Artemio Zarco hil egin da
Egiako idazle eta abokatua gaur erraustuko dute; agur ekitaldia egingo diote datozen egunetan
Artemio Zarco idazle eta abokatu egiatarra asteartean hil zen, 81 urte zituela. Bere sendiak jakinarazi duenez, gaur bertan erraustuko dute gorpua, eta datozen egunetan agur ekitaldia egingo diote. Zarco donostiarra zen jaiotzez eta izatez. Zazpi urte zituela, Durangoko bonbardaketa bizitu zuen. Bien bitartean, Zarcoren aita, anarkista, frankisten aurkako borrokan hil zen. Frantziara, Bordelera zehazki, ihesi joan zen bere familia, eta han, kontzentrazio esparru batean preso hartu zituzten. Nazien okupaziotik ihesi, ordea, 1939an Donostiara itzuli ziren.
Zuzenbidean lizentziatu ondoren, 1954. urtean hasi zen abokatu gisa lanean; eta Francoren aurkako presoak defendatu zituen. Burgosko prozesuan parte hartu zuten abokatuen artean izan zen, 1970. urtean, eta Antxon Karrera defendatu zuen.
Idazle bezala ere lan oparoa egin zuen, eta guztira zortzi liburu idatzi zituen: De fusilamientos y clerigos al modo rabelesiano (1978), A la mayor gloria de Dios (1983), Doña Leona y sus abogados (1991), Los regocijos de la carne (1991), Cuentos orientales y cronicas occidentales (2000), Odiaras a tu enemigo (2001), Satiricon (2005), eta Ese final que os acecha (2007). Bestalde, iritzi artikuluak ere idazten zituen oraindik ere Gara egunkarirak, 2000. urtetik. Orokorrean, probokatzea gustuko zuela onartu zuen behin baino gehiagotan Zarcok, eta bere liburuak horretarako erabiltzen zituen. Bere azken eleberria, esaterako, Ese final que os acecha (2007), Donostian kokatu zuen, eta kritika soziala eta umorea elkarlotu zituen istorioan. Instituzioez behin baino gehiagotan kexatu zen bertan. «Nobela honetan etengabe probokatzen dut. Ez dakit zehazten ditudan pertsonaiak identifikatuak sentituko diren ala ez, nork daki», adierazi zion Irutxuloko Hitzari 2007an.
Naif pintura motaren eta musika klasikoaren zale amorratua zen. Hala, Europako hainbat hiri bisitatu zituen opera kontzertuak entzutera joateko. Horrekin gutxi ez, eta oraindik ere zutik dagoen Altxerri galeria ireki zuen Juan Kruz Unzurrunzagarekin batera, Erdialdean.