Ramon Gomez (PP): «Programarik gabe iritsi dira agintera, baratze ekologikoetan pentsatuz»
Oposizioko hiru bozeramaileek udal gobernuaren urtebeteko lana kritikatu dute
Aldaketaren aldeko erronkari heldu diotela eta urte «zaila eta gogorra» izan den arren, lanean jarraitzeko «baikor eta pozik» zirela zioen Juan Karlos Izagirre alkateak herenegun. Oposizioko alderdietako bozeramaileek, bada, bestelako tankera hartu diote udal hauteskundeez geroztik pasa den urteari. Ramon Gomez PPko bozeramailearen iritziz, «ezustean, hirian garatzeko programarik gabe iritsi zen Bildu agintera, baratze ekologikoetan pentsatuz eta atez atekoa ezarri nahian». PSE-EEko bozeramailearen balorazioa ere ez da batere baikorra izan.
Donostiarrentzat eta donostiarren aldeko interesentzat «galdutako urtea» izan dela azaldu du Enrique Ramosek. Alkateak herenegun egin zituen adierazpenak, gainera, «autokritikarik gabekoak» eta elkartasuna baino, bereizketa indartzen duten hitzak izan zirela dio. Eneko Goia bozeramaile jeltzaleak Bilduren agintaldiaren «balorazio pobre eta geldoa» egin du. «Heldutasun politiko eza erakutsi dute», dio Goiak. Eguneroko kudeaketa aurrera ateratzeko garaian eta beste talde eta erakundeekin adostasunera heltzeko orduan, «elkar ulertzeko eta posizioak malgutzeko gaitasunik ez dute izan», gaineratu du. Udala goitik behera aldatzeko asmoz iritsi zirela baina pauso erabakiorrik ez dutela eman erantsi du bozeramaile jeltzaleak.
Orain arte erabakitakoa «zalantzan jarri» dutela esan du Ramon Gomezek. Gogoeta eta azterketaren zurrunbilotik ez direla ateratzen adierazi du Ramosek, halaber. Hori dela eta, autobus geltokiak, errauste plantak eta beste hainbat egitasmok ez aurrera eta ez atzera jarraitzen dutela plazaratu dute. «Eskarmentu ezak eta inprobisazioak eragin du hiria urtebean geldirik egotea», kritikatu du Gomezek.
Bi bozeramaileek, era berean, Bilduk landutako herri partaidetza kritikatu dute, agintaldi hasieran abian jarritako ekimenaren berri ez dutela esan du Ramosek. Gomezek, berriz, entzundakoari «inongo jaramonik ez» diotela egin adierazi du. Udaltzabak dionari ere kasurik ez diotela egiten erantsi du PPko bozeramaileak. «180 mozio baino gehiago dituzte pilatuta eta ez dute horiek kudeatzeko asmorik».
Osoko bilkuran zer gertatuko zain egongo dira Bilduko ordezkariak
Opozioko alderdiek autobus geltokia Atotxan eraikitzearen alde egingo dutela argi utzi badute ere, maiatzaren 30eko osoko bilkuran zer gertatuko zain egongo direla adierazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Proposamenarekin ez dutela atzera egingo zehaztu du.
Bilduren jarrera «umekeria» dela dio Eneko Goia EAJko bozeramaileak. «Aitzakiak albo batera utzi eta errealitateari aurre egin behar diote, aurrez erabakitako kokapenarekin aurrera eginez», dio.