Martin Arbezuren inguruko liburua idatzi du Iñaki Egañak
‘La increible historia de Martin Arbezu’ izenburupean eman du XIX. mendeko borrokalariaren berri
Bihar bertan izango da kalean Iñaki Egaña historialariaren (Amara Zaharra, 1958) liburu berria: La increible historia de Martin Arbezu. Duela hamabi urte inguru, beste kontu batzuen inguruan ikertzen ari zela, Mexikon izan zen Egaña, eta bertan jaso zuen lehen aldiz Martin Arbezuren berri. Izan ere, 1852an jaiotako hernaniarra, Mexikon arrastoa utzi duten euskal herritarren artean dago. «Martin Arbezu Mexikotik igaro zen justu Maximiliano enperadorea Juarezen aurka borrokan aritu zenean. Hortik bere arrastoa jarraitzen hasi nintzen, eta niretzako berari buruz ikertzen aritu naizen urte hauek zirraragarriak izan dira», azaldu du Egañak Txalaparta argitaletxearen webgunean. Hala, geroz eta kontu gehiago ezagutzen joan zen heinean, pertsonaia orduan eta interesgarriagoa iruditzen zitzaiola dio historialariak. «Azken batean, halako gauzetan ibiltzen garenok badakigu ikerketari jartzen diozun pasioak kutsatu egin dezakeela hortaz idatzi behar duzuna. Eta uste dut hori dela liburu honetan gertatu zaidana», gehitu du.
Egañak azaldutakoaren arabera, 20 urte baino gutxiago zituen Arbezuk, lagun batekin batera, Mexikora armak erostera joan zenean. Bigarren karlistada baino lehen gertatu zen hori, eta Santa Kruz apaizarekin borrokatzeko asmoa zuten. Mexikotik Londresera alde egin behar izan zuen, eta handik Parisera. Parisen atxilotu egin zuten, Komuna mugimenduaren barnean, eta Zelanda Berrira eraman zuten. Azkenean, ordea, Europara itzultzea lortu zuen.
Kontu horiek eta gehiago bildu ditu Egañak bere liburu berrian, eta kontu pare bat ziurtatu ditu, «zoragarria» dela, eta ia «abentura liburu bat» dirudiela.
Argitalpena
- Izenburua. La increible historia de Martin Arbezu.
- Egilea. Iñaki Egaña (Amara Zaharra, 1958).
- Argitaletxea. Txalaparta.
- Orrialde kopurua. 280.
- Prezioa. 18 euro.