Urko Pikaza: "Herritarrekin batera garatzen den politika egin nahi dugu"
Urko Pikaza; Sortu alderdiko kidea
Ezker abertzalea hamar urtez legez kanpo egon ostean, Sortuk joan den ekainean lortu zuen legezkotasuna; alderdi politikoak Sortzaile prozesuari ekingo dio larunbatean, herriz herri eta auzoz auzo batzarrak egin eta eztabaiden bidez ekarpenak jasotzeko.
Sortzaile prozesuari ekiteko, Donostia 13 gunetan banatu du Sortuk. Hamairu gune horietan, lau bilera egingo dituzte honako egunetan; azaroak 24, abenduak 15, urtarrilak 26 eta otsailak 9. Herritarrekin bilera horiek egin ostean, prozesu guztia otsailaren 23an bukatuko da, Sorturen lehenengo nazio biltzarrarekin. Alderdiaren oinarrien inguruan, eta hirian egingo duten prozesuaren inguruan zehaztasunak eman dizkio Irutxuloko Hitzari Urko Pikazak (Loiola, 1981).
Sortuk legezkotasuna lortu zuen duela gutxi. Zein izan da orain arteko prozesua?
Legeztapena etorri ondoren, mekanismo guztiak abian jarri genituen, alderdi politiko berria guztiz definitzeko, eta osaketari ekiteko. Aurreko udaberrian, maiatza eta ekaina inguruan, orain eztabaidatu behar diren txostenen osaketari ekin genion. Euskal Herri mailan, eskualdez eskualde, ideia nagusi batzuen inguruko eztabaida hasi zen; batetik, oinarri ideologikoei dagokionean, bestetik, ildo politikoari dagokionean, eta bukatzeko, antolaketa ereduaren inguruan. Hainbat lagunek parte hartu zuten ariketa horretan, eta bertan jasotako ekarpen eta ondorio nagusiekin momentu honetan eztabaidagai jarriko den txosten politiko osoa osatu da.
Zeintzuk izango dira Sorturen oinarri nagusiak?
Sortuk, lehenik eta behin, Euskal Herriko independentista eta ezkertiar guztien bilgunea izan nahi du. Badakigu ere, ez dela hutsetik abiatzen. Sortuk jasotzen du Ezker Abertzalearen ondare guztia, baina aurrera begira ere irekia izango den indar politiko bat izan nahi du, bokazio horrekin jaio baita. Antolaketari dagokionean, noski, Eusko Nazio Askapen Mugimenduaren ondarea ere jasotzen du, eta aldi berean, garai berri honetan, Ezker Abertzalearen Zutik Euskal Herria ebazpenarekin bat egiten du. Elementu horietatik jasotzen du Sortuk bere proiektu politikoa, aurrera begirakoak definitzeko.
Esan daiteke, orduan, egungo egoerara egokitutako Ezker Abertzalea dela Sortu?
Bai, finean hori da. Jasotzen du Ezker Abertzaleak historikoki eduki duen ondaretik, bai antolakuntza mailan bai oinarri ideologiko mailan, eta aldi berean, garai berriak ireki diren moduan, egokitu egin behar du. Horretarako, tresna berriak behar ditu.
Momentu honetan, Sortzaile prozesuan murgilduta zaudete. Zer da zehazki egingo duzuena?
Aurretik aipatu dudan bezala, txosten bat osatu du Sortuk eta lau ataletan banatua dago, oinarri ideologikoak, ildo politikoa, antolakuntza eredua eta funtzionamendua, eta komunikazioa. Orain, hainbat eztabaida egingo dira, eta Euskal Herriko herri eta auzo guztietan data berdinetan izango dira. Donostian 13 auzo eta herritan egingo da eztabaida, lau datetan. Azaroaren 24an izango da lehen eztabaida, oinarri ideologikoena; bigarrena, abenduaren 15ean egingo da, ildo politikoarena; hirugarrena, antolakuntza eta funtzionamenduarena, urtarrilaren 26an; eta ondoren, otsailaren 9an, barne hautaketa prozesuari ekingo zaio. Hala, hiriburu, herri eta eskualde guztietako ardura guztiak bozkatuko dira. Prozesu guztia otsailaren 23an bukatu da, Sorturen lehenengo nazio batzarrarekin. Komunikazio atalarena, otsailetik aurrera eztabaidatuko da, oso gai zehatza delako eta jende guztiarekin konpartitzea bideraezina izan daitekeelako.
Nola planteatuko dituzue eztabaida horiek?
Metodologia partehartzailea erabiliko dugu. Ekarpen alternatiboak eta hobekuntzak jaso nahi ditugu, eta horregatik metodologia oso zehatza erabiliko da batzar horietan. Badakigu jende askok aldez aurretik landutako ekarpenak eramango dituela, baina garrantzi handia eman nahi zaio eztabaida irekiari.
Nori zuzenduak daude batzarrak?
Bere burua ezkertiartzat eta abertzaletzat duen edonori. Beti ere, Zutik Euskal Herria ebazpenarekin bat egiten badu; nahiz eta orain arte Ezker Abertzaleko militante izan ala ez izan. Garrantzia eman nahi diogu txostenari, batzar kopuruari, kalitateari, parte hartzaile kopuruari… Donostia mailan lan txukuna egiten ari garela uste dut. Gutxi gora-behera, 1.600 txosten banatu ditugu hirian, eta auzo eta herri bakoitzean sortzaile prozesuaren talde sustatzaileak lanean ari dira.
Orduan orain arte Ezker Abertzalera hurbildu ez diren horiengana ere jo nahi duzue?
Bai. Orain artean ezkertiar eta abertzalok biltzen gintuena bozkatzeko unea zen, hauteskunde eguna. Bestelako marko eta bilguneetan ez zuen hainbeste jendek parte hartzen. Gure ustez, momentu honetan horiei guztiei zabaldu behar zaizkie ateak, guztien ekarpenak ongietorriak izango dira. Ondoren ere Sortuk izango dituen egituretan ere ezinbestekoa izango da beraien ekarpena.
Zer espero duzue jasotzea?
Printzipioz, ez diogu helburu zehatzik jarri eztabaidari. Gure helburua ahalik eta jende gehienak parte hartzea da. Ondorenean ere ahalik eta herritar batasun sendoena izan nahi dugu. Ahalik eta egitura, anitz, zabal eta partehartzaileena izateko. Uste dugu hori lortuko dugula, eta denborak esango du. Posta elektroniko bat ere eman nahi dugu, sortzaile.donostia@gmail.com, eta bertara idatz dezake galduta dabilen edozeinek, eta guk jarriko dugu bere auzo edo herriko taldearekin harremanetan.
Behin batzarretako informazio guztia jasota, zein izango da hurrengo pausoa?
Hurrengo pausoa Sortu lanean hastea izango litzateke. Printzipioz, prozesu honen bukaeran egitura batzuk sortuko dira. Beraz, egitura horiek lanean jarri beharko dira.
Donostian indarra lor dezakezue?
Nik uste dut oso adierazgarria dela 1.600 txosten eskuz esku banatu izana. Lorpen handia da. Eta badakigu beste hainbatek Sortu.net webgunetik jaso dutela txostena. Gero, azaroaren 24ean ikusiko dugu zenbat jendek parte hartuko duen batzarretan.
Buruan izango duzue egungo krisi ekonomiko handiaren egoeran ez dela batere erraza izango mezu politikoak herritarrei iristaraztea, ezta?
Bai. Azken urteetan politika hitza nahiko kutsatua egon da eta hortik atera nahi dugu. Egun indarrean dagoen politika eredu bat erakusten ari dira, eta hori irauli nahi dugu. Herritarrekin batera garatzen den politika egin nahi dugu.
Zabal iezaiezu deia herritarrei batzarretan parte hartzeko.
Bere burua independentistatzat eta ezkertiartzat duen orori dei egingo nioke prozesuan parte hartzeko. Horretaz gain, aurrerantzeaz ere Sorturen barne prozesuan sartzeko esango nieke. Gure irakurketarekin jende asko bat dator eta guztiek dute tokia. Herri honetan iraultza demokratikoa lortzeko lehen geltoki bat izan behar da, eta Euskal Herrian marko demokratiko bat lortu behar da; lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea bilduko dituena. Sozialismoa lortu nahi duen orok ere badu tokia Sortun.