Asturiasko Luarca herriko Txibi Erraldoiaren Museoak eskuratu nahi du balea
Hondartzatik goizaldean eramango dute; bi garabi eta kamioi bat erabiliko dute horretarako.
Balea hondartzan hilda zegoela jakin bezain pronto, Ambar elkarteko, Donostiako Udaleko eta Aquariumeko ordezkariak joan dira Kontxara gaur eguerdian. Behin-behineko Babes Zibileko zinegotzi Javi Vitoria eta Hirigintza zinegotzi Ricarto Burutaran bertaratu dira, besteak beste. Protokoloa abian jarri eta gero, udalak tona askoko bi garabiren bidez balea altxatuko duela erabaki du, kamioi batean sartzeko. Goizaldean aurreikusita dute lan hau egitea.
Bi aukera dituzte esku artean balea lekuz aldatzeko; udal lursail batean lurperatzea edo Asturiasera eramatea, Luarcako Txibi Erraldoiaren Museoak animalia eskuratzeko interesa azaldu baitu. Zailtasuna, baina, animalia lekuz aldatzeko behar diren baimenak lortzeko garaian dagoela jakinarazi du udalak.