Barbara Goenaga: "Denek elkar ezagutzen genuen, eta horrek beti errazten du lana"
Barbara Goenaga; ‘Bypass’ filmeko aktorea
Barbara Goenaga Zinemaldiko protagonistetako bat da egunotan, Nerearen larruan sartu baita Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako ‘Bypass’ euskarazko filmean.
Zinema aretoetan urriaren 11n zabalduko dute Bypass; hori baino lehen, ordea, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu dute hainbat aktore ezagun protagonista dituen filma: Gorka Otxoa, Itziar Atienza, Mikel Losada, Unax Ugalde, Sara Cozar… Horien artean dago Barbara Goenaga (Donostia, 1983). Duela 19 hilabete ama izan denetik denbora gehiago eman du Donostian, familia hemen baitu; hala ere, Madrilera maiz joan behar izaten du, lan kontuengatik. Goenagarekin bildu da IRUTXULOKO HITZA.
Etxean zaude, Donostian, baina Zinemaldian murgilduta. Nola ari zara bitzitzen egun hauek?
Zinemaldi hau gertu dauzkagunetatik handiena da niretzako; ikusle bezala gehienbat. Lana baduzu, eta gainera, halako film onak ikusteko aukera baduzu, orduan eta hobeto. Egia esan, lana eduki edo ez eduki, beti saiatzen naiz aste honetan hemen egoten, goizetik zinemara joateko. Film oso onak egoten dira eta gero zaila izaten da batzuk zinema aretoetan ikustea.
Aurten izan duzu pelikularen bat ikusteko aukera?
Bihar [gaur] hasiko naiz. Lanean gabiltzanez, egunero ditugu elkarrizketak eta halakoak, eta ez naiz pelikulak ikustera iristen. Asteartean Bypass ikusi nuen, aktoreek oraindik ez baikenuen ikusteko aukerarik izan, eta beste asko ikusi nahi ditut. Beti berdina gertatzen zait, zerrenda luze bat osatzen dut ikusi nahi ditudan filmeekin, baina gero azkenean hiruzpalau ikusten ditut. Sail Ofizialeko Atraco ikusteko asmoa dut, oso ongi hitz egin didate, eta besteren bat ere ikusi nahi dut.
Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzendutako lana da Bypass, dena euskaraz errodatua. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso esperientzia polita izan da. Nik beraiek ezagutzen nituen, beraien lehen filma ere ikusia nuen, eta oso gogoko nuen. Orduan, beraiekin lan egiteko deitu zidatenean asko poztu nintzen. Gero, gidoia iritsi zitzaidan eta irakurri dudan gidoi onenetakoa iruditu zitzaidan. Hasieratik esan dut oso oso gidoi biribila dela, hasieratik bukaerara, oso ona. Gidoi hau Estatu Batuetan egon izan balitz, diru pila batekin, nazioartean arrakastatsua izango litzateke. Gidoi on horri zuzendariak gehitu behar zaizkio, oso desberdinak direnak baina oso ongi bat egiten dutenak. Euren zuzendaritzan asko nabari da biak aktoreak direla. Badaude aktoreen larruan sartzen dakiten zuzendariak, eta ez dakitenak ere. Hauek oso ongi dakite zer eskatzen duten, eta badakite nola eskatu, eta horrek asko lagundu digu. Badakite entseguak oso garrantzitsuak direla, eta aktoreen pelikula bat da. Zortea izan dugu.
Ongi joan zitzaizuen orduan filmaketa?
Kronologikoki ia antzezlan bat bezala egin genuen, eta entsegu asko egin genituen gure artean. Lanean hasi ginenean oso argi genuen guztia, eta hori nire pertsonaia txikia dela. Erraza izan zen prozesua. Gainera, umea jaioberria nuen eta niretzako opari baten modukoa izan zen.
Non filmatu zenuten?
Bilbon eta kanpoaldean egin da gehiena, eta Bartzelona zati txiki bat.
Komedia erromantiko bat da, baina zure pertsonaia, Nerea, pixka bat atzean geratzen da, ezta?
Nire pertsonaia beharrezkoa da istorio nagusia kontatzeko, baina ez da pertsonaia garrantzitsua. Pertsonaiaren onena bukaeran ematen duen itzulia da. Badirudi modu batekoa dela, eta ‘ai gaixoa’ pentsatzen duzu denbora guztian, baina gero ez da hain gaixoa. Denak dira gizakiak eta polita da, denek uler ditzakegu pertsonaien pauso guztiak. Horregatik, Gorka Otxoaren pertsonaiak egiten duena astakeria bat da, baina momentu batean uler dezakezu.
