Bi geltoki berriak prest dira
Gaurtik aurrera, Herrera eta Intxaurrondoko bi tren geltoki berriak martxan dira. Gainera, lehen bi egun hauetan bertako bizilagunek dohainik bidaiatuko dira
Azken orduko konponketak eta ikutuak eman ondoren, txukun-txukun geratu dira Herrera eta Intxaurrondon ireki dituzten Euskotreneko geltoki berriak.
Herrerako bizilagunek tren geltoki berria izango dute, eta lehengo bide zaharra merkantzien garraiorako soilik erabiliko da hemendik aurrera. Intxaurrondora, berriz, lehen aldiz iritsiko da trena, eta hemendik aurrera, bertako bizilagunek zortzi bat minutuan iritsi ahalko dute Donostia erdiraino. Gaur eta bihar, gainera, Herrera eta Intxaurrondoko bizilagunek ez dute bidai-txartela ordaindu beharrik izango. David Garcia, EuskoTreneko Merkataritza eta Maketin Arloko Zuzendariaren esanetan, «bizilagunek azpiegitura berriak ezagutzea nahi dugu eta trenaren onurez jabetzea. Garraioaren kalitatean eta azkartasunean asko hobetu dugu».
Izan ere, Herrera eta Intxaurrondoko geltokiak irekitzeaz gain, gaurtik aurrera tren zerbitzuak ordutegi berria izango du. Gehien erabiltzen den orduetan eta ibilbideetan zazpi minutu eta erdiro izango da trena. Loiola eta Herrerako saihesbidea amaitzean, eta hainbat gunetan trenbide bikoizketak egitean, Lasarte-Errekalde-Añoga, adibidez, trenaren erabilera asko handitzea espero dute teknikariek,eta zerbitzua ere neurri berean hazitzea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik ugaritu da ordutegiaren maiztasuna.
Kalitatea ziurtatua
Gaur Herrera eta Intxaurrondoko bizilagunek zerbitzu berria probatu aurretik, Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko teknikariek eurek probatu zuten ibilbide berria, atzo.
Lurrazpiko lanak bukatuak dira, trenak primeran egin zuen Herreratik Intxaurrondorainoko joan etorria, baina, langileak presaka zebiltzan hara eta hona azken uneko konponketak egiten eta bazterrak garbitzen. Lan hauek ez ziren trenak daraman abiaduran egingo, baina, gaur goizean lehen bidaiaria iristerako guztia prest izango da.