Zubietako «makrokartzelaren» kontra egiteko bat egin dute hainbat elkartek
Espetxea mantentzeko urtean 30 milioi euro gastatu beharko lituzketela kalkulatu dute
Salhaketa elkarteko bozeramaile Cesar Manzanosek argi dio: «Zubietan ezer eraikitzearen kontra gaude». Salhaketarekin batera, Arrats elkarteak, Kartzela Pastorala Taldeak, Loiolaetxeak eta beste hainbat eragilek Zubietan eraiki nahi duten «makrokartzelaren» aurka egiteko bat egin dute eta zigor penalen bat bete behar duten herritarrentzat beste irtenbideren bat bilatuko duen sistemaren alde egiteko eskaera egin diete erakundeetako ordezkariei. Egungo espetxe eredua «zigortzailea» dela eta «pertsonaren suntsipenerako pentsatuak» daudela salatu du Loiolaetxeko Mikel Goenagak.
Presoekin lan egiten duten eragile eta beste hainbat elkartek Zubietako lanak mantsotzeko Espainiako Gobernuak hartu duen erabakia baliatu dute «makrokartzelen» ereduaren inguruan hausnarketa egiteko eta «gizakia ardatz» duen espetxe sistema indarrean jartzeko eskaera egiteko. Gizarteratzeari bideak ixtearekin batera, urtero sortzen dituzten gastuak «oso garestiak» direla ohartarazi dute. «Aurreko legegintzaldian PSOEk 3.000 milioi euro bideratu zituen makrokartzela berrien eraikuntzarako; azpiegitura horiek mantentzeak, era berean, kostu handiak sortzen ditu, Zubietako kasuan, urtean, 30 milioi euro izango lirateke gure kalkuluen arabera», adierazi du Goenagak.
Horretaz gain, Zubietako azpiegitura justifikatuko duen «beharren inguruko ikerketarik ez» dagoela jakinarazi du. Atzo aurkeztutako agiriari babesa eman dioten elkarteen iritziz, «mediatikoki, Martuteneko espetxearen gabezia larriak erabili dira kartzela berria eraikitzeko aitzikia bezala». Zubietako egitasmoarekin, beraz, «presoen bizi baldintzak hobetzeko ardura beharrean hirigintzari loturiko bestelako interesak» daudela uste dute.
Sarea «apurtzen» ari dira
504 ziega eta 1.200 lagunentzako tokia izan dezakeen ekipamenduaren ordez, beste hainbat aukera azter daitezkeela esan du Manzanosek. «Aurretik egin diren azterketa batzuetan egun gastatzen den erdiarekin kartzela ez den beste aukera batzuk landu daitezkeela aztertu da», azaldu du. Salhaketak, esaterako, baldintzapeko askatasun egoeran dauden presoak laguntzeko, hainbat harrera etxe sustatu dituzte. Horiek eta beste hainbat egiteko aurrera eramateko, ordea, orain zailagoa dutela salatu du Cesar Manzanosek; erakundeak diru laguntzak murrizten ari direlako. Indarrean dagoen ereduari aurre egiteko osatu duten sarea «pixkanaka apurtzen» ari direla jakinarazi du.
Juan Karlos Izagirre alkateak SIEP-eko (Espetxe Ekipamenduetako Estatuko Elkartea) zuzendaritzarekin Madrilen izan zuen bilera baloratu du Cesar Manzanosek, halaber. Alkateak «makrokartzelen kontra» daudela esan izana nabarmendu du. «Hitzarmena molda daitekeen ikusteko dago; gertatuko denaren zain dago udala», erantsi du.