Udal gobernuarekin inbertsio plan bat adosteko prest legoke EAJ
Papin industrialdera heltzeko errepidea eta Kursaal jauregia handitzea jo ditu Goiak lehentasunezko inbertsio
Bilduk 2012ko udal aurrekontua aurrera ateratzeko gainontzeko udal taldeekin adostasunera heltzeko eginahalak egin bazituen ere, saiakera antzuak izan ziren eta bertan behera utzi zuten aurrekontu proposamena. Udal gobernuak, dena den, inbertsio plan bat adosteko asmoa duela aurreratu du EAJk eta Bilduko kideekin zehaztu beharreko inbertsioak eztabaidatzeko prest daudela adierazi du Eneko Goia bozeramaile jeltzaleak. Ez du ukatu, gainera, bultzatu beharreko inbertsioak finkatzerakoan «sintonia» egon daitekeenik. «Ez dute gure proposamenak zentzugabeak direnik esan», adierazi du Goiak.
Jeltzaleek udal aurrekontuari egindako zuzenketetan adierazi bezala, lau jo dituzte lehentasunezko inbertsio: Papin industrialdera iristeko errepidea, Kursaal biltzar jauregia handitzea, etxebizitzak eraberritzeko neurriak hartzea eta Mons eta Altzako kiroldegiak eraberritzea.
Kursaal jauregia handitzeko proposamenarekin «tematuta» daudela onartu du udal taldeko bozeramaileak baina Donostiak biltzarrak antolatzeko erakargarri izaten jarrai dezan, «premiazkoa» dela uste dute. Bertako ekonomiaren aldeko «apustu» izan beharko lukeela erantsi du. Goiak gogora ekarri duenez, bi proiektu daude egun mahai gainean: bata, jauregia Zurriola pasealekuaren azpitik zabalduko lukeena eta aurrera ateratzeko 12-14 milioi euro arteko inbertsioa eskatuko lukeena. Bestea, berriz, merkeagoa litzateke (8 milioi euro) eta Kubo aretoaren lekua hartuko luke.
Kursaala handitu aurretik, Papin industrialdera heltzeko errepideari ekin diezaiokete, datorren asteko osoko bilkuran behin betiko onar dezaketelako errepidea egiteko plan berezia. EAJk plana aurrera ateratzeko, PPren babesa lortu du hirigintza batzordean; Bilduk abstentitu egin da, aldiz. Hirigintza zinegotziaren jarrera ez zaio Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziari txukuna iruditu. Gurrutxagak, era berean, errepidea egin ahal izateko, gauzatu beharreko desjabetzeak ordaintzeko dirua aurten lortzeko aukera legokeela argitu du.