Bidelagunik ez, autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko
«Leku aproposa litzateke metroaren alde egingo balitz», dio PPko Jose Luis Arrue zinegotziak
Udal gobernuak zail izango du, oposizioko udal taldeen jarrera aldatu ezean, autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzeko bidelaguna topatzea. Bazterrak nahasten jarraitu baino, aurreko udal gobernuak mahai gainean jarritako proposamenarekin aurrera egitearen aldekoak dira EAJ eta PSE-EE. Nahiz eta Bilduk aurkeztu duen proiektua ezagutu eta aztertzeko prest egon, orain arteko jarrerari eusten diote. Udal gobernuaren asmoen alde egiteko prest agertu ziren bakarrak PPko kideak izan ziren; orain hori ezta ere. Jose Luis Arrue zinegotziaren hitzetan, «Loiolako Erribera autobus geltokiarentzat leku aproposa litzateke Donostialdeko Metroaren alde egingo balitz».
Udal talderen baten jarrera aldaketa beharrezkoa izango da autobus geltokia Memoriaren Lorategiaren azpian egin ahal izateko. Autobus geltokiaren proiektuak aurrera egiteko beharrezkoa izango da hirigintza planean aldaketa egitea. Izan ere, Plan Orokorrean egin beharreko egokitzapenak udalbatzak onartu behar ditu, eta Bilduk gehiengoa ez duenez beste talde baten babesa beharko du nahitaez.
Autobus geltokia 2016an eraikitzeko jarri duten jomuga «berehala» iritsiko dela ohartarazi du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak. Eraikitzen hasteko epeak eta ekonomikoki bideragarria den azterketa ezagutu nahiko lituzke Arruek; baita azpiegiturak eragiten dien gainontzeko erakundeek udal gobernuaren iritziarekin bat egiten ote duten.
«Ezer ez egitea»
Arrueri ez ezik, EAJko bozeramaile Eneko Goiari ere Bilduk iragarritakoak zalantza handiagoak piztu dizkiola kritikatu du. Goia, gainera, askoz ere gogorragoa izan da Bildurekin. Autobus geltokia gora eta behera ibili ondoren, «ezer ez egitea ez ote duten helburu izango» adierazi du Eneko Goiak. Bilduk landuagoa egon zen proiektu bat aurkeztuko zuela espero zuen EAJko bozeramaileak: «Harrigarria da hain gutxi landutako proiektua aurkeztea, interes handiagoa azalduko zutela pentsatzen nuen». Lehenik eta behin, udalak azpiegitura egiteko ordaindu beharko duena argitzeko dagoela zehaztu du bozeramaile jeltzaleak,: «Loiolako Erriberako proiektuaren aurrekontua 25 milioi eurokoa da, udalak zenbat ordaindu beharko duen, ostera, ez dute zehaztu». Hala nola, Atotxan egiteagatik udalak hamar milioi euroko ekarpena egingo zuela aditzera eman du. Azpiegituraren finantzaketaren zati bat aparkalekua kudeatuko zuen enpresaren esku geratuko zela azaldu du Goiak.
Aparkalekua Loiolako Erriberan ala Atotxan egin zer ikusirik ez duela argitu du EAJko bozeramaileak. Atotxa Erdialdetik gertuago egonik, Loiolako Erriberak ez dituen beste aukera batzuk eskaintzen dituela argitu du.
Dbusen txostena
EAJko bozeramaileak bakarrik ez, Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak ere, garraio publikoari dagokionez, kokapen batek eta besteak izango lituzkeen beharrak neurtzeko Donostiabusek egindako azterketaren aurka egin dute. «Batere zorrotza ez» dela adierazi dute. Hiriko bazter guztietatik Atotxara autobusez heltzeko urtero egin beharko litzatekeen inbertsioa 3,3 milioi eurokoa dela esan zuen Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak aurreko asteko aurkezpenean; Loiolako Erribera autobus zerbitzua bermatzeko, berriz, 1,1 milioi eurokoa.
Udal gobernuari Atotxa Abiadura Handiko Trenaren geltoki bilakatuko dela kontuan hartzea ahaztu zaiola aditzera eman dute bai Eneko Goiak bai, Ernesto Gascok. Atotxako AHTaren geltokia aintzat ez hartzea «arduragabekeria itzela» deritzo EAJko bozeramaileari. Tren geltokira joan nahi dutenentzat, halaber, aparkaleku bat jartzea «beharrezkoa» izango dela erantsi du Martin Ibabe EAJko zinegotziak. Renfeko aldiriko trenaren zerbitzuari ere Bilduk aipamenik ez diola egin gaineratu du Ernesto Gasco bozeramaileak.
Proiektu «alderdikoia» dela, eta denbora alferrik galtzen jarraitzeak «zentzurik ez» duela adierazi du Gascok. Zain egon gabe berehala eraikitzen hasteko aukera eskaintzen duen proposamen bakarra Atotxakoa dela zehaztu du: «Eraikitzen has daitezen pankartekin atera beharko gara kalera».