Eneko Urkiola eta Amalur Alvarez, Riberas de libro de texto taldeko kideak:«Presioa egiten badugu, erabakia ez da hain politikoa izango»
Autobus geltokia Loiolako Erriberan eraiki dadin, kokaleku horrek dituen onuren berri emateko, Riberas de libro de texto taldea eratu du gazte talde batek.
Eztabaida politikoa gainditzen duen gaia da autobus geltokiaren kokalekua. Atotxa eta Loiolako Erriberaren artean aukeratu behar izanez gero, Amalur Alvarezek (Egia, 1988) eta Eneko Urkiolak (Amara Berri, 1985) argi dute: Loiolako Erriberako kokalekua da «aukerarik zentzuzkoena». Eskola liburu batean ager daitekeen ikasgai argi horietako baten parekoa dela uste dutelako Riberas de libro de texto taldea osatu dute.
Nola sortu zen taldea?
Amalur Alvarez (A.A.): Lagunartean sortu zen. Loiolako Erriberaren eta Atotxaren artean zer gertatuko zen arduratuta geunden eta elkartzea erabaki genuen. Kokaleku baten eta bestearen arteako arrazoi teknikoak aztertzen hasi ginenean, gehienak Loiolako Erriberaren aldekoak zirela konturatu ginen. Hori dela eta, blog bat irekitzea (Riberasdelibrodetexto.tk) erabaki genuen duela hilabete inguru.
Blogean sartu eta autobus geltokia non jarriko genukeen hautatzeko irudia dago parez pare.
Eneko Urkiola (E.U.):Intermodalitatearen kontzeptua ulertzeko irudia da. Ingeniariei jartzen zaien azterketa sinple bat da. Harvarden, esaterako, horrelako eredu bat jartzen diete, oinarrizko planteamendu bat egiteko modua baita.
A. A.: Geltokia eraikitzeko tokirik egokiena zein den pentsatzeko irudia da. Hiru puntu irudikatu ditugu: A, B eta C. Ez dira Loiolako Erribera, Atotxa eta Amara direnik esaten, irudiari begiratuta bakarrik, A jo beharko litzatekeelako aukerarik onena. Garraiobideen arteko konexio punturik handiena duelako. Donostiak eta Gipuzkoak komunikazio sare onena lortuko lukeen tokia da Loiolako Erribera.
E.U.: Halere, badira batzuk oso ondo ulertu ez dutenak. Kartelak jartzen ari ginela, itsasten ari ginen hori zer zen ez zutela ulertzen esateko hurbildu zaizkigu batzuk. Azalpen txiki bat emanda, ordea, berehala ulertu dute.
Logikoena eta zentzuzkoena delako aukeratu duzue Riberas de libro de texto izena, ezta?
E. U.: Agerikoa; begi bistakoa delako, de libro de texto. Aukerarik zentzuzkoena dela adierazteko izena da. Zerbait sinplea eta argia da, de libro de texto.
Gorabeherarik izan al duzue kartelak jartzerakoan?
A.A.: Behin kartelak itsasten ari ginela zapata denda batean sartu ginen eta dendariak kartela jarri aurretik azalpenak eskatu zizkigun. Atotxaren aldekoa zen. Hurbilago zuelako nahiago zuen Atotxa Loiolako Erribera baino. Aldiz, Donostia txikia dela, distantzia handirik ez dagoela argi utzi eta beste zenbait arrazoi eman ondoren, iritziz aldatzea lortu genuen.
Atotxaren alde dagoen askorekin egin al duzue topo?
A. A.: Jende asko ikusi dut Atotxaren alde. Erdialdetik gertuago dagoelako, behar bada. Jendeak Atotxa du buruan sartuta, baina ez dakite zergatik egiten duten haren alde.
E.U.: Askok erantzuten digute guk emandako azalpenak ez zituztela ezagutzen, inork ez zizkiela azaldu. Atotxaren inguruan oso informazio gutxi dago.
Zein azalpen ematen dizkiezue iritziz aldatu eta Loiolako Erriberaren alde egin dezaten?
A. A.: Loiolako Erriberako proiektuak etorkizunean handitzeko aukera ematen duela ikus daiteke. Atotxakoan espazioa oso mugatuta dago, ez dago behar adina lekurik. Atotxan autobus geltokia eraikitzeko, gainera, Erdialdean anabasa handia sortuko litzateke, besteak beste, hirugarren zubia moztu beharko litzakeelako.
E. U.: Atotxatik Renfe pasatzen da; EuskoTren, ordea, ez. EuskoTrenekin lotzeko beste trenbide bat egin beharko litzateke.
Abiadura Handiko Trenaren geltoki nagusia, ordea, Atotxakoa izan daiteke.
E.U.: Abiadura Handiko Trena Loiolako Erriberan geratzeko aukera jasotzen du proiektuak. Dena den, jendeak gehiago erabiltzen ditu EuskoTren eta Renfe. Abiadura Handiko Trenaren geltokia aireportu baten tankerakoa izango litzateke. Gertuko hiri eta herrietara joateko mugikortasuna errazten duena Loiolako Erribera da, azken batean. Atotxa ala Loiolako Erribera. Udaleko 27 zinegotziek izango dute azken hitza.
A. A.: Erabakia, politikariena baino, herritarrona izan beharko luke. Gure erabakia ere bada, guk erabaki beharko genukeelako gure dirua zertan nahi duten inbertitzea. Finean, guk erabiliko ditugu azpiegitura horiek.
Jarri al zarete udal taldeekin harremanetan?
A. A.: Ez. Gure nahia herriak eta herritarrek presioa egitea da. Presioa egiten badugu, erabakia ez da hain politikoa izango. Herritarron artean Loiolako Erriberaren aldeko ideia zabaltzen bada; alegia, aukera logikoagoa, ekonomikoagoa eta zentzudunagoa dela zabalduz gero, presio horren bidez zinegotzien iritzia aldatuko dugu.
Lortuko al duzue udal talderen batek iritziz aldatzea?
E.U.: Hala nahiko genuke. Osoko bilkuraren aurretik dugun denboran jo eta ke arituko gara; ez gara saiatu gabe geratuko. Hala eta guztiz ere, azkenean, Atotxan egitea erabakiko balitz, jendeak erabakirik onena ez dela izan barneratuta izatea gustatuko litzaiguke.
Teknikoki aukerarik «onena» dela dio Jon Albizu zinegotziak
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak, Loiolako Erriberako autobus geltokiak inguruko errepideetan izango duen eragina neurtzen duen txostena aurkeztu du. Egunero 477 autobus sartu eta aterako lirateke autobus geltokitik eta horrek puntako orduetan ez lukeela arazorik sortuko esan du Albizuk. Teknikoki, beraz, aukerarik «egokiena» dela dio eta autobus eta tren zerbitzuarekin intermodalitatea osatzeko «aukera ezinhobea».
Hiriko auzoak geltokiarekin lotzeko, Donostiabusek hiru linea gehiago eta 1,1 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke urtero.