Felix Maraña: "Kale izendegi berria nire erara idazteko tentazioa ere badut"
Felix Maraña-Kazetaria
Donostiako kaleetatik 100 aztertu ditu Groseko kazetariak, eta ondorioztatu duenez, ez dute hiriaren ondarea eta historia gordetzen.
Felix Maraña (Gros, 1953) idazle eta editoreak Donostia kalez kale liburua argitaratu zuen orain aste gutxi; liburuetan agertu ez arren, hiriaren historia idatzi duten pertsonak berreskuratuz. Jendeak zoriontzeko eta lanaz hitz egiteko gelditzen du kalean, eta Marañak “abentura zoragarria”izan dela aitortu du. Horregatik, gelditzen diren 500 kale ingururekin jarraituko du. Lehen bilduma, 16 eurotan salgai dago.
Hitzaurrean liburua zer den azaltzen duzu. Zer da?
Gogo egoera da, hiriari eginiko kanta. Editoreak 100 kale proposatu zizkidan, eta ez nion bakarra ere eztabaidatu; horien bidez, hiriari, gauzei eta pertsonei buruzko tonu eta begirada berria eskain nezakeela pentsatu bainuen. Pertsonaia asko daude historia formalean agertzen ez direnak, eta nik bezalakoek idatzi ezean, inoiz azalduko ez direnak. Hiria begiratzeko modua berreraiki behar da. Donostia beste modu batean azaldu dut, nahiz eta gauza asko kontatu gabe utzi behar izan ditudan.
Kaleei izena ematen dietenak nortzuk diren azaldu baino, kaleei lotutako pertsonei buruz hitz egin duzu.
Kalez kale egitea aitzakia komertziala da, baina ez zidaten zeri edo nori buruz idatzi behar nuen esan. Testu kritikoa da, kale gehienen izenek zentzurik ez baitute. San Martin kalean bertan garajea zuen Felipe Mujika aipatzen dut. Hiriaren bizitzako parte zen, autoen Gurutze Gorria. Peña y Goñi kalean ez badut Virginia Martinez del Castillo feministari buruz hitz egiten, inork ez du egingo.
Zergatik diozu zentzurik ez dutela?
Donostia hiri hila da. Ez daki memoria zer den, eta agintariek kalea edonori eskaini diote. Hirigintza balioei buruzko kontua da. Hainbat tokitan desagertutako ondarea gogora ekartzeko idazkunak jartzea askotan proposatu diet, donostiarrek eta kanpokoek ezagut dezaten gure historia. Ondarearekiko erdeinua eta utzikeria izugarria da, ez dute ezer kontua hartzen. Kiroldegi bati Pio Baroja izena jartzea, unibertsitate bati Luis Arconada jartzea bezala da. Hori 20 urtez egin da hiri honetan.
Lanean beste historia liburuetan agertzen ez diren pertsonen bidez azaldu duzu hiriaren beste historia.
Ez beste liburuetan ezta jendearen gogoan ere ez dira ageri. Pablo Sorozabalen edota Txantxilloren bidez [Santiago Hernandez Redondo] konta daiteke Donostiaren historia politikoa. Txantxillok donostiar asko esatera ausartzen ez zen gauzak esaten zituen. Bera erabiltzen zuten horretarako: ‘Santiago ez ezazu Guardia Zibilari buruz gaizki hitz egin edo atxilotuko zaituzte’, eta gaizki esaka hasten zen. Bere irudi nahiko arlotea zabaldu dute, baina hori baino askoz gehiago zen; oso tipo interesgarria izan zen, eta berari buruzko liburua prest dut. Arrandegi kalean Irutxulo taberna zuen Patxi Alkorta ere beste adibide bat da. Zurito izena asmatu zuen, haurrei globoak oparitzen zizkien, 1986an Mexikon Olinpiar Jokoetan Black Power-a aldarrikatu zuten atletei txapelak oparitu zizkien… Egiazko magia sortu zuen hirian, eta berari buruz hitz eginda hiria azter dezakezu. Donostia magikoa, baina erreala, dinamikoa, jai girokoa.
Hiriaren ondasuna suntsitu egin dutela diozu. Zergatik?
Nagusiki, ondarea ez da eraikitzen dena, eraisten ez dena baizik. Zuhaitzak moztu dira, Norteko geltokitik gertu zegoen fielatoa kendu dute… Mundu osoan denen gogoan zentzua duten gauzak gordetzen dira; hemen, gure kalitate historikoa, bizi kalitatea, eta memoriaren aurka egin dute. Konstituzio plazan XIX. eta XX. mendeetan hiriko argitaletxe garrantzitsuena izan zen, Casa Baroja. Horri buruzko plakak bertan egon beharko luke. Proposatu nuen, baina ez didate kasu egin.
Zer ondare gelditzen zaio hiriari?
Giza ondarea. Izen batzuk aipatzearren: Pio Baroja, Gabriel Zelaia, Fausto Arozena, Telletxea Idigoras… Hiriaren historiaren eraikuntzan parte hartu zuten pertsonak. Horrekin batera, jende gazte asko dago, hiriaren bizitzaren parte direnak, baina sari bat irabazi arte inork ez die kasurik egiten. Giza ondarea babestea da da hiri honek duen egitekoetako bat, bestela, hiritarrak beste egiarik eta historiarik ez dela barneratzen doaz.
2013a hori berreskuratzeko aukera izan daitekeela esan duzu inoiz.
2013ak hiria non dagoen ohartzeko ez badu balio, 2016ak lau ekitaldi egin eta sukaldari ezagun batzuk etortzeko baino ez du balioko. 2013ari buruzko zerbait egingo duten ez dakit, baina honek orain 5 urte prest egon behar zukeen. Ez du garesti edo ikusgarri izan behar, hiriaren historiari buruzko erakusketa egokia nahikoa da.
Gainontzeko kaleekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Noski. Horrelako liburua idaztea kosta egiten da, baina aurrera jarraituko dut. Mota honetako testuekin eta bestelako irudiekin osatuko dut. Kale izendegi berria nire erara idazteko tentazioa ere badut. Liburua hiriaren biografiari buruzkoa da. Ernest Hemingwayk esan zuen ‘Donostia norbere buruarekin ondo egoteko hiria da’ Alkatea banintz hiriko sarreran 10 hizkuntzatan jarri edo publizitate gisa erabiliko nuke.