Jose Maria Soroa (Argazkia: Maitane Aldanondo).
Soinean ia 80 urte ditu Jose Maria Soroak, baina burmuinean eta bihotzean gazte izaten jarraitzen du. Gauzak egiteko gogoz eta adorez, gainontzekoen artean bere bizitasuna zabaltzen saiatzen da.
Maitane Aldanondo
Erretiro garaia iristean, Jose Maria Soroak (Antigua, 1933) Eva edari enpresaren zuzendaritza utzi zuen, baina atsedena hartu beharrean, hamaika saltsatan sartuta dabil. Besteak beste, Gipuzkoako Nagusilanek dituen 900 boluntarioetako bat da. Horri esker, bederatzi urte daramatza munduan gehien gustatzen zaiona egiten: abesten. Bere gitarrarekin Gipuzkoako 80 zahar etxe eta egoitza bisitatzen ditu, urtean behin. Txisteak kontatuz eta betiko kantak abestuz bertako apopiloak alaitzen ditu. «Noiz itzuliko naizen galdetzen didate beti».
Zein izan da zure ogibidea?
Aitak Ilarramendi konpainia utzi zidan, eta Eva sagardo eta zuku enpresa sortu nuen. Fabrika Lekunberrira eraman genuenean erretiroa hartu nuen, eta semeek hartu zuten ardura. Atzean utzi nuen lana, eta zaharrei eskaintzen diet nire denbora.
Abestea beti izan al duzu gogoko?
1972-1979 lagun batekin herriko jaietan abesten aritu nintzen; Joxe Mari eta Mikel usurbildarrak ginen. Han bizi nintzenez, usurbildarrak ginela zioten. Long Play bat grabatu genuen, 15 abesti euskaldunekin. Laguna artista zen, baina zerura joan zen.
Zenbatean behin joaten zara egoitzetara?
Astean behin, asteazken edo ostegun arratsaldean joaten naiz. Seminarioan, Azpeitian, Azkoitian, Mutrikun eta Oñatin euskaraz egiten dut saioaren gehiena; gainontzekoetan, berriz, gazteleraz, beraiek parte hartzea nahi dudako. Tartean euskal kantak sartzen saiatzen naiz: Maritxu, gure Zirt zart …
Bestelako afiziorik ba al duzu?
Abestea asko gustatu zait beti, baita eskalatzea ere. Alpeetako eta Piriniotako 3.000ak eginak ditut. Depresioa izan nuenean, 59-61 urte bitartean 65 3.000ko igo nituen, hiru udatan. Usurbildik Arantzazura 51 bider joan naiz, eta Santiago bidea erretiroa hartu nuenetik hamar aldiz egin dut. Nik ez dut ezer erraz egiten, kopuru izugarrietan baizik.
Zergatik egin zinen boluntario?
Mundu honetako gauza onena on egitea da. Nik politika eta erlijio bana dut: Politika, ongia egin; erlijioa, hurkoa maitatu. Horrela, zerua hemen dago. Ni oso zoriontsua naiz besteentzat gauzak egiten. Nire emaztea Gurutze Gorriko boluntarioa da, gaixoak ateratzen ditu… Meza ematen laguntzen dugu; elizan berak irakurri egiten du, eta ni begirale naiz, asteburuetan.
Zergatik aukeratu zenuen Nagusilan?
Gauza bat du ona: apolitikoa eta akonfesionala da, denak onartzen ditu. Nagusilaneko jendea zoragarria da. Oso zoriontsua naiz egiten dudan lanarekin.
Nola izan zenuen elkartearen berri?
Xelebrea izan zen. Bertako idazkaria laguna dut, eta elkarrekin joaten gara mendira. Egun batean, etxean, gure diskoa entzun zuen. 30 urte ziren gitarra jotzen ez nuela. ‘A ze pena! Gipuzkoako gazteri guztia ezagutzeko aukera galduko duzu’, esan zidan. ‘Emakumeak badira?’, galdetu nion. ‘Gizonak baino gehiago’, berak. ‘Apunta nazazu orduan!’. Zaharrentzako abestuko nukeen galdetu zidanean, unean bertan baietz esan nion. 2003ko ekaina hasieran ekin nion. Ahoz aho zabaldu dute nire izena, eta gero eta leku gehiagotara joaten naiz. Oso lan polita da.
Emanaldi hauez gain, beste zerbait egiten al duzu boluntario gisa?
Bingoa kantatzera joaten naiz asteartero. Lehen, astelehen eta astearteetan joaten nintzen, baina elizan erretoreak eskatu zidan hileta guztietara joateko, eta bat utzi behar izan nuen. Asteartetan Sanitasera joaten nintzen, eta hara ostegunetan beste bat joaten denez, eta Argi Berriara ni bakarrik, astelehenetakoa utzi nuen. Linea egiten dutenean bi goxoki ematen dizkiet, eta bingoarekin, bonboia. Horiek Nagusilanek ematen dizkit.
Nola eragiten die zure ikuskizunak egoitzan bizi direnei?
Bigarren edo hirugarren kantan hasten dira abestu nahian. Oso giro polita sortzen da. Han ibiltzen dira mojak dantzan, ama nagusia lehena. Amezketan 102 urteko moja batek, Prantxiskak, eskuekin eramaten zuen konpasa. Denek noiz itzuliko naizen galdetzen didate beti. Urtean behin joaten naiz, eta sei hilabetera, beste batzuk doaz emanaldia egitera.
Adineko pertsona batek bisitatzean, identifikatuago edo ulertuago sentitzen al dira?
Gaztea joaten bada, pozten dira. Baina adinekoak bagara, hobeto sartzen gara euren giroan. Dena eskertzen dute, baina guk beste mota bateko solasaldia daukagu.
Kantutegi ezaguna izango duzu.
Denak.
La cucaracha,
Que feliz seremos los dos, 60tik gora abesti ditut.
Abesteaz gain zer egiten duzu?
Txisteak kontatzen ditut, adibidez. Batzuk berdeak direla esan nion Mutrikuko moja bati eta berak erantzun zidan: ‘Berdin da, berdin-berdin gustatzen zaizkigu!’.
Nola bizi duzu zuk zure emanaldia?
Oso lan polita da; nik berehala konkistatzen ditut, gainera. Zapatero presidente zenean esaten nien: ‘Aqui no tenemos ni crisis ni inflacion, porque como no interviene ni Zapatero , ni Botero, ni alpargatero, la actuacion siempre tiene el mismo precio: dos sonrisas vuestras. Una para el compañero y otra para mi. Sonrisas que no llenan la cartera pero llenan el corazon’. Horrela, poltsikoan ditut!
Zer jasotzen duzu zuk emanaldietan?
Nik ematen diedanaren bikoitza baino gehiago jasotzen dut. Pilotan jolasten duzunean bezala da. Zuk bota egiten duzu hormara eta bueltan datorrena indartsuagoa da. Aberastuta ateratzen naiz. Ez sinesteko kasuak daude. Orain hilabete batzuk Zumarragan emanaldia bukatzean gizon handi bat eta besotik heltzen zion emakume bat hurbildu zitzaizkidan. ‘A ze pena Errioxako abestirik ez duzula kantatu!’, esan zidan emakumeak. Errioxako kanta bat abesten hasi nintzen, eta gizonak jarraitu egin zidan. ‘Ez du hitzik egiten eta abesten ari da!’, bota zidan harrituta emakumeak.
Ez dute zu joatea nahiko.
Santo Tomas egunean mojek deitu zidaten Jesuitasera joango ginen galdetzeko. Dozena erdi abesti kantatzea nahi zuten. 17:30ean hasi ginen, lehen gabon kanta, alemanez. 19:00etan errusieraz kantatzen ari ginen. ‘Beste bat, beste bat’ hasi eta, Andre Madalen jo nien. Dantzan hasi ziren.
Erretiroa hartzean egin nahi zenuen zerbait al zen boluntario lana?
Ez, nik gauzak datozen bezala hartzen ditut. Ez zait batere inporta orria pasatzea. Gitarrarekin zoriontsua naiz, ez nuke beste ezerengatik utziko. Lan egiten nuenean kargu politak izan nituen: Espainiako muztio ekoizleen presidentea, Espainiako sagardogileen presidenteordea, hauen ordezkaria Europan… Bileretara joaten nintzenean, denek esaten zidaten: «Don’t forget your guitar» –Ez ahaztu zure gitarra–.
Zuretzat zer da zahartzaroa?
Pertsona baten bizimoduan oso aro ederra eta aberatsa da. Guk bederatzi biloba ditugu, eta senideei lagun diezaiekegu. Gauza bat dira seme-alabak, eta beste bat bilobak; erantzukizunik gabe hezten dituzu. Lan asko egiteko aukera dago. Txarrena da, beti berdinak direla gauzak egiten dituztenak
Adinekoak gauzak egitera animatu behar dira, beraz?
Bai, bai. Nik ez dut ulertzen goizean jaiki, gosaldu, eta zaharren egoitzara joatea kartetan jolastera. Etxera itzuli, bazkaldu, siesta bota, eta berriro zaharren egoitzara joatea kartetan jolastera. Beste gauza asko egitea daukagu. Etxe inguruko lorategia eta igerilekua nik zaintzen ditut. Ez naiz gelditzen. Eta perretxikotara ere joaten naiz.
Nola animatzen ditu Nagusilanek adinekoak boluntariotzan aritzera?
Urtean behin Gobernuz Kanpoko Erakundeen publizitatea egiten dugu Gipuzkoa plazan. Han ibiltzen naiz adinekoei esaten ‘zu erretiratu! Ez dakizu zer egin? Joan zaitez Nagusilaneko karpara eta fitxatuko zaituzte! Zoriontsu izango zara!’.
Denetarako denbora duzu ala zerbait gelditzen zaizu egiteko?
Bai, alemana ikastea. Zazpi hizkuntzetan moldatzen naiz. Ez ditut menderatzen, baina frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, katalana hitz egiten ditut. Nire ilusio handienetakoa zen Alemaniara joan eta frantsesek itzulpen lana egiteko eskatzea. Ingelesari gogor ematen ari natzaio, eta alemana ez ahazteko, berriro hasi naiz hori ikasten. Alemana-frantsesa metodoa aukeratu dut. Erromesekin zortea dut, egunero alemana, frantsesa eta ingelesa hitz egiten baitut. Aurten italiera ere dezente.
Santiago bidea zure etxe aurrean dago, eta erromesentzat mahaia jarria duzu. Zer laguntza ematen diezu?
Informazioa. Kostako bidea egin nuenean liburu ona eraman nuen, baina oharrak hartu nituen. Horiek biltzen dituen orri bat ematen diet denei. Donostian hasi eta Orio arteko gezi denak nik pintatzen ditut; eta hemendik bost kilometrora hodi bat sartuta dut mendian, ura atera dadin. Iturria ona da. Very good ura jarria dut, eta badaezpada, H2O. Nahiz eta ardoa jarri mahaian, ez dute edaten. Azken botila hamar egunez egon zen; ura, berriz, litroka. Egun batzuetan hamabost litro edaten dute. Gosaltzen eta bazkaltzen ere ematen diegu. Igerilekuan bainua hartu, edo hemen lo egiten ere uzten diegu.
Jende asko ezagutuko zenuen, ezta?
Mundua oso txikia da. Semea orain, zukugileen eta sagardogileen Europako presidente da. Alemanian zegoela Donostiari buruz hizketan hasi ziren. Donostia igarota, erromesentzako mahaia jartzen zuen gizon jator bati buruzko oroitzapen oso ona zutela esan omen zioten. ‘Nire aita da’ erantzun zien semeak.
Santiago bidea egina duzu.
79 urte ditut. Baina soinean, ez buruan. Erretiroa hartu ondoren, 70 urte beteko nituen urtean Platako bidea egin nuen lehenengoz. ‘Joxemari demostra ezak’ pentsatu nuen. Sevillara joan nintzen, gitarra hartuta; baina Santos de Moimonan haizea hartzera bidali nuen. 40 kilometro baino gehiagoko etapa da, urik gabe.