Azken urteetako birziklapen mailaren goranzko joera eten egin da
Sortutako hondakin kopuruak %4 egin duela behera kaleratu du 2011ko Iraunkortasunari buruzko txostena-k
2010. urtean baino %0,6 gutxiago birziklatu zen iaz. Birziklapen maila azken sei urteetan %33an mantendu bada, iaz %31,77ra heldu zen. Hondakinen kudeaketa eta bilketa bolo-bolo dabilen boladan eten da, hain justu, azken urteetako goranzko joera. Datu hori eta beste hainbat jasotzen ditu Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiak hiriko egoeraren inguruan argitaratu berri duen 2011ko Iraunkortasunari buruzko urteko txostena-k.
Aitzitik, herritarrek sortutako hondakin kopurua %4 murriztu da. Donostiar bakoitzak 1,24 kilo hondakin sortzen ditu egunean eta horietatik ia 40 gramo bereizten dira. Ontzien bereizketak %19 egin du gora, paperarenak, berriz, %7 behera. Denda eta enpresa txikien paper kontsumoak behera egin duela eta berrerabilpena handitu dela zehaztu dute. Arrazoiak arrazoi, Manu Gonzalez Iraunkortasun Behatokiko arduradunak gogora ekarri duen bezala, birziklapen maila %50eko mailara heltzeko erronka lortzeko bide luzea dago oraindik. Axier Jaka Ingurumen zinegotziaren ustez, «egungo sistema ez da eraginkorra izan». Egoera aldatzeko, bada, Tokiko Agenda 21ak 66 ekimen aurreikusita ditu eta kontsumo arduratsua bultzatzea, birziklapena eta berrerabilpena sustatzea eta hondakin kudeaketa aldatzea ditu helburu.
Aldatzeko aukera gutxi izango ditu, aldiz, hirian artifizializatutako lurzoruak. Iaz baino 105 hektarea gehiago bilakatu dituzte artifizial. Guztira, Donostiako azaleraren %42,73. Hazkunde hori, batik bat, Zubietan, hondakin kudeaketarako azpiegiturak eraikitzea aurreikusita dagoen eremuan, egin diren lanen ondorio izan dela azaldu du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. «Bertara iristeko errepideak eraiki eta lursaila berdindu da», dio.
Txostenak, dena den, ingurumenaren alde egin diren aurrerapausoak ere hartzen ditu aintzat. Bizikletaren eta garraio publikoaren erabileran, esaterako, urtetik urtera ari dira markak gainditzen. Iaz 29,2 milioi bidaiari izan zituen Donostiabusek, 2010ean baino %1 gehiago. Gero eta gehiago dira, era berean, hiritik ibiltzeko bizikleta aukeratzen dutenak. Batez beste egunean 15.424 bidaia egiten dituzte donostiarrek bizikletaz, 2010eko kopurua %26 handituz. Auto kopuruak, bada, behera egin du (408 mila biztanleko); ez, ordea, moto kopuruak (139 moto mila biztanleko).
Lanera motorduna ez den beste ibilgailu batean joateko ohitura aldatzea, halere, oraindik ere kosta egiten da. Hiriko industrialdeetan egin dituzten ikerketen arabera, langileen %85 doa lanera bere ibilgailuan. Okupazio maila, gainera, 1,15ekoa da. Joera hori aldatzeko asmoz, hainbat sentsibilizazio kanpaina egitea aurreikusi dute.
Hain justu, herritarrek ingurumenarekiko duten sentsibilizazioa handitu dela azpimarratu du Ingurumen zinegotziak. «Herritarrek gero eta kezka handiago dute; ingurumenarekin lotutako kontsultek %29 egin dute gora», adierazi du. 2010. urtean baino 900 kontsulta gehiago egin ziren iaz. Sentsibilizazio horrek bultzatuta edota krisiak eraginda, argindar eta gas kontsumoak behera egin du. Argindar kontsumoaren murrizketa %1ekoa izan da, gas kontsumoarena, berriz, %5ekoa.
Ur kontsumoa ere ildo beretik doa. 2010ean donostiar bakoitzak 236 litro ur behar zituen egunean; iaz kopuru horrek %5 egin zuen behera (225 litro eguneko). Estolderia sisteman, banaketa sisteman edota kaleak garbitzeko ura aurrezteko hartu diren neurriekin txikiagoa da egun alferrik galtzen den ur kopurua.
Uraren kalitatea, gainera, inoiz baino hobea da eta Urumea ibaiko ura ere urtetik urtera garbiagoa. Isuriak murriztu direnez, Astigarragatik Loiola bitarteko eremuan ona da uraren kalitatea. Santa Katalina zubiaren inguruan, ordea, kalitate kaxkarragoa du urak. Egoera hori bosgarren eta seigarren zubietan egin dituzten lanen ondorio izan daitekeela zehaztu du iraunkortasun txostenak.
Argiz eta ilunez jositako txostenak 2010ekoarekin alderatuz, «aldaketa handirik gabekoa» dela nabarmendu du Txema Hernandezek.