Loiolako Erriberan auzoa da altxorra
auzo elkarteak gerturatzen diren guztientzako oparia prestatu duelako.
Altxorrak eta mapak elkartzea ohikoa da. Baina Loiolako Erriberako bizilagunek ez dute urrea eta harribitxiak bilatzeko gida atondu. Auzoa bera baita erakusteko altxorra. Horixe bera ikasi zuten iaz egindako ekitaldi ugarietan, eta bere isla ere izango du banatuko duten pergamino itxurako dokumentuak. Pergaminoak ohiko mapa izango du alde batean; bertan agertzen direla Loiolako Erriberako kaleak, errepideak eta azpiegiturak. Beste aldean, berriz, jakintzaren altxorra emango diote bisitariari. Izan ere, ingurunea osatzen duten kale izenen jatorriak banan-banan azaldu baitituzte dokumentuan.
Auzoko kaleek omentzen dituzten pertsonen artean nabarmentzekoak dira Beroiz anaiak. Mapak erakusten duen ibaiari irabazi bazioten Loiolako Erribera XXVII.mendean. Pergaminoan bildutako beste izenetako askok ere garrantzi handia izan dute hiriaren historian. Mikel Laboa, Nemesio Etxaniz eta Jesus Maria Alkain dira horietako batzuk.
Udalaren laguntzaz osatu dute mapa, eta ez da Loiolako Erribera ezagutzeko eta ezagutarazteko elkarteak egin duen ekimen bakarra; izan ere, iaz Zure Auzoa Ezagutuz jarduera sorta prestatu baitzuten; programa horren barruan bisita gidatu batzuk eta asanblada parte hartzailea izan ziren.
Maiatzaren 13an, igandean, banatuko duten oparia ekimen horren ginga bezala aurkeztu dute bizilagunek.
Auzo elkarteak maiatzaren 13ko Kirolaren Egunean pergamino-mapa bana emango die bertaratzen diren guztiei
Auzo berria izanagatik, bere sekretuak gordetzen ditu Loiolako Erriberak. Bizilagunen elkarteak, berriz, horiek guztiak bildu ditu oparitan emango duen mapan. Eskuratu nahi duenak Oroimenaren Lorategira joan beharko du maiatzaren 13an.
Berria den arren, dagoeneko bizitza dauka Loiolako Erriberak. Hori erakusten dute gutxika tradizio bilakatzen ari diren ekimenek, eta horien artean dago Kirolaren Eguna. Hain zuzen ere, aurten ere hutsik egingo ez duen hitzordua. 2012ko aldia, ordea, berezia izango da,