Kutxa Kultur Festibalean zuzenean izango dira Lolas Club, Inra eta Correos
Hiru talde donostiarrekin batera, bertako beste zazpi taldek emango dituzte kontzertuak
Kutxa Kultur Festibalaren lehiaketara Euskal Herriko 60 musika talde baino gehiago aurkeztu dira. Jaialdiko antolakuntza taldeak taldeen «kalitatea, sormena eta ilusioa» ikusita, hautaketa egitea «zaila» izan dela esan du, baina hautatutako hamar taldeen berri eman du: Muturbeltz, Patta eta Sendaezinak, Lolas Club, Gora Gora Kids, Correos, Inra, Giranice, Peachy Joke, Naika eta Anai Arrebak. Horien artean, hiru donostiarrak dira; Lolas Club, Inra eta Correos. Hamar taldeak Igeldoko Kutxa Kultur Festibalean zuzenean jotzeko hautatu dituzte; Kutxa Kultur agertokian, irailaren 7an eta 8an. Hala, maila handiko eta nazioartean ezagunak diren taldeek joko duten jaialdi berean izango dira. Kutxak lagundutako beste zenbait jaialditan ere parte hartuko dute talde horiek, bakoitzak jaialdi batean joko duelarik, Mundumira, Surfilm jaialdia, Musikaren Eguna edo Dostikluba zirkuitua.
Talde guztien berri eman dute
Ginmusikako Sergio Cruzadok azaldutakoaren arabera, dagoeneko jakinak ziren Maximo Park, The Raveonettes, The Whip, Russian Red, The Horrors, Love of Lesbian eta Anarirekin batera, Los Campesinos eta Delorentos ere izango dira. Gainera, talde gonbidatu bezala, Wilhem and the Dancing Animals taldea ere izango da, ez bai zuten kanpoan utzi nahi izan, bertako taldeen lehiaketan hautatua izan ez bada ere.
Oraindik ere, sarrerak salgai daude, kutxasarrerak.com webgunean, 40 eurotan; eta Kutxako bezero gazteek deskontuak izango dituzte sarrerak eskuratzeko. Prentsaurrekoan azaldutakoaren arabera, badakite Estatuko txoko bat baino gehiagotatik bidaia antolatuak prestatzen ari direla, Donostian asteburu osoa pasatzeko.