Doblas: "Miguel Santos izan da indarra eman diguna"
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek denboraldiko hirugarren garaipena lortu du Valentziaren aurka (76-68), Illunben. Norgehiagokako jokalari onenetako bat David Doblas izan da. Pibota erabakigarria izan da, donostiarren azken lau puntuak bereak izan baitira.
Partidaren bukaeran, Miguel Santos ohorezko presidentearentzat hitzak izan ditu, nafarra Donostiako Ospitalean baita, auto istripu baten eraginez larri zauritu eta gero. “Miguel Santos izan da indarra eman diguna”, adierazi du Doblasek.
Partidari buruz, eta hemendik aurrera geratzen den erronkari dagokionez -ACB Ligan mantentzea, alegia-, garrantzitsuena “sinestea” dela esan du. “Bihotza behar genuen, eta hori baino gehiago dugula frogatu dugu”, nabarmendu du. “Sinetsi egin behar dugu, eta talde bezala horrela defendatzen jarraitu. Zale hauekin, aurrera egingo dugu”, erantsi du.