Hamaika Telebistak Zuatzun du egoitza berria
Kultura, euskara, politika eta beste esparruetako aurpegi ezagunak izan dira egoitzaren inaugurazioan.
Hamaika Telebistak Zuatzun duen egoitza berria inauguratu zuen atzo eguerdian. 2007an sortu zuten euskarazko telebista, eta hiru urte geroago, emanaldiei ekin zioten. Bilbon lehen pausoak eman eta urtebetera, Donostiako etxeetara iritsi zen. Aurrera bide horretan, puntako teknologiaz hornitutako instalazioetara lekualdatu dira.
Kultura, euskara, politika eta beste hainbat alorretako aurpegi ezagun asko bertaratu zen PI@ eraikineko platoak eta aretoak ezagutzera. Besteak beste, Juan Karlos Izagirre alkatea, Martin Garitano ahaldun nagusia, Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendi, udaleko Euskara eta Kultura ordezkari Nerea Txapartegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua, Joan Mari Irigoien idazlea, Markel Olano ahaldun nagusi ohia, Ainhoa Beola, Kontseiluko buru Paul Bilbao edota Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizeaga izan ziren.
Aukerak eta beharrak
Aurkezpena hasteko, Hamaika Telebistako edukien arduradun Naroa Iturriak orain arteko ibilbidea gainbegiratu zuen.”Hasieratik argi genuen euskarazko beste telebista bat behar zela: anitza, xumea, hurbilekoa, parte hartzailea… Horretan gabiltza poliki-poliki”. Asmo hori gauzatzeko zutabe garrantzitsua izango da ateak ireki dituen egoitza. “Bertan plato eta tresna berriak izango ditugu lanean jarraitzeko”, nabarmendu zuen Iturriak. Iñaki Uria zuzendaria ere iritzi berekoa da: “Etxe honetan egonda, eta izango ditugun baliabideak kontuan hartuta, kalitatean igarriko da aldaketa”. Halaber, etorkizuneko erronkei hobe eusteko baliagarria izango delakoan daude. Tresnez gain, ordea, edukiek berebiziko garrantzia dute hedabideetan. Hauei dagokienez, “garai interesgarria” dela uste du Uriak; ETAren su-etenak edota krisi ekonomikoak “grina eta gogoa duen gurea bezalako komunikabidearentzat lanean jarduteko aukera paregabea ematen dute”.
Telebistak abian daramatzan bost urteotan finantzazioa eredua ia desagertu egin dela nabarmendu zuen Uriak; eta laguntza banaketen irizpideei buruz gogoeta egiteko eskatu zien agintariei. Euskarazko komunikazio esparruaren estrategia birpentsatzeko unea dela azaldu, eta “bizirauteko eta euskarazko beste leihoak izateko” tokiko komunikabideekin lan egiteko asmoa berretsi zuen.
Martxoan aurkeztutako webgune berriak eta tablet-etarako edukiek telebista munduan aurrera egiteko duten nahia agerian uzten dute. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako euskarazko irrati lizentzien erreserbetara aurkeztu direla ezagutarazi zuen zuzendariak.
Telebistako ordezkarien ondoren, Martin Garitanok eta Juan Karlos Izagirrek hitza hartu zuten. “Hamaika Telebista sorrera gertutik bizi nuen. Ohorea da hemen egotea eta zuen ahaleginak zoriontzea”, aitortu zuen Garitanok. Euskara zabaltzeko ahalegina euskaltzaleen eta euskaldunen izenean “txalogarria” dela gehitu, eta desio onekin amaitu zuen ahaldun nagusiak: “Hamaika ikusteko jaioak gara, eta hala izan bedi!”. Alkateak, berriz, Hamaika Telebista “Euskal Herria, Gipuzkoa eta Donostia euskalduntzeko behar-beharrezkoa” dela adierazi, eta elkarlanerako prest dagoela berretsi zuen. “Alkate gisa ohorea da egoitza nagusia Donostian izatea”.
Ekitaldia amaitzeko, Garitanok, Izagirrek eta Uriak urrutiko kontrolagailua hartu, eta Hamaika Telebista “piztu” zuten. Keinu sinbolikoaren ondoren, egoitza berria ezagutu zuten bisitariek.