Kursaal handitzeko egitasmoa, mahai gainean
Kutxaren Kubo aretoarekin lotzeko proposamena aztertzen ari direla berretsi du Iker Goikoetxea gerenteak
Kursaal biltzar jauregia handitzeko proposamen baten inguruan ari dira lanean. EAJko udal bozeramaile Eneko Goiak aurreratu du albistea eta Kursaaleko gerente Iker Goikoetxeak berretsi dio Irutxuloko Hitzari. Biltzarrak antolatzen diren bankete gela Kutxaren Kubo aretoarekin lotzeko eraikin barruan korridore bat egitea izango litzateke egitasmoaren funtsa. Era horretan, mila batzarkide baino gehiago batzen dituen biltzarrak antolatzeko Kutxa Kuboa erabili ahal izango dela nabarmendu du Goiak, atzoko egindako agerraldi batean.
Egunkari honek galdetuta, Iker Goikoetxea Kursaaleko gerenteak Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bosna kidek osatzen duten administrazio kontseiluak egitasmo horrekin bat egiten dutela baieztatu du. Era berean, Kutxarekin adostasunera heltzeko haiekin harremanetan jartzeko eskatu diotela zehaztu du. Kursaaleko gerenteak, ordea, ez du beste xehetasunik eman nahi izan, akordiorik oraindik itxita ez dagoelako eta hizketan ari direlako.
Bi aukera
Eneko Goiaren hitzetan, Kutxak «begi onez» ikusiko luke proiektua. Kutxak ez bailuke aukera horrekin orain arteko jarduera zertan bertan behera utzi. «Mila batzarkidetik gorako biltzarrak ez dira hainbeste antolatzen eta noiz egingo diren behar adina denborarekin jakiten dutenez, Kutxaren programazioa biltzar horien arabera egokitu daiteke».
Jeltzaleek hiriko ekonomia suspertzeko aukera izan daitekeela uste dute, biltzar handiak erakarri ahal izateak aukera berriak zabalduko lituzkeelako hirian. Udal gobernuak, era berean, orain arte ez duela «lehentasunezko jo» zehaztu du Goiak. Mahai gainean dagoen proposamena, baina, neurri batean «erraza» eta orain arte aurkeztu dituzten proiektuak baino «merkeagoa» izango litzatekeela erantsi du Eneko Goia bozeramaileak.
Ez Goiak ezta Goikoetxeak ere ez dute biltzar aretoa eta Kubo aretoa lotzeko zenbateko inbertsioa egin beharko litzatekeen esan.
Kutxaren Kubo aretoa erostea «garesti xamarra» izango litzatekeela adierazi du Goiak. Jeltzaleak gogora ekarri duenez, mahai gainean zegoen aukeretako bat Kutxari Kubo aretoa erosi eta bertan biltzar eremua zabaltzea zen. Horretarako 8 milioi euro gastatu beharko liratekeela esan du.
Beste aukeretako bat jauregia Zurriola pasealekuaren azpian zabaltzea zen. «Zalantzaz beteriko» egitasmoa zela adierazi du. Hasiera batean, gainera, Kosta Zuzendaritzak ezezkoa eman zion proiektuari, nahiz eta gero aldeko txostena kaleratu. Proiektu hori aurrera eramateko 12 milioi eurotik gora gastatu beharko liratekeela gaineratu du udal bozeramaileak.