"Hondartzan surflariok nahiago dugu bakarrik egon, baina antzokian filmak elkarrekin ikustea izugarria da"
Sancho Rodriguez, Surfilm Festibal jaialdiko zuzendaria
Itxas tresna erakusketa egin genuen, haren inguruan. Oihartzun handia izan zuen. Hemen oraindik surfingari buruzko istorio asko dago kontatzeko.
Zaila izan al da surf zinema aldarrikatzea?
Surfa ezagutzen ez duenak ez du ulertzen hainbesterako materiala dagoenik. Surf zinema da, baina oso zabala da. Skateari buruzko istorioak, surflarien eta marrazoen arteko harremana, Portugalen aurkitu duten olaturik handienai buruzko lan bat, olatu handien surfa, surfinga Kuban, surfaren paradisu ezezagunak… Outsider bat ez da konturatzen surfa bizitzeko eta kontatzeko mila modu daudela. Surfilm Festibala ez da itsasoan tuboak egiten ari den tipo bat pantaila handian ikustea.
Olatuak hartzeko lehia handia egon ohi da surflarien artean. Eta zinema aretoan?
Jaialdiak surflariok elkartu gaitu. Oso zuluak gara. Hondartza batekoak garenok ez dugu beste hondartzakoak gurera etortzea nahi. Hondartzan surflariok nahiago dugu bakarrik egon, baina antzokian filmak elkarrekin ikustea izugarria da. Donostia, Zarautz, Bilbo, Sopelana, Hondarribi… Eta hainbat herrialdetako atzerritarrak. Surfzale andana erakartzen du jaialdiak. Giro izugarria dago. Surfa egiteko leku ezezagunak ikustea, olatu erraldoiak ikustea, istorio berriak ezagutzea… Adrenalina hori partekatzea izugarria da.
Proiekzioak festa bihurtzen direla esan ohi da
Ganberrismoa sustatu dugu. Serioak izan gara, eta konpromiso handia erakutsi dugu jaialdia aurrera ateratzeko. Baina beti ere surfa disfrutatzeko egiten dugula ahaztu gabe. Beldurrezko Astea inspirazio izaugarria izan da, dudarik gabe. Emanaldiek bizirik egon behar dute. Generoa eta publikoa guztiz desberdina da, noski, baina gauza bera lortu nahi izan dugu. Ez dugu nahi jendea eseri eta besterik gabe filma ikustea, ez. Asier Muniain olatu bat hartzen ikusten dugu pantaila handian eta erotu egiten gara. New Yorkeko jaialdian adibidez hipsterismo izugarria dago, baina gero saioak oso hotzak dira. Guk, Intersexyon sailean, adibidez, zaratarekin puntuatzen ditugu film laburrak. Dezibeliometro batekin. Zarata gehien lortzen duenak irabazten du saria. Festak-eko Maria Jesus Torres-ek utzi zigun. Giro informala bultzatu dugu.
Krisiak zein eragin izan du aurtengo jaialdian?
Jaialdia munstro izugarria bihurtzen ari zen, duela lau urte babesle handiak lotu genituelako. Azkenean krisiarekin berriz ere jatorrira itzuli gara, baina oso pozik gaude. Urte hauetan guztietan egin dugun lanaren fruitua jasotzen ari gara. Zinema egitaraua orain arte egin dugun indartsuena da. Badago jaialdian sinesten duen jendea, eta jende horrek lagundu digu. Bestalde, surfaren industria bera ere izugarri hazi da. Surfaren historiaren isla izan da jaialdia. Hamarkada honetan gertatu diren istorioak, kirol markak, olatu berriak, surfa egiteko leku exotikoak… Horien guztien berri eman dugu.
Lehen surf jaialdia izan zen Donostiakoa. Orain beste 25 daude munduan.
Bai, 25 bat jaialdi daude munduan zehar, eta guk ere lehia horretan egon behar dugu. Gehienak soilik zinemari buruzkoak dira. Erakusketa txikiren bat egiten dute, baina ezer gehiago. Aurten 12 jaialdi gehiago sortu dira. Polita da, duela hamar urte arrazoia genuela demostratzen duelako. Baina orain gehiegi direla esango nuke. Disparatea ere bihurtu da. Leku batzuetan diskoteka batean lau film proiektatzen dituzte eta surf jaialdi deitzen diote. Gureak mila buelta ematen dizkie. Gure kañeroena da. Surfa egiten duen jendea etorri egiten da gurera. Guk jendeak disfrutatzen duelako egiten dugu gurea. Kultura eta surfaren bidez bideak ireki nahi ditugu,surfa eta kulturaren arteko muga zeharkatuz. Probokazioaren bidez surfean agerikoena den bidetik ateratzen gara. Eta oraindik gauza pila bat dago egiteko!
Surfari buruz mintzatzean energia eta ilusioa dario Sancho Rodriguezen (Irun, 1974) hitz jarioari. Surfa du pasio, eta haren inguruan gertatzen den guztia Surfilm Festibal jaialdian jasotzea maite du. Sancho Rodriguezek Surfilm Festibal jaialdia sortu zuen. Surfa eta kultura elkartu zituen lehen jaialdia izan zen. Hainbat herrialdetan bere eredua jarraitu dute. Aurten hamar urte bete ditu ideia aitzindari hark.
Nola sortu zen surf zinemari buruzko jaialdia egiteko ideia?
Loreak Mendian-en lanean ari nintzenean bururatu zitzaidan. Marka horrek beti izan du harremana surfarekin, eta zerbait berezia sortu nahi genuen. Piezak elkartzen hasi ginen eta… ‘Zergatik ez dugu surf jaialdi bat egiten?’ Inork inoiz ez zuela halakorik egin eta erokeria zela esan zidaten. Baina horregatik egin behar zen: zerbait ez badago, egin behar da.
Nola gogoratzen duzu lehen ekitaldi hura?
2003ko irailean egin genuen. Iñaki Bandres eta Felipe Apalategirekin ekin nion Surfilm Festibal jaialdia prestatzeko lanari. Aquariumean espazio bat utzi ziguten. Jose Luis Rebordinosengana, garai hartako Donostia Kulturako zine unitatearen arduradunarengana ere jo genuen. Surf zinema aldarrikatu behar zela esan genion; generoaren onena erakutsi behar zela, bide berri bat zegoela irekitzeko… Ez ez zuen ezer ulertzen [barrez] Halere, lan egiteko gogotsu geundela ikusi zuen, eta komunikazio lanarekin lagundu zigun. Jaialdia egin genuen eta itzela izan zen. Jendez lepo bete zen. Emanaldiak bikoiztu behar izan genituen.
Erotu egingo zineten…
Bai, erabat. Hamaika pasadizo ditut gogoan. Txapuzero samarra izan zen hasiera, baina ondo atera zen. Komunitate giroa sortu zen. Jendeak disfrutatu egin zuen film klasiko haiek ezagutzen. Azkenean hori da zinema jaialdi bat: jendearentzako ezezagunak diren filmak erakustea. Gogoan dut oilo ipurdia jarri zitzaidala lehen filmean. Kultuzko film batekin ireki genuen: Crystal Voyager (David Elfick, 1973). Psikodelia hutsa. Lehen aldiz tuboak barrutik grabatu zituen filma da. Pentsa… Lantalde hura Pink Floyden kontzertu batera joan zen filmerako abesti bat egiteko eskatzera. Bobinak erakutsi, eta Pink Floyd-ekoak harrituta utzi zituzten. Orduz geroztik beraien kontzertu guztietan proiektatu dituzte haien irudiak. Jaialdian, hasieratik zinema martetar edo arraro hori aldarrikatu genuen, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Jendea gustura ikusten duzunean, horrek aurrera jarraitzeko indarra eta energia ematen dizu.
Pixkanaka, filmak ez ezik, erakusketak eta beste hainbat proiektu ere aurkezten hasi zineten.
Surfa eta kultura elkartuz arrakasta handia lortu dugu beti. Rebordinosek ere ikusi zuen gure formulak balio zuela, eta gure taldean sinetsi zuen. Argazki erakusketak, ingurumenari buruzko jardunaldiak, lantegiak… Hirugarren urtean Loreak Mendian utzi nuen. Bultzada eman nahi nion jaialdiari. Istorioak kontatzeko plataforma izugarria zela konturatu nintzen. Gainera, surf zinemaren generoa izugarri hazi da hamar urtean. Ekoizpen asko dago, eta bertako egileen eszena ere sortu da. Begira Kepa Acero. Bideo txikiak egiten hasi zen duela bi urte bere kamerarekin eta ordenagailuarekin, eta fenomeno bat bihurtu da.
Hain zuzen, Euskal Herriko surfaren historiako hainbat pasarte berreskuratu dituzue jaialdian.
Jaialdiak munduko lanik onenak erakusten baditu ere, bertako lanen ospakizuna ere izatea nahi genuen. Oso garrantzitsua da. Gure surfa aldarrikatzea izan da gure anbizioa. Ideiak pentsatu, eta istorioak sortu eta kontatzeko anbizioa izan dugu. Orion 1970eko hamarkadan surf taulak egiten aitzindaria izandako Patxi Oliden-ena, esaterako. Asmatzailea, musikaria, mekanikaria… Surf taulak seriean egiten lehena izan zen. Kanpotik etorritako surflariak bere bere tailerretik pasatzen ziren, eta bere herriko gazteek ere surfa egitea nahi zuen. Taula merkeak egin nahi zituen Orioko gazteentzat.