Sandra Toral: «Jose K. pertsonaiaren ahotan jarri zituen beste inon idatzi ezin ziren arrazoi horiek»

Javier Ortiz kazetari donostiarrak idatzitako ‘Jose K. Torturado’ antzezlana aurkeztuko dute gaur dFerian; Sandra Toralen Studio Teatro konpainiak taularatuko du Antzoki Zaharrean.
Javier Ortiz (Donostia, 1948-2009) kazetaria zen. Ez zuen antzerkigintza ezagutzen, Studio Teatroko Sandra Toral zuzendariarekin topo egin zuen arte. «Nahigabe, baina berak erein zuen Jose K. Torturado obraren hazia», azaldu du Toralek.
Ortizek torturaren inguruan hitzaldi batzuk eman zituen Madrilen, 1996an. Toral ikusleen artean zegoen, eta bertan gertatutakoa ekarri du gogora dFeriako aurkezpenean:«Hautsak harrotu zituen dilema bat azaldu zuen. Terrorista batek bonba bat lehertarazi nahi du jendez betetako plaza batean. Atxilotu egingo dute. Ordubete geratzen da bonbak eztanda egiteko. Informazioa lortzeko Poliziak torturatu egingo du. Zilegi al da tortura kasu horretan, sarraskirik izan ez dadin? Ortizek tortura erabiltzeko salbuespenik ezin dela onartu adierazi zuen. Isiltasuna egin zen aretoan».
Ikusleen erantzunak Toral hunkitu egin zuen: «Jendea haserretu egin zen; batzuk aretotik joan ziren. Javierren aurkako irain oso gogorrak entzun nituen. Ezin nuen ulertu. Hura Torturaren Aurkako Elkarteak antolatutako hitzaldia zen-eta!».
Hitzaldi hartan gertatutakoak barrena astindu zion Torali: «Orduan ikusi nuen badagoela zerbait gure barnean konpondu ez duguna, eta beraz, berriz gertatuko zela. Psikologoek esaten duten moduan, ‘Sendatzen ez dena berriz gertatzen da’.
Eta Ortizi antzerkia egiteko proposamena egitea erabaki zuen. Ez zen erraza izan: «Ni oso lotsatia naiz, eta asko kostatu zitzaidan berarekin harremanetan jartzea. El Mundo egunkarira deitu nuen, garai hartan han lan egiten baitzuen. Hasieran txantxa zela uste zuen. ‘Niri ez zait antzerkia gustatzen, ez naiz antzerkia ikustera joaten’, esan zidan». Ekinaren ekinez lortu zuen berarekin geratzea, eta azkenean, obra idaztea.
Jose K.-ren arrazoiak
«Jose K. pertsonaiaren ahotan jarri zituen beste inon idatzi ezin ziren arrazoi horiek. ‘Zuk nahi duzuna da Jose K. terroristari arrazoiak ematea, ezta? Bere arrazoiak dituelako, jakina. Gustatu ala ez, bere arrazoiak ditu’, esan zidan Ortizek. Baietz esan nion. ‘Hori gustatzen zait. Politikoki zuzenak ez diren ideia horiek ezin dira inoiz entzun’. Eta arrazoia zuen; orduan pentsaezina zen argudio horiek azaltzea”, esan du Toralek. Beldurrez, antzerkia idazten zuen lehen aldia zelako, baina idatzi egin zuen. Erronkari eutsi zion.
Obra estreinatzeko zailtasunak
Zaila izan zen Ortiz konbentzitzea, eta are gehiago antzerki ikuskizuna taularatzea. Sandra Toralek ia hamabost urte eman ditu Jose K. Torturado obra estreinatzeko zain: «Proiektu zaila da, eta asko borrokatzen ari gara emanaldi gehiago lortzeko».
2005ean, Ramon Langa aktorearekin testuaren irakurraldi dramatizatu bat egitea lortu zuen. Orduan ere, hainbat ikusle haserretu egin ziren: «Ezintasun horren aurrean lan eta lan jarraitu nuen. Gironan estreinatzea lortu nuen arte. Urte hasieran Madrilen aurkeztu dugu. Ortizek behintzat Langarekin egindako irakurraldi hura ikusi ahal izan zuen. Oso urduri zegoen; hankak dardarka zituen. Baina izugarri disfrutatu zuen emanaldi hartan. Eta emanaldia hark berriz ere sortutako zalapartarekin ere pozik zegoen».
Zergatik astintzen du obra honek ikusleen barrena? «Galdera zaila da. Terrorista baten arrazoiak entzutea deserosoa da, eta hori da ikusleek entzuten dutena. Jose K.-k bere bizitza sistemaren aurka borrokatzen ematea erabaki du; izua eragitea, guk bakean ez bizitzeko. ‘Ezin dut zuen bake higuingarria jasan, dio obraren eszena batean. Hori entzutea izugarria da. Ikusleak uste du ez duela inolako empatiarik sentituko terroristarekin; baina hein batean, esaten duena ulertu egiten duela, eta hori sentitzea deserosoa da».
Gatazka honek, Euskal Herrian eta orain, gaurkotasun izugarria hartu duela dio Toralek: «Javier aitzindaria izan zen gai honen inguruan: ‘Ez badugu hitz egiten eta ez badiogu elkarri entzuten ez dugu aurrera egingo’, esan ohi zuen. Ziur nago Javier pozik egongo zela preso eta biktimen artean egin dituzten topaketa horiek ikusi izan balitu. Horiek ere arrazoiak entzun nahi dituzte. Obra honetan ere gustatzen ez zaigun aldearen arrazoiak entzutera gatoz. Eta horregatik asaldatzen da jendea. Ez gaude entzuteko prest, ezin dugu jasan. Munstro batekin enpatizatzen duzu, eta gaizki sentitzen zara zure buruarekin. Nahasi egiten zaitu. Hitzaldi hartan ere gauza bera gertatu zen. Pertsona bat torturatu al daiteke masakre bat ez gertatzeko? Zer ateratzen zaizu barru-barrutik? ‘Noski, torturatu dezatela, txikitu dezatela’. Gure sen primitiboa ateratzen da. Eta deseroso sentitzen gara».
Halere, Toralek argi utzi nahi izan du antzezlan hau ez dela torturaren aurkako «argudio huts bat». Planteamendu etiko bat dela adierazi du: «Gure barruan dauden dilemen inguruko planteamendu etiko bat. Tortura da horietako bat; aurkariaren arrazoiak entzutea beste bat. Javierrek zauria ukitu zuen gure barrenean. Bera ere atxilotu egin zuten, eta torturatu egin zuten. Atxiloaldiko eszena gogorrak kontatu zizkidan. Torturatzaileak, Ortiz torturatu ondoren, bere neska-lagunarentzako idatzitako poesia batzuk zuzentzeko eskatu zion. Jose Saramagok oso ondo esan zuen, ‘Gaizkia gugan dago, eta berarekin bizi gara lasai. Gerrarekin eta gosetearekin lasai bizi garen bezala’. Eta horrela da».
Donostiako saioa, desberdina
Eta zer esango luke Javier Ortizek bere obraren estreinaldiaren egunean? «Mutu egongo zen. Bost ardo zuri hartuko genituen lasaitzeko. Eta nik, ‘Begira nora iritsi garen!’ esango nion. Oso lotsatia zen, eta ezer ez inporta ez zitzaiola zirudien. Baina ikaratuta zegoen. Mila buelta eman zizkion testuari, lan izugarria egin zuen».
Euskal Herriko egoera politikoa dela-eta Donostiako emanaldia desberdina izango dela dio Toralek: «Hau da, dudarik gabe, Jose K. Torturado estreinatzeko lekua. Javier ere hemen jaio zen, eta obraren begirada ere hemen jarri zuen. Gustatuko litzaidake obra hau eztabaidarako plataforma bihurtzea, eta ikusleen artean elkarrizketa sortzea».