Zabalik da Kutxak antolatutako udako ekimenetarako izen ematea
Gaztetxoen Elkarteak, Eureka! museoak eta Ekoguneak 3 eta 18 urte artekoentzat jarduerak prestatu dituzte.
Udalekuak, auzolandegiak, lantegiak… Kutxa Fundazioak udarako prestatutako jardueretan izena emateko epea abian da. Aisialdi ludikoa eta kulturala sustatzeko helburuz prestatu dituzten egitasmoen zerrenda atzo aurkeztu zuten Kutxa, Eureka! zientzia museoa eta Ekoguneko arduradunek. Guztira, 3 eta 18 urte arteko 35.000 lagunek izango dute parte hartzeko aukera.
Gaztetxoen elkarteko eskaintza anitza da. Haur asko erakartzen duen Donostia ezagutuz ekimena euskaraz, gazteleraz nahiz ingelesez egiteko aukera izango dute 3 eta 12 urtekoek. Berritasun gisa, programan parte hartzen dutenek Axier Munian surflariaren Free Surfing eskolarekin elkarlanean, surfa eta honen inguruko filosofia ezagutzeko aukera izango dute. “Ingurumenarekiko eta hurkoarekiko errespetua landuko dugu”, adierazi zuen Munianek. Gurasoen eskaerari erantzunez, haurrek, hamabost egunez parte hartu ahal izango dute ekimenean.
Hiriko txokoak deskubritzeaz gain, Antzerkia euskaraz eta Arkitektura lantegia programak ere abian jarri dituzte. 12 eta 15 urte artekoentzat, aldiz, zineman, argazkilaritzan edo ur kiroletan murgiltzeko lantegiak egingo dituzte.
Zientziaren misterioak era ludiko eta didaktikoan ezagutu nahi dituzten 3 eta 10 urteko haurrek, Eureka! Zientzia museoan dute euren txokoa. Ekaina eta iraila bitartean, 1.700 haurrek izango dute udaleku irekien parte izateko parada. Horretarako hamaika txanda antolatu dituzte, gehienak euskaraz, goizez edo arratsaldez. Bestelako udalekuek ere ez dute hutsik egingo. Kutxabanken sorrera dela eta, gainera, Arotz Eneara, Briñasera (Errioxa) edo Sukarrietara (Bizkaia) joan erabaki beharko dute gaztetxoek.
Kutxa Ekoguneak 15 eta 18 urte arteko nerabeak kontuan hartu ditu bere eskaintza osatzean. Natura ingurunearen eta kultura-ondarearen babesa eta berreskuratzea lantzeko bi auzolandegi prestatu dituzte. Bata Ekainen, Lili burdinola berreskuratzeko; bestea Eskoriatzan, Iburuz erronkaren ingurumena berreskuratzeko. Parte hartzeak 175 euroko kostua du, eta bakoitzean, 22 lagunentzako tokia izango da.
Informazio gehiagorako edo izena emateko Kutxasocial.net webgunera jo.