Euskaltzaindiak Txillardegi, Karmele Esnal eta Josu Arenaza omendu ditu
Euskaltzaindiak 2012. urtean hil ziren hiru euskaltzainak omendu ditu gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian egin den ageriko bilkuran.
Une hunkigarriak bizi izan dira, hiru omendutakoen senide, lagun eta euskararen inguruko aurpegi ezagun ugari bildu baita omenaldi ekitaldian.
Jean Louis Davant euskaltzain osoak, “euskara batuaren aita” izendatu du Txillardegi. Gogoan izan ditu, Baionan eta iparraldeko beste hainbat txokotan egiten zituzten bilerak, euskara batuaren bidea sortu eta abiarazteko.Jean Louis Davanten esanetan, “Txillardegi izan da euskara batuaren aita, Koldo Mitxelena aita pontekoa, eta Euskaltzaindia, berriz, euskara batuaren ama”.
Joxe Austin Arrieta euskaltzain urgazleak, berriz, Txillardegiren idatzizko lana errepasatu du, euskarari egindako ekarpenak azpimarratuz. Umore puntu batez, Txillardegi euskara hitzarekin zeinen ongi deklinatzen den aipatu du: “euskarari Txillardegi, euskararentzako Txillardegi, euskararekin Txillardegi…”
Bestalde, Miren Azkarate euskaltzainak Karmele Esnali buruzko gogoetak eskaini ditu. Azkarateren esanetan, “hitz bakar batean defini daiteke Karmele Esnal: andereño”. Karmele Esnalek, etxean, ezkutuan, baliabide gutxirekin, euskarak une zailak bizi zituenean, euskara irakasteko egin zuen ahalegina goraipatu du Miren Azkaratek, eta Esnalen beraren hitz batzuk gogoratu ditu: “euskara garai hartan gaixo zegoen, eta guk euskarari lagundu egin nahi genion, galdu ez zedin”. Esperientzia pertsonaletatik abiatuta, Miren Azkaratek gogoratu nahi izan du, kanika eta txotx batzuekin ikasi irakatsi ziotela berari ere euskaraz idazten eta irakurtzen.
Azkenik, Xabier Kintana euskaltzainak Josu Arenaza euskaltzale, abertzale eta mediku bizkaitarraren bizitza eta euskarari egindako ekarpenak adierazi ditu. Kintanaren esanetan, “Arenazak kritika asko egin zizkion euskara batuari, eta horrek derrigortu gintuen euskara batua hobeagoa, sendoagoa egitera”. Josu Arenazak Euskaltzaindian bizkaieraren gakoak islatzen egin duen lana ere azpimarratu dute ekitaldian.
Omenaldi osoan zehar, euskarak, hitzak eta musikak girotu dute aretoa. Izan ere, Joxan Goikoetxea aritu da teklatuan eta Pier Paul Berzaitzek isilarazi du bete betean zegoen aretoa bere ahots sendo eta sarkorrarekin.