Gorpu bat aurkitu dute sastraka artean, Oriamendi pasealekutik gertu
Oso egoera txarrean zegoela deskribatu du Herrizaingo Sailak, «hezurdura bistan, arropa eta oinetakoekin»
Atzo goizean gorpu bat aurkitu zuten sastraka artean, Oriamendi pasealekuaren ondoan; Goiaztxiki eta Basozabaletik gertu. Ertzaintzak emandako datuen arabera, goizeko 8:30ean, inguruko sastraka mozten ari zen behargin batek topatu zuen gorpua. Ikusi bezain pronto Ertzaintzari abisua eman zion langileak, SOS Deiak telefonoaren bitartez. Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, hilotza oso egoera txarrean zegoen: «Hezurdura bistan, arropa eta oinetakoekin».
Gorpua agertu den eremua hesitu zuten poliziek, eta auzitegietako ordezkariek eta Polizia Zientifikoak gorpua aztertu eta eraman zuten. Ertzaintzak ikerketa ireki du, hildakoa identifikatzeko eta heriotzaren arrazoiak ezagutzeko.
Arratsalde partean, Oriamendi pasealekuaren ondoan bizi diren zenbait auzotarrek ez zuten albistearen berri, ezta bertan lanean ari ziren lorazainek ere. Udaltzainak ere bertan ziren, baina beste eginbehar batzuetan. Komunikabideen bidez gertakarien berri izan zutela –irratiz, hain justu– aitortu zion udaltzain batek Irutxuloko Hitzari.