Kartela behintzat deigarria da, euskal aktore ezagunek parte hartu baituzue.
Gorka eta ni, esaterako, txikitatik ezagutzen gara, Goenkalen batera lan egin genuelako. Denek elkar ezagutzen genuen, eta horrek beti errazten du lana, oso modu antzekoan ikusten dugulako guztia. Ezagunak gara, baina ez gaude denak, badaude gutaz gain oso aktore onak, baina ez zegoen denentzako tokirik.
Nola bizi izan zenuten Zinemaldiko estreinaldia?
Zuzendariek eta ekoizleek esandakoa sinetsi genuen, baina guk ikusi nahi genuen. Adi-adi egon ginen eta oso ongi pasa genuen. Nik, gainera, zortea izan nuen, normalean oso gaizki pasatzen dudalako filmak ikusten, nire burua bakarrik ikusten baitut. Oraingoan, ez zitzaidan halakorik gertatu, pertsonaia txikia dudanez, hasieratik kanpotik ikusi nuen film guztia.
Zer jaso zenuen ikusleengandik?
Lauzpabost estreinalditan egon bazara, sumatzen duzu jendeak gogoko izan duen edo ez. Txaloak egon ziren eta barre asko egon ziren. Zinemaldian txaloak egotea polita da, zinema asko ikusi duen jendea baita.
Azken urteetan zineman lan asko egin duzu; Sin retorno, Izarren argia, Sukalde kontuak, un poco de chocolate… ez zaude kexatzeko moduan, ezta?
Ez, ez. Gertatzen dena da, aktore baten lana ikusten duzula pelikulak ateratzen direnean, eta gero agian zazpi hilabete dituzu lanik gabe, edo urtebete. Baina ezin naiz kexatu, gainera, tartean, haur bat izanda.
Film laburretan ere parte hartu duzu, baina telebistan aspaldi ez zara ibili. Faltan botatzen duzu?
Orain itzuliko naiz, eta bai botatzen nuen faltan. Galdetzen zidaten ea zergatik ez nuen telebistan lan egiten, eta kontua da ez zidatela deitzen. Amar en tiempos revueltos telesailera itzuliko naiz, baina lehen TVE1 katean ematen zuten, eta orain Antena 3 katean emango dute. Orduan, telesailaren izena aldatuko dute, eta beste aktore batzuk parte hartuko dute. Telebista eskola ona da; ni Goenkalen hasi nintzen, eta nabaritzen dut. Egunean 13 orduz egiten duzu lan, eta etxera iristean hurrengo eguneko 50 orriak ikasi behar dituzu, baina ona da.
Eta antzerkia?
Aurten gauza txiki eta polit batzuetarako deitu didate, baina umearekin zailagoa egiten zitzaidan antzerkia, mugitu beharra baitago. Lau urte igaro nituen hiru antzezlanekin lanean, eta asko maite dut antzerkia.
Zinema zigortua izaten ari da bereziki, BEZaren igoeraren kontuarekin. Aktoreak nola bizitzen ari zarete momentu hau?
Oso zaila da, aktore bat naiz, besterik ez, eta ez dut informazio gehiegirik. Esan dezakedana da, kultura bigarren mailako kontu baten moduan tratatzen ari direla, eta nik uste dut lehenengoen artean dagoela. Jendeari amesteko leku bat eta momentu bat ematen diozu, eta hori kentzen baduzu, albisteak bakarrik geratzen dira, eta krisiarekin gora eta behera dabil guztia. Oso garrantzitsua da kultura, eta jendeak ez du ulertzen. Garai hauetan gehiago.
Ametsak aipatu dituzu, zuri amets asko geratzen zaizkizu betetzeko zure lanbidean?
Izugarri… denak. Ez dut esan nahi orain artekoaz kexatzen naizenik, oso ongi joan baitzait. Baina nahiko nuke honetan jarraitu, eta jendeak honetan jarraitzen uztea. Ez daukat amets zehatzik. Helburuak jartzea ez dut gogoko, beste bide batzuk mozten dizkizulako.
Animatuko dituzu herritarrak Bypass ikustera?
Oso polita da eta oso zaila da ez gustura geratzea ikusi ondoren. Komedia da, baina drama pixka bat ere badu. Ikusteko oso erraza da eta pozik ateratzekoa. Ikusi beharra dago.