Koldo Almandoz eta Isabel Herguera, Kimuak katalogo berrian
Bi sortzaile donostiarren film labur bana izango da ikusgai aurtengo hautaketan
Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten munduko hainbat jaialditan zehar proiektatuko diren film laburrak. Guztira 66 proposamen aurkeztu ziren, eta horien artean zazpi hautatu ditu epaimahaiak. Aurtengo katalogoan bi donostiarren lanak izango dira ikusgai. Koldo Almandoz eta Isabel Herguerarenak. Biak ala biak lehenago ere izan dira Kimuak katalogoan.
Isabel Herguerak bere hirugarren film laburra izango du Kimuak-en, La gallina ciega (2005) eta Ámár (2010) animaziozko lanen ondoren. Bajo la almohada izena du animazio egilearen lan berriak, Goako (India) ospitale batean GIB duten haurren istorioa eta eurek eginiko marrazkiak ditu abiapuntu gisa.
Deus et Machina, apokalipsiaren gaineko hausnarketa poetikoa, Koldo Almandoz donostiarrak Kimuaken duen zazpigarren laburra da, Razielen itzulera (1998), Belarra (2002), Amuak (2004), Midori (2006), Columba Palumbus (2007) eta Ahate Pasa (2009) lanen ostean.
Hautatuak izan diren beste film laburrak Mikel Ruedaren Agua!, Ander Mendiaren Beerbug, Jesus M. Palacios-en Casa vacia, Paul Urkijoren Los monstruos no existen eta Martin Roseteren Voice Over dira.
Martin Roseteren Voice Over proiektuaren atzean Koldo Zuazua eta Luiso Berdejo donostiarrak daude, bata ekoizle gisa eta bestea gidoilari gisa. Berdejok Kimuaken hainbat ediziotan parte hartu du zuzendari bezala, …Ya no puede caminar (2001), La guerra (2005), For(r)est In The Des(s)ert (2006) eta Limoncello (2007) lanekin. Katalogo berria, Kimuaken 15. ekitaldikoa, datorren Donostia Zinemaldian aurkeztuko da ofizialki.
Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek, hots Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen Arduraduna–, Josemi Beltran –Donostia Kulturako Zinema Arduraduna–, Pilar Garcia Elegido –Madrilgo Erkidegoaren Ikus-entzunezko Ataleko Arduraduna–, Edurne Ormazabal –EITB.com-eko Zuzendaria– eta Angel Sala –Sitges Catalunyako Nazioarteko Zinemaldi Fantastikoaren Zuzendaria–, aurkeztutako film laburren maila altua eta hauen artean zazpi baino ez aukeratzeko zailtasuna azpimarratu dute.