Ikasle batek irudikatu zuen Ametzagainako hilerria
Ametzagainan kanposantu bat egiteko lehiaketa egin zuten 1984an, nahiz eta geroago, diru faltagatik, proiektua bertan behera geratu. Oteizak hartu zuen parte, baina, ezustean, arkitekto titulurik ez zuen Antonio Vaillok lortu zuen saria.
Domu Santu Egunaren etorrerarekin, hilerriei buruz hitz egin ohi da urtero. Honen harira, jakina da Donostian eta inguruan hiru hilerri daudela: Egian, Altzan eta Igeldon. Laugarren bat ere badago; Urgullen, alegia, Ingelesen Hilerri historikoa.
Bada, hiriak bosgarren bat izan zezakeen diru faltak saihestu izan ez balu; Ametzagainan, hain justu. Egungo krisi ekonomikoarekin gertatu bezala, 1980. hamarkadaren erdialdean ere udalaren altxortegia ez zegoen txantxetarako. Horrenbestez, agintariek bosgarren kanposantua izan behar zena ez eraikitzea erabaki zuten garai hartan.
Hain zuzen ere, 1984an, Donostiako Udalak hilerri berri bat sortzeko nazioarteko lehiaketa bat egin zuen. Deialdian parte hartu zutenen artean Jorge Oteiza zegoen, baina Orioko eskultore ezagunak ez zuen lehiaketa hura irabazterik izan. Bere egitasmoa lehiaketatik kanpo utzi zuten, eta artistak polemika handia piztu zuen erabaki hori zela eta; egunkarietan gutunak eta guzti idatzi zituen bere haserrea adierazteko.
Hika-mika hartaz asko hitz egin da –egun, Oteizaren hilerri egitasmoari buruzko erakusketa bat ikusgai dago San Telmo Museoan, azaroaren 11 arte–, lehiaketako proiektu irabazlea zein izan zen bigarren maila batean uzteraino. Ezer gutxi hitz egin da epaileek aukeratutako proiektuaren inguruan; Oteizari buruz baino harago, ezer gutxi jakin da lehiaketa hartaz. Bada, nork irabazi zuen lehiaketa?
Carlos Montesen laguntza
Antonio Vaillo i Daniel izan zen irabazlea. Bitxiena da oraindik ez zuela arkitekto titulurik lehiaketan parte hartu zuenean; Nafarroako Arkitektura Eskolako ikaslea zen, Javier Carvajal katedradunaren agindupean. Ezustea handia izan zen, Ametzagainako hilerriaren lehiaketa karrera amaieran egin beharreko proiektua osatzeko baliatu baitzuen. Zirriborroa amaituta, Arkitektura Eskolako epaimahaiak ohorezko matrikula eman zion egitasmoarengatik, eta arkitekto titulua lortu zuen. Donostian, berriz, lehiaketa eskuratu zuen, bere lehentasuna titulua lortzea besterik ez zenean.
Hain zuzen ere, oraindik titulua ez zuenez, Carlos Montes arkitektoari babesa eskatu zion, baita honen baietza jaso ere; egitasmoan Montes laguntzaile gisa izanik, arkitekto baten parte hartzea beharrezkoa zela zioen baldintza bete zuen horrela.
Gerora, Montesen laguntza erabakigarria suertatu zen, ez proiektuan egindako egokitzapenengatik, detaile txiki baino garrantzitsu batengatik baizik, arkitektoak berak Los concursos de Jorge Oteiza lanean azaldu bezala: «Diseinuan ez nuen gehiegi lagundu, tasak ordaindu (oso garestiak izan ziren garai hura izateko; berrogei mila pezeta izan zirela uste dut) eta lekua bisitatu izana besterik ez dut gogoratzen, Vaillorekin batera. Hala ere, zerbait gehiago egin nuen, proiektua aurkezteko leloa proposatu nion: Et in Arcadia ego, epaileek proposamena aztertzeko orduan kontutan izan zuten lema. Izan ere, aurreikusi zitekeen bezala, Vailloren proiektuaren elegiazko sentimendua ulertu zuten, Poussin margolariaren koadroarekin bat eginez».
Vaillo Montesen gomendioan oinarrituta hasi zen lan egiten; hots, Et in Arcadia leloaren inguruan Erwin Panofsky arte-historialari alemaniarrak egindako saiakera bat kontutan hartuta; bizirik daudenentzat iragarpen gisa ulertu zuen hark Nicolas Poussinen koadroa, bizitza ez ezik, heriotza ere presente dagoela Arcadian.
Sei milioi pezeta
Ametzagainan lorategi edo parke bat egitea bururatu zitzaion Vaillori, bizitzaren iheskortasuna ere irudikatzeko. Horrela azaldu zuen egileak proiektua: «Inoiz ez dut heriotzarekiko sentimendu tragiko edo iluna izan. Zerbaitengandik ihes egin behar bada, tristuratik da. Izaera adeitsu bat ematen saiatu naiz, misteriotsua, zergaitik ez; misteriotsua, ezaguna eta eskuragarria denarekiko kontrapuntu gisa», azaldu zuen Vaillok.
Gogoeta horren baitan sortu zuen bere egitasmoa, ez hildakoentzat hiri bezala ulertuta, «topagune nagusi» gisa baizik.
Vaillok lehen saria eskuratu zuen, Beatriz Matos eta Alberto Martinez madrildarrek osatutako lan taldearen aurretik; hirugarren postuan Andres Perea geratu zen eta laugarren, Patxi Mangado eta Rufino Hernandezek osatutako lan taldea.
Lehen saria sei milioi pezetakoa zen. Dena den, hilerri berriaren proiektua Vaillori 1986. urtean enkargartu zioten arren, obra bertan behera geratu zen diru faltagatik. Udalak nahiago izan zuen, horren ordez, Polloeko hilerria zabaltzea. 1990. urteko hamarkadan egin zituzten lanak.
Aireportu bateko aireratze pista irudikatu zuen Oteizak
Donostiako Udalak hilerri berri bat sortzeko deitutako lehiaketan hartu zuen parte Jorge Oteizak, zorterik gabe. Juan Daniel Fullaondo arkitektoarekin eta haren laguntzaile Marta Maiz, Enrique Herrada eta Maria Jesus Muñozekin batera, Izarrak alde izeneko proiektua sortu zuen. Egitasmo honi buruzko xehetasunak azaroaren 11 arte ikusgai daude San Telmo Museoan antolatutako erakusketan.
EHUko Arte Ederretako fakultateko eskultore, irakasle eta ikerlari Xabier Lakak Oteizaren proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkio IRUTXULOKO HITZAri. «Aireportu bateko aireratze pista baten moduan irudikatu zuen kanposantua. Hemen hilda daudela esan beharrean, hemendik abiatzen direla esan nahi zuen», adierazi du Lakak.
Oteizak akropoli moduko bat diseinatu zuen. Harrera espazio gisa ulertzen zuen hilerria. Arteari eta hiriko paisaiari lotutako hilerri bat nahi zuen. Proposamen berritzailea zen, zinez. «Kanposantua ez zuen hilerri soil gisa ulertzen, kultur eremu bezala ere», erantsi du ikerlariak.
Esan bezala, sortzailearen ustez, hildakoak hilerritik bertatik abiatzen ziren. Norantz? Zerurantz eta itsasorantz. Izan ere, ustezko aireratze horrek itsasoa baitzuen jomuga. Igeldo eta Urgullen arteko espazio horretara zuzenduta zegoen hark irudikatutako aireratze pista hura.