"Asko sufritu arren, merezi duen kirola da txirrindularitza"
Jon Sanchez, Oier Gurutzeta eta Markel Laskurain: Donosti Berriko txirrindulariak
Pistan zein errepidean izan, bizikleta gainean kilometroak egitea dute gogoko; profesional izatea zaila ikusten duten arren, lanean jarraituko dute, txirrindularitza sendo defendatuz.
Donosti Berri Txirrindulari Eskolako kideak dira Markel Laskurain (Intxaurrondo, 1994), Oier Gurutzeta (Egia, 1989) eta Jon Sanchez (Intxaurrondo, 1995). Txirrindularitza dute gogoko kirola, eta errepidean zein pistan aritutakoak dira. Momentu honetan, euren klubak belodromoan urtero antolatzen duen Gipuzkoako Challengean parte hartzen ari dira, lan txukuna eginez. Txirrindularitzaren inguruan eta euren esperientziaz hitz egin diote Irutxuloko Hitzari.
Zenbat denbora daramazue txirrindularitzan?
Markel Laskurain. Ni duela bost urte hasi nintzen. Lehen urtea nahiko aldrebesa izan zen, baina gero dieta eta ohituretara moldatzen joan nintzen. Aurretik futbola egiten nuen eta poliki-poliki kirol aldaketa nahiko eramangarria izatea lortu nuen. Jon eta beste lagun batekin hasi nintzen. Orain oso gustura nago, sekulako taldea dugulako eta familia baten modukoa delako.
Oier Gurutzeta. Ni duela 11 urte hasi nintzen txirrindularitzan, DBHko lehen mailan nengoela. Futbolean nahiko txarra nintzen eta taldetik pixka bat baztertu nindutenean, kirolez aldatu beharra nuen. Bizikletan ibiltzea beti izan nuen gogoko, eta nire aitarekin hasi nintzen. Federaziora joan nintzen eta Donosti Berrira bideratu ninduten. Lehen lau urteetan nahiko gaizki ibili nintzen, sailkapenaren erdialdetik ibiltzen nintzen beti. Azkenean pistan bereiztea erabaki nuen, eta nahiko ongi nabil. Iaz, esaterako, Gipuzkoako Txapelketan hirugarrena izan nintzen.
Jon Sanchez. Kirol askotan aritu ondoren, Markel eta beste lagun bati esker txirrindulatza ezagutu nuen duela lau urte. Hasiera niretzat ere ez zen onena izan, baina lehen bi urteak igaro ostean, lasterketaren bat irabazten hasi ginen. Espainiako selekzioarekin atzerrian ere egon naiz eta aurrerantzean ere gozatzen jarraitzea espero dut.
Orain arte zertan aritu zarete gehiago, errepidean edo pistan?
Gurutzeta. Haur mailan hasi nintzen eta lasterketak industrialdeetan egiten genituen, haurrentzako seguruagoa baita. Gero, kadetetan, udan errepidean eta neguan pistan ibili nintzen. Ordutik, urtez urte bi modalitateetan ibili naiz, baina afizionatuetan errepiderako oso maila handia eskatzen zidatenez, pistan geratu nintzen, eta oso gustura nabil.
Laskurain. Gu ere haur mailan hasi ginen, industrialdeetan. Kadeteetara igotzean, hasiera nahiko gogorra izan zen, baina pixkanaka ohitu ginen. Iaz hobeto ibili nintzen errepidean, eta bi modalitateetan jarraitzen dugu.
Sanchez. Nire ustez gehienek nahiago dute errepidea, politagoa delako. Askok beldurra diote belodromoan biraka ibiltzeari; abiadura handiagatik erorketak oso gogorrak izaten baitira.
Bizikleta bera ere oso desberdina da errepidean edo pistan aritzeko. Zein dira desberdintasun nagusiak?
Laskurain. Pistakoek ez dauka galga edo frenorik eta errepidekoak bai. Pistakoan beti erritmu berdina daramazu eta errepidekoan, berriz, aldapak daudenez, martxa-aldagailuekin ibili beharra dago. Pistan tropelean ibiltzera ohitzen zara.
Gurutzeta. Pistan estrategia bat zehaztea oso garrantzitsua da, hasieratik indartsu atera edo ez… Errepidean ibilbideak zehazten du gehiago zer egin behar den.
Denboraz ongi zabiltzate entrenatu eta ikasteko?
Gurutzeta. Nahiko ongi. Belodromoan entrenatzeko ordutegia askoz ere malguagoa da; ez du axola euri egiteak edo iluntasunak. Errepidean, neguan arratsaldeko seietatik aurrera ibiltzea, berriz, arriskutsua da. Belodromoan, askotan, arratsaldeko zortzietatik hamarretara entrenatzen dugu. Beraz, arratsaldean ikasteko eta lagunekin egoteko denbora izaten dugu.
Entrenatzeko egoera onean dago belodromoa?
Gurutzeta. Bueno… okerrago egon i zan da, duela lauzpabost urte okerrago zegoen, itoginekin… okerragotan ibili garenez, ezin gara gehiegi kexatu.
Sanchez. Gutxienez estalia dago.
Belodromoko Gipuzkoako Challengean parte hartzen ari zarete. Zer moduz doakizue?
Laskurain. Lehenengo jardunaldian ongi, baina ikasketengatik eta beste kontu batzuengatik sailkapenean behera egin nuen. Orain goraka noa, baina Jon da hoberen dabilena Juniorretan. Ea horrela jarraitu eta Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketetan lan ona egiten dugun.
Gurutzeta. Ongi hasi nintzen eta lehenengo hiru jardunaldietan hirugarren postuan egon nintzen, taldekide baten atzetik. Gero pare bat lasterketa txar egin nituen eta seigarren postura jaitsi nintzen. Momentu honetan laugarrena naiz eta nire aurretik dagoen kataluniarrari egurra eman nahi diot. Ea geratzen diren bi lasterketetan podiumean sartzea lortzen dugun taldeko bik. Sekula baino gogo gehiagorekin ari naiz lehiatzen.
Sanchez. Ez nintzen oso ongi hasi, baina pixkanaka gora egin dut eta laugarren postuan nago.
Nola ikusten zarete etorkizunean?
Laskurain. Niretzako denbora-pasa da; oso gutxi dira pista txirrindularitzaz bizi direnak. Ikasketak bukatzean ere jarraitzea gustatuko litzaidake, zikloturista moduan bada ere.
Sanchez. Profesionaletara iristea gustatuko litzaiguke, baina oinak lurrean jarrita, badakigu hori oso zaila dela. Saiatuko gara horra heltzen baina bestela hemen jarraituko dugu.
Nola animatuko zenituzkete gazteak txirrindularitza egitera?
Gurutzeta. Gizartea aldatu egin da. Txikitan ni bizikletan ibiltzera askotan joaten nintzen, orain ez dut hori ikusten.
Laskurain. Txirrindularitzak ospe txarra du jendearen artean. Futbolari sekulako garrantzia ematen diote komunikabideek, eta txirrindularitza bazter batean uzten dute, beste kirol asko bezala. Haurrei esango nieke, txirrindularitza probatzean, ikusiko dutela polita dela. Asko sufritu arren, merezi duen kirola da txirrindularitza. Beste kirol batzuetan irainak egoten dira, baina hemen guztiei berdin animatzen diete gurasoek.
Sanchez. Beste kirol batzuetan baino lagun gehiago egiten direla esango nuke. Beste taldeetako kideekin harreman oso ona dugu.