Classic zikloa gaur hasiko da
Aurkezpena egin dute antolatzaileek ekaina bitartean zikloa osatuko duten bost kontzertuen berri emateko
Classic zikloaren urtarrila eta ekaina arteko denboraldiaren berri eman dute ekimenaren arduradunek. Izan ere, gaur bertan izango da bost kontzertuetatik lehenengoaren txanda. Donostiako Kultura Musikala Elkartearen eta Donostia Kulturaren elkarlanari esker osatutako ekimena da Classic. Hala, nazioartean sona duten abeslari eta musikariek eta bultzadatxoa behar duten musikari euskal herritarren erakusleihoa bihurtzen dute hiria. Aurkezpenean, Donostia Kulturako Miguel Martin eta Kultura Musikala elkarteko Eduardo Clausenez gain, kontzertuetako protagonistetako bi ere egon ziren; Jose Luis Turina, Espainiako Gazte Orkestra Nazionaleko zuzendari teknikoa, eta Santiago Banda, Camerata Ad Hoc taldeko abeslarietako bat. Guztien artean, aurkezpen aberatsa egin zuten, Victoria Eugeniako kontzertu irekietarako gonbidapena luzatuz.
Guztira, egitaraua bost kontzertuk osatzen dute, honako protagonistekin: Espainiako Gazte Orkestra Nazionala, Miguel Ituarte, Krystian Zimerman, The Kings Singer eta Camerata Ad Hoc. Zikloa ireki duen kontzertua, Espainiako Gazte Orkestra Nazionalarena izango da. Jose Luis Turinak azaldu zuenez, aurreko astelehenetik Zestoako bainuetxean daude gazte orkestrako 108 musikariak, zuzendariekin batera. «Data hauetan bainuetxea itxia egoten da, baina guretzako irekitzen dute, eta elkarrekin egoteko eta entseatzeko toki egokia da», azaldu zuen Turinak. Hala, orkestrak azken sei urteetan egin duen moduan, aurten ere bere ibilbidea Donostian hasiko du. Turinaren arabera, gaur eskainiko duten kontzertua bi zatitan banatuko dute, eta adin guztietako ikusleentzako egokia izango da. «Kontzertu erakargarria eta ikusgarria izango da Victoria Eugenian eskainiko duguna», aipatu zuen Turinak.
Santiago Banda zumaiarra, berriz, Camerata Ad Hoc taldeko kidea da. Berak azaldutakoaren arabera, euren taldeak ez dauka abeslari kopuru finkorik, baina beti ere 10 baino gutxiano izaten omen dira. «Musika bizitzeko era berezia dugu eta elkartzen garen bakoitzean gozatu egiten dugu», aipatu zuen Bandak. Gainera, Carmen Linares flamenko kantariarekin batera arituko dira Donostian. Hala, Espainiako herri kantak eta sinfoniko-flamenkoak tartekatuko dituztela azaldu zuen. Guztira, 60 minutuko kontzertua eskainiko dute eta atsedenik izango ez duen arren, hiru zati oso desberdinetan banatuko dute.
Oraindik gehiago
The Kings Singer taldea oso maila handiko gizonezko abeslariek osatzen dute eta oso errepertorio zabala dute. Miguel Ituarte, berriz, pianista getxoztarra da, eta maila oso ona duen arren, merkatuan leku bila dabil. Azkenik, Krystian Zimerman esperientzia handiko musikaria da eta bere lanari esker sari asko lortutakoa.
Classic
- Non. Victoria Eugenian.
- Ordua. 20:00etan.
- Sarrerak. Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eros daitezke; baita Telekutxan edota kutxasarrerak.net webgunearen bidez.
- Prezioa. 10-40 euro artean
- Gaur, urtarrilak 11. Espainiako Gazte Orkestra Nazionala.
- Martxoak 20. Miguel Ituarte pianista.
- Maiatzak 3. Krystian Zimerman.
- Ekainak 2. The Kings Singer.
- Ekainak 30. Camerata Ad Hoc.