiten. Euskaraz ariko den Aldundia bilakatzea da gure helburua, jarduna, lana, euskaraz egitea. Beraz, bide horretan guretzat akuilua da.
Zure eguneroko jarduna euskara hutsean egiterik baduzu?
Bai. Orain arte, Batzar Nagusietan bakarrik egin behar izan dut gazteleraz, galdera egin den hizkuntzan gutxienez erantzun behar baita. Gure joera euskaraz aritzekoa denez, euskaraz erantzundakoa itzultzea eskatzen du.
Donostiako Udaleko euskara arduradunekin harremanik ba al duzu?
Bai. Lankidetzaren lehen adibidea, Euskararen Nazioarteko Egunean abian jarritako Gipuzkoa berriketan ekimen bateratua da. Gipuzkoan mintzodromoak abiatzeko dinamika da, eta pozik gaude beraiek izan direlako eragin gaituztenak. Harremana badugu, nik neronek Nerea Txapartegirekin badut, eta lehenengo urratsetan gaude. Guk Donostiarekin, bereziki, lan egin nahi dugu. Nahitaezkoa iruditzen zaigu, hiriburua da, hiri handiena, biztanle gehien duena, hainbat erakunde hemen biltzen gara, oso euskalduna da… Bion artean traktore lan handia egin dezakegu, eta gure aldetik, beraz, lankidetzarako borondatea handia da.
Bilduk bere programan Donostiako Euskararen Udal Patronatua desagerrarazi eta udal egituran barneratzea proposatu zuen. Zer deritzozu?
Nire ustez, Bilduren proposamena oso egokia izan zen. Aldundian Bilduk egindakoarekin paralelismoa egin daiteke; egun Euskara Zuzendaritza ez dago kultura sailean, kabinetean dago, aginte katean punturik garrantzitsuenean. Donostian nola geldituko den ez dakit, baina Udal atal bilakatzea behar du. Proposamen horretan parte hartu nuen aholkua emanez, eta egiturari mesede egiten diola uste dut. Egun, alboko egitura bat da, eta euskara ere alboko gisa gelditzen da. Udalen egituran integratuz zutabe bilakatu nahi dugu. Donostian, eta gainerako udaletan ere, ardatz bilakatu nahi dugu, egitura guztiak blaituko dituen ura.
Zergatik da garrantzitsua Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzea?
Ni kontra ibili izan naiz, egun instituzional gisa ikusi dut eta urtetan ez naiz oso proaktiboa izan. Baina bai ikusi dut herritarrek bere egin dutela, eta eurak direla bultzatzen ari direnak. Jada ez da eztabaidarik, herriak dioenari kasu egin behar diogu eta aurrera egin horrekin. Ez naiz sustatzaile sutsuena izan, baina bat egiten dut. Egun batean, bederen, euskarari oihartzun nabarmena ematea eta aldarri hori hor jartzea baliagarri iruditzen zait. Hala ere, euskararen egunak egunero eta orduro dira. Hori da ni kezkatu izan nauena, ez ote ginen egun baten aldarrikapenean geldituko, eta segidan hori ahaztu. Uste dut ezetz, herritarrek nahi dutela egunero euskararen egunak izatea.
Irutxuloko Hitzako kolaboratzaile izan zara urte askotan. Zein da tokiko komunikabideen papera euskararen normalizazioan?
Nahitaezkoa da. Bizitzeko oxigenoa behar dugun bezala, euskaraz bizitzeko, euskarazko hedabideak behar ditugu forma guztietan. Nik behar dut. Herri txikia gara, jende gutxiegi guztiak eusteko… Sektoreak erakundeekin lankidetza nola aurrera eraman aztertu behar du, baina nahitaezkoak direla zalantzarik ez dut. Ni euskaraz bizi naiz ahal dudan heinean, beraz, Hitza, Argia, Berria, Zuzeu.com, Euskadi Irratia… horiekin aritzen naiz. Erdaldunetara ez naiz hurbiltzen. Horiek behar ditut, eta ez baleude asmatu beharko genituzke; egin genuen.
Bagera Euskaltzale Elkartearen Mintzalaguna programari Antton Abbadia saria eman diozue. Zer goraipatu nahi izan duzue?
Ekimen horrek dena du on, euskararen mesederako da zentzu guztietan. Euskararen ezagutza eta erabilera batzen ditu; erabiltzea bilatzen baitu, baina erabiliz ahala gehiago ikasten dugu. Ekimena positiboa da, atsegina, arina, lagunarteko giroan egin eta hori sustatzen du… Ez dakit nola ez genuen lehenago asmatu! Gainera, boluntarioek egindako lana da, auzolana. Pozten naiz bereziki azken urteetan hartu duen oihartzun eta indarragatik.
Motzean
- Donostiako txoko bat? Urgull.
- Eta Altzakoa? Lauaizeta.
- Idazle donostiar bat? Koldo Izagirre, baina altzatarra da!
- Euskal musika talde bat? Sexty Sexers.
- Euskara erderaz defendatu edo euskaraz euskara gutxietsi? Ez bata ez bestea. Euskaraz egitea lehenesten dut, baina zer dela-eta gutxietsi?
- Euskararen oztopo nagusia zein da, ezagutza ala erabilera? Biak, bakoitza bere tamainan. Ezagutza gabe ez dago erabilerarik, baina ezagutu ez erabiltzeko heriotza da.
- A eredua? Baztertu egin behar da, ez du ezertan laguntzen. A eredua AEBtan.
- Blanca Urgell? Euskalgintzarekiko eta euskararen garapen nabarmenagoa nahi dugunekiko aurreiritziak bazterrean utzi behar ditu.