Torturaren «egia osoa» ezagutarazi nahi du Euskal Memoriak
Jardunaldiak egingo ditu Egian, abenduaren 18 eta 19an; bigarren egunean Donostia izango du ardatz.
Euskal Memoria fundazioak torturari eskaini dio aurtengo lan monografikoa. Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua joan den asteburuan aurkeztu zuten Intxaurrondoko auzo elkartean, atxilotutako hainbat eta hainbat euskal herritar inkomunikatuta izan dituen kuarteletik metro gutxira.
Argitalpenaren helburua torturaren «egia osoa» ezagutaraztea da, eta xede berarekin jardunaldiak antolatuko dituzte abenduaren 18 eta 19an, 19:00etan hasita, Egiako kultur etxean.
Lehen egunean, lanaren egile eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kide Julen Arzuagak eta Torturaren Aurkako Taldeko ordezkari Lorea Bilbaoren hitzaldiak izango dira. Lan monografikoak jasotakoa izango dute hizpide, torturaren dimentsio politiko, soziala eta historikoa nabarmentzeko. Era berean, torturaren kontrako neurriei buruz ere ariko dira, baita egungo egoera zein den azaldu ere.
Lau belaunaldi desberdin
Bigarren egunean, torturak Donostian eta donostiarren artean izan duen eragina izango dute ardatz, datuen eta lekukotasunen bitartez. Lau belaunaldi desberdinek bat egingo dute, azken mende erdian torturatuak izan diren zenbait lagunek euren bizipena azalduko baitute.
Donostiako kasuekin lanketa berezia egin dute, herritar askorentzat ezezaguna den errealitatea plazaratzeko. «Torturak Donostian izan duen eragina agertu nahi dugu, ezkutatu nahi izan den errealitate latz honek behar duen dimentsionatzea azalaraziz», aurreratu dute Euskal Memoria fundazioko kideek.
Kuantitatiboki zein kualitatiboki jorratuko dute gaia Egiako kultur etxean egingo dituzten jardunaldien bigarren egunean. «Lehenari dagokionez, torturak Donostian urteetan zehar izan duen bilakaera, gorputz polizialak eta abar aztertuko dira. Baina, datu hauen atzean ehunka donostiar daude, ehunka familia, milaka bizipen. Horregatik, ezinbestekoa da tortura pairatu duten pertsonen ahotsa lehen pertsonan agertzea ere. Eskubide urraketa honen erreparaziorako ibilbidea ez da bide erraza, are gutxiago pairatu duenarentzat. Mahai-inguru baten bidez jorratuko dugu bigarren ikuspegi hau», erantsi dute.
Azken mende erdiko 4.716 testigantza dokumentatu dituzte
Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian lana Durangoko Azokan izango da salgai. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko Julen Arzuagak 925 orriko liburu batean jaso eta aztertu du azken 50 urteetan torturak utzi duen arrastoa. Hain zuzen ere, hainbat garaitako 4.716 tortura testigantza dokumentatu dituzte, baina hamar milatik gora kasu egon daitezkeela ohartarazi dute.
Inoiz torturaren inguruan egin den bildumarik zabalena da Euskal Memoria fundazioak aurkeztutakoa, Egiari Zor eta Torturaren Aurkako Taldearekin batera. Euskal Memoriak azken urteetan argitaratutako lan monografikoak bezala, lan kolektibo baten emaitza da ikerketa; hainbat eragilek herriz herri egindako lanaren emaitza, hain justu.
2010ean Gernikako seme alabak lanean abiatutako ikerketari segida eman diote Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian bildumarekin. Lan hartan, joan den larunbatean aurkeztutakoan bezala, Donostia oso presente dago. Duela bi urteko lanak, tortura ez ezik, errepresioaren beste aurpegiak ere zituen hizpide. Ikerketa horren arabera, 37 donostiar hil ziren, 1960 eta 2010 artean, ekinbide polizial nahiz parapolizialaren ondorioz.
Garzon doktorea
Tortura jaso dituzten lagunez eta kopuruez gain, legedia, zigortutako poliziak eta auzi medikueu buruz ere hitz egin du Arzuagak lanean. Azken honi dagokionez, «ziegako nagusiaren morroi hutsa» izan dela azpimarratu du. Haren ustez, oso garrantzitsua da auzi medikuen lana aztertzea, haiek baitira atxilotuak torturatuak izan ez daitezen dagoen ia berme bakarra. Baina hala izan beharrean, egileak dio «zigorgabetasunaren bermatzaile» bihurtu direla, Espainiako Auzitegi Nazionalekoak bereziki.
Gogorarazi duenez, 1982a arte atxilotuak bisitatzen zituzten auzi medikuak polizien mediku berberak ziren. Orduko polizia batzuek kontatu dutenez, galdeketetan pertsona bat zegoen, eta haren funtzio bakarra bizi-konstanteak kontrolpean edukitzea zen, tratu txarraren ondorioak atzerako bueltarik gabekoak izan zitezen. Horien artean, oso ezagun egin zen Donostian lan egiten zuen Garzon doktorea